→Etxebarri

Hiru esku-hartze burutuko dituzte Etxebarrin, matxura baten aurrean ur-hornidura ziurtatzeko

Lan-plan bat adostu dute: Santa Marina kaleko biltegia handitzea, San Antonioko osasun-zentroaren atzealdeko mendi-mazela egonkortzea, eta N-634 errepidetik ponpaketa-gelara bitarteko hodia berriro ere jartzea.

Santa Marinako ur-biltegia // Geuria

Kukullaga eta San Antonio zonaldeetan eragina izan duten ur-hornidurako sarearen azken bi matxuren aurrean irtenbideak bilatzeko eta baloratzeko bilera izan dute Etxebarriko udal ordezkariek (Loren Oliva alkatea eta Miguel Angel Herrero alkateordea) eta Bilbao-Bizkaia Ur Partzuergoko ordezkariek. Bileran bi erakundeek lan-plan egitea adostu dute, beste matxuraren bat gertatzekotan, ur-horniduraren sarearen funtzionamendua ziurtatzeko.

Lan-planak hiru esku-hartze aurreikusten ditu: Santa Marina kaleko biltegia handitzea, San Antonioko osasun-zentroaren atzealdeko mendi-mazela egonkortzea, eta N-634 errepidetik ponpaketa-gelara bitarteko hodia berriro ere jartzea. Santa Marinako ur-biltegiari dagokionez, urtea amaitu baino lehen obrak kontratatzeko prozesua hasiko dute: “Ur-biltegia handituta, matxura gertatuz gero, autonomia 12 ordutik 24 ordura igaroko da. Honen arabera, gorabehera gehienak konpontzeak ez dio hornidurari eragingo, eta kontsumorako uraren hornidura ziurtatuta geratuko da”, diote udal ordezkariek. Gainontzeko bi esku-hartzeak aztertzen ari dira: “Ur Partzuergoa mendi-mazelaren azterketa geoteknikoa egiten ari da, haren egoera zein den jakiteko eta hodien funtzionamendu egokia bermatzeko egonkortze-lanei ekin aurretik. Orain ahula eta ezegonkorra da”, diote udal arduradunek: “Hirugarren jarduketari dagokionez, ponpaketa-gela urez hornitzeko plan alternatibo gisa, N-634 errepidetik ponpaketa-gelara bitarteko hodia jarriko dugu. Zentzu horretan, ura iritsiko litzateke ponpaketa-gelara, bi bidetatik: Santa Marinako ur-biltegitik eta N-634 errepidearen beste aldetik; beraz, ‘B Plana’ egongo litzateke, horietako bat matxuratuz gero hornidura bermatzeko”.

Aurreikusita dauden esku hartzeak // Etxebarriko Udala

Azken asteetan ur-horniduran eragina izan duten bi matxura jazo dira San Antonioko osasun-zentroaren atzealdean (urtarrilaren 28an eta otsailaren 12an). Lur-jausiak izan dira mendi-mazelean eta horrek hornidura-sarean eragina izan du: “Matxura horiek lurraren ezegonkortasunak eta lur-jausi batzuek eragin dituzte, eta zuzenean eragin diete tarte horretan ia paraleloan doazen hodiei”, diote udal ordezkariek. Gaur egun ponpaketa-gela hornitzeko bide nagusia eta bakarra dago, eta, aldi berean, Santa Marina kalearen amaieran dagoen ur-biltegia husten du. Hortik hornitzen da edateko ura udalerriaren goiko eta erdiko eremura. Asmoa da iragarritako hiru jarduketekin ur-horniduraren sarearen funtzionamendua ziurtatzea.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak