→Etxebarri

Udaltzaingoaren eta Ertzaintzaren presentzia indartuko du Etxebarrik San Antonioko jaietan

Etxebarriko udaltzainak, artxiboko irudi batean // Etxebarriko Udala-Geuria

Ekainaren 10etik 19ra bitartean izango dira San Antonioko jaiak. Jai Batzordeak Udalaren babesarekin 60 jarduera inguru antolatu ditu, eta horren harira, segurtasun-dispositibo berezia aktibatuko dute, “edozein jarrera bortitz saihesteko”. Besteak beste, udaltzainen eta ertzainen presentzia indartuko dute eta herriko hainbat tokitan kontrolak egingo dituzte, “debekatutako substantziak konfiskatzeko eta botilioia mugatzeko”. Gainera, adingabeei alkohola saltzeko debekuari buruz gogorarazteko kanpaina bultzatuko du Udalak.

Era berean, 3. Lineako igogailuaren ordutegiak mugatuko dituzte. “ETSrekin gaia aztertu ondoren, igogailura sartzeko ordutegiak ostiral eta larunbat arratsaldetan mugatzea erabaki dugu”, diote udal arduradunek: ekainaren 10ean eta 17an itxita egongo da igogailua goranzko noranzkoan 21:00etatik 02:00etara, baita ekainaren 11n eta 18an 18:00etatik 02:00etara bitartean ere. “Igogailu hori lotura elementu garrantzitsua da udalerriarentzat, baina jaietako jardueretan zehar puntu gatazkatsu bihurtu da. Bertatik sartu nahi duten pertsonen kopuru handiak hainbat gorabehera eragin ditu, baita igogailuen blokeoa ere hainbat alditan ere”, diote.

“Hori bai, udalerri barruko mugikortasuna bermatzeko eta ibilgailu pribatuaren erabilera mugatzeko, EtxebarriBusek doako ordutegiak izango ditu ekainaren 10ean eta 17an 21:00etatik aurrera; ekainaren 11n, 12an, 18an eta 19an 17:00etatik aurrera”, diote.

Protokolo berezia

Bestalde, jaietako batzordeek hainbat bilera egin dituzte udalerriko kuadrilla eta txosna guztiekin, “egoera deserosoak, bortitzak, sexistak, arrazistak edo bestelakoak identifikatuz gero jarraitu beharreko jarraibideak zehazten dituen jarduera-protokolo bat zehazteko”, diote udal ordezkariek. Batzordeen eta Jaietako arloaren ustez, kuadrillak eta txosnak “jai-paisaiaren parte diren eragileak” dira, eta edozein arazoren konponbidearen parte izan behar dute.

“Espero dugu neurri horiei esker ondo pasatzeko gogoa nagusi izango den jaiez gozatzea, eta, batez ere, bi urteko geldialdi pandemikoaren ondoren, kalera irten eta bakean eta askatasunean jai batzuk ospatu eta gozatzea”, adierazi dute Jai Batzordeko eta Udaleko ordezkariek.

Egitaraua | 60 jarduera antolatu dituzte San Antonioko jaietan, Etxebarrin

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak