Sareak

☉ Etxebarri

Etxebarri Xtreme lasterketa bertan behera uztea erabaki dute antolatzaileek

Abenduaren 6an izan behar zuen Etxebarri Xtreme lasterketak, baina etorkizuneko “ziurgabetasun egoerak” behartuta, bertan behera uztea erabaki dute antolatzaileek.

|

Argazkia: duyos fotografia/Etxebarri Xtreme

Abenduaren 6an izan behar zuen Etxebarri Xtreme lasterketak, baina etorkizuneko “ziurgabetasun egoerak” behartuta, bertan behera uztea erabaki dute antolatzaileek: “Egoerak talka egiten du gure ilusioarekin, eta egungo egoera ikusita, etorkizuneko murrizketen inguruan dagoen ziurgabetasuna kontuan hartuta, eta abentura honetan parte hartu nahi izan duzuen kirolariei ahalik eta nahasmendurik txikiena eragin nahian, Etxebarri Xtreme lasterketaren antolatzaileok 2020ko edizioa bertan behera uztea erabaki dugu”, diote: “2021ean elkarrekin eta indar handiagoz itzultzea espero dugu”. Datozen egunetan, izen-emateen kostua itzuliko dute.

☉ Etxebarri

Julene Alonso etxebarritarra laguntzeko ‘Igeri eta lagundu’ kanpaina zabalduko dute herrian

|

Julene Alonso eta bere ama Teresa duela bi urte Etxebarriko udaletxean Maratones Javi Conde ekimeneko txeke solidarioa jasotzen // Geuria

Julene Alonso Rodriguez Rett sindromea pairatzen duen 7 urteko etxebarritarra da eta bera laguntzeko ekimen solidarioa martxan jarriko dute Etxebarrin.

Hain zuzen ere, ‘Igeri eta lagundu’ kanpaina sortu dute. Ekainaren 2an, igandez, izango da ekitaldi solidarioa (15:00-19:00) eta bildutako euro bakoitzeko, Etxebarriko igerilekuan lau luze egingo dituzte herritarrek.

Gainera, dohaintzak egiteko Julenett itsulapikoak jarriko dituzte kiroldegiko sarreran, eta kontu-korronte bat zabaldu dute (ES61 2100 4952 1122 0006 1025).

Bestetik, igeri egiteko txanoak salduko dituzte 3 euroan Etxebarriko kiroldegian.

Mutazioa genetan

Rett sindromea genetan gertatzen den mutazioa da. Ondorioz, haurrak behar bezala garatzeko arazoak ditu: haurrek berba egiteari uzten diote eta eskuen erabilera galtzen dute gehienetan, kasu bakoitzaren arabera.

“Jaio eta 8-9 hilabetera tonu muskularrik ez zuela ikusi genuen”, azaldu zigun duela bi urte Teresak, Juleneren amak. Orduan, 2022an Maratones Solidarios Javi eta Jon elkarteko Javi Conde eta Jon Salvador kideek 1.500 euroko txeke solidarioa eman zieten Juleneren senideei.

Neurologia espezialitatera eraman zuten gurasoek eta autismo mota bat zela esan zieten bertan. Eta 18 hilabete egin zituenean atzerapausu oso nabarmena jasan zuen Julenek: etengabeko zapladak ematen hasi zen, etengabe hitz egiten, katamarka egiteari utzi zion eta beste hainbeste sintomekin… urte bi igaro ostean ikerketaren emaitzak eman zizkieten gurasoei: Julenek Rett sindromea dauka.

“18 urteko ume bat izatetik haurtxo txiki bat izatera igaro zen berriro Julene”. Teresaren arabera, umea guztiz dependientea da eta zainketa lan guztiak egin behar zaizkio, haurtxo bat balitz.

Osorik irakurri

☉ Etxebarri

Bideoa / Etxebarriko Euskarazko Liburu eta Disko Azokak ateak zabaldu ditu bere 20. edizioan

|

Euskarazko Liburu eta Azokak ateak zabaldu ditu Etxebarriko plazan. Aurten 20. edizioa da eta “urteurren berezi” honetan “aipamen berezia” egin nahi izan diete San Antonioko eta Bekosoloko Elena eta Koldo liburuzainei.

Azokaren irekieran (atzo, maiatzak 9), gainera, Alex Txikon eta Unai Ormaetxea izan ziren, ‘Mundu bat motxilan’ liburua aurkezten.

Euskarazko Liburu eta Azoka zabalik dago gaur (17:00-20:00) eta bihar (10:00-14:30 eta 17:00-20:30).

Era berean, azokarekin batera, kale antzerkia antolatu dute: ‘Marraka’ hankapalu ikuskizuna (maiatzak 10, 18:00), ‘DanzJolas jaia’ (maiatzak 11, 13:00) eta ‘Egun on Sikiera!’ (maiatzak 11, 19:00).

Osorik irakurri

☉ Etxebarri

Etxebarriko ‘Presa’ aisialdi guneko mahaiak erreserbatzeko zerbitzua zabalik dago urrira arte

|

Etxebarriko herritarrek lehentasuna dute mahaiak erreserbatzerako orduan // Geuria

Etxebarriko ‘Presa’ aisialdi guneko mahaiak erreserbatzeko zerbitzua hasi da eta urriaren 29ra arte luzatuko da.

Asteburuetan soilik funtzionatuko du zerbitzuak, eta mahaiak erreserbatzea 08:30etik 09:30era bitartean izango da Presa tabernan. Erreserba egiten duenak 20 euroko fidantza utziko du, “eta bukatutakoan mahaia eta eremua garbi eta egoera egokian uzten badu, fidantza itzuliko zaio”, diote udal ordezkariek. Etxebarriko herritarrek lehentasuna dute mahaiak erreserbatzerako orduan.

“Eremu hau guztion gozamenerako gunea da. Beraz, espazioa ondo erabiltzeko eta dauden arauak errespetatzeko eskatzen dizuegu, iritsi orduko zeuden baldintza beretan uzten saiatuz eta hondakinak uzteko birziklatzeedukiontziak erabiliz”, diote udal arduradunek.

Osorik irakurri

☉ Etxebarri

Mirador proiektuko etxebizitzen zozketa maiatzean egingo du Etxebarriko Udalak

|

Mirador proiektuko etxebizitzak eraikitzen hasi dira dagoeneko // Geuria

San Antonio auzoan, Institutu berriaren ondoan, 95 etxebizitza eraikitzen ari dira: babes ofizialeko 60 etxebizitza eta udal-tasazioko 35.

Etxebiden izena emanda eta udalerrian erroldatuta dauden herritarrei zozketaren berri eman zien Udalak apirilean eta eskaerak apirilaren 8tik 26ra bitartean aurkeztu zituzten. Udalak onartutakoen behin-behineko zerrenda publikatun du:

Etxebiden erosketa-aukeran izena emanda egoteaz gain, zozketan parte hartzeko baldintzak honako hauek dira: bizikidetza-unitateko pertsona bat gutxienez Etxebarrin erroldatuta egotea 2022ko apirilaren 27tik aurrera edo udalerrian erroldatuta egon izana aurreko 10 urteetatik bostetan; “hau da, bost urtez erroldatuta egon izana 2013ko apirilaren 27tik 2023ko apirilaren 27ra bitartean.

Izena emateko epea amaitutakoan, onartutakoen behin-behineko zerrendak argitaratu ditu Udalak (guztira 146 herritar daude zerrenda horretan), eta alegazioak egiteko eta akatsak zuzentzeko epe bat irekiko dute. Epe hori igarota, zozketa egingo du Udalak. Udal ordezkariek adierazi dutenaren arabera, zozketa maiatzean zehar egingo dute, oraindik data zehatzik jakin barik.

Zozketaren prozedurari dagokionez, pertsona edo bizikidetza-unitate bakoitzari zenbaki bat esleituko diote. Bi zozketa egingo dituzte: bata etxebizitza babestuetarako eta bestea tasatuetarako.

Osorik irakurri

☉ Etxebarri

Etxebarriko futbol zelaiaren sarrerarainoko bidea ireki du Udalak, “erabilera publikorako”

|

Etxebarriko futbol zelaiaren kanpoaldea berritu du Udalak. Zehazki, itxitura berria jarri diote eta sarrera nagusiko atea eta etxola kendu dituzte.

“Esku-hartze horri esker, larrialdietako zerbitzuak, hala nola, poliziak, ate hori irekitzeko edo ixteko gelditu behar izan gabe mugitu ahal izango dira”, diote udal ordezkariek.

Obra horren bidez, elizatik futbol zelaiaren sarrerarainoko bidea eta N-634 errepideko oinezkoentzako pasabidea ireki nahi izan ditu Udalak, “erabilera publikorako”.

“Proiektu honek jasotzen du, halaber, zelaiaren kanpoko hesia San Esteban etorbidetik aldatzea eta eraberritzea, eta egungo leihatila modulu aurrefabrikatu batez ordezkatzea”, diote.

Udalak 52.000 euro bideratu ditu eta obra Promociones Iturrigorrialde enpresak egin du. Lanak apirilaren 10ean hasi eta maiatzaren 6an bukatu dituzte.

Osorik irakurri