→Etxebarri

Zintururi parke berritua prest dago maiatzean Koadrila Eguna hartzeko

Lanak bukatutzat eman dituzte, baina oraindik ere zenbait gauza egitea falta da // Argazkia: Etxebarriko Udala

Zintururiko parkea eta pasealekua berritu ditu dagoeneko Etxebarriko Udalak. Zehazki, berdegunea eta bideak handitu dituzte, eta parkeko 2.300 metro karratu baino gehiago berurbanizatu dituzte. Parkea eta bideak irisgarriago egiteko baldosa eta hormigoi inprimatua konbinatu dituzte.

Era berean, harmailen zati bat kirol anitzeko pistatik kendu dute, “espazioa handitzeko eta jarduerak egitea errazteko, batez ere San Antonioko jaietan”, diote udal ordezkariek. Esate baterako, maiatzaren 7an Koadrila Eguna ospatuko dute Zintururik herriko kuadrillek.

Lanak bukatutzat eman dituzte, baina oraindik ere zenbait gauza egitea falta da. Hala nola, bainu auto-garbigarria jartzea (aurreikuspenen arabera, maiatza amaierarako egongo da), haur-jolasak eraberritzea, estalkia instalatzea eta ur-jokoak jartzea. “Eragin txiki bat izan dute egikaritzean, apirilean izandako garraio-grebaren ondorioz”, diote udal ordezkariek.

Obrak Construcciones Lasuen enpresak burutu ditu. Urtarrilean hasi zituzten lanak eta aurreikusi bezala, lau hilabete ondoren bukatu dituzte. Izan ere, apirilaren 8an berrireki zituzten berriro Zintururiko pasealekuak eta parkeak. Inbertsioa 281.000 eurokoa izan da.

Koadrila Eguna antolatuko dute berriro Etxebarrin, maiatzaren 7an

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak