→Etxebarri

San Antonioko ur-biltegia birmoldatu eta handituko du Ur Partzuergoak

Atzo ur-hornidurako bi hodi hautsi ziren Kukullaga-San Antonio eremuan eta etenda egon zen ur-zerbitzua. Dagoeneko berrezarri dute.

Haustura Osasun Zentroaren atzean gertatu zen. Orain zuloa betetzen ari dira // Etxebarriko Udala

Ur-hornidurako zerbitzua berrezarri dute San Antonion eta Kukullagan. Bilbao-Bizkaia Ur Partzuergoak amaitutzat eman du atzo San Antonion eta Kukullagan ur-hornidurako arazoa. Gauean zehar Santa Marina kalearen amaieran dagoen ur-biltegia konpontzen, purgatzen eta betetzen jarraitu dute, ur-horniduraren normaltasuna berreskuratzeko. “Une honetan, konponketa egiteko egin behar izan den zuloa betetzen ari dira. Bidea ez da martxan egongo hurrengo abisua jaso arte, zorua ondo finkatu behar baitu zolatu aurretik”, diote udal ordezkariek.

Azkenean, bi hodi kaltetu dira. Haustura Osasun Zentroaren atzean gertatu zen lur-jausi baten ondorioz.  Hodietako bat xurgatze-hodia da -bide horretan bertan dagoen ponpatze-gelarekin lotzen dena-, eta beste bat bulkatze-hodia -ura biltegiraino bultzatzen duena, gero udalerriaren goiko aldera hornitzen dena-. “Hortik dator matxuraren larritasuna”, diote udal ordezkariek.

Zentzu horretan, Santa Marina kalearen amaieran dagoen ur-biltegia birmoldatzeko eta handitzeko asmoa agertu du Ur Partzuergoak. “Partzuergoak proiektua idatzita dauka, ahalik eta eperik laburrenean lizitatu dezan ur-biltegia birmoldatzeko eta handitzeko obra. Horri esker, edukiera handiagoa izango du, eta, beraz, ur gehiago biltegiratuko da, horrelako gertakarien egoera arintzeko”, diote Udaletik. 

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak