☉ Etxebarri
“348 eskaera jaso ditugu herritarrak zoriontzeko, gehienak Etxebarrikoak, baina Donostiara joateko eskaera ere egin digute”
Konfinamenduan herritarrak zoriontzeko ekimena martxan jarri zuten Etxebarrin apirilaren 10ean. Ordutik 200 zorionetik gora egin dituzte zorion-taldeko boluntarioek.

Konfinamenduan herritarrak zoriontzeko ekimena martxan jarri zuten Etxebarrin apirilaren 10ean. Ordutik 200 zorionetik gora egin dituzte zorion-taldeko boluntarioek. “Ez ditugu bakarrik urtebetzeak zoriontzen, zilarrezko ezteiak eta ezkontza urteurrenak ere zoriontzen ditugu”, dio Joshua Miravalles zorion-taldeko kideak. Joshuarekin batera beste 24 boluntario daude: “Jai batzordeetako kideak eta beste elkarte batzuetakoak ere. Udaletxeko hiru zinegotzi ere boluntarioen artean gaude”, dio Joshuak.
Ekimena abian jartzearen ideia herritarrengandik jaso dute, baina zeharkako modu batean. “Izan ere, etxebarritar batzuek ikusi zuten nola bizilagunen artean balkoitik balkoira zoriontzen hasi zirela, baita batzuek udaltzaingoari eskatzen zietela argiak eta sirenak jotzeko. Orduan, ekimenarekin aurrera egitea pentsatu genuen”, dio Joshuak: “Jai batzordeei eta beste talde batzuei proposatu genien ideia eta horrela hasi ginen ekimenarekin”.
“Apirilaren 10etik gaur egunera gutxi gorabehera 230 zorion egin ditugu, eta egunero 15 herritar zoriontzen ditugu. Txikiak zein nagusiak”, dio Joshuak. Etxebarrin soilik irteten dira herritarrak zoriontzera. Hala ere, herritik kanpo ere eskaerak jaso dituzte: “Eskaerak guztira 348 izan dira; gehienak Etxebarrikoak, baina Donostiara joateko baten bat ere jaso dugu. Noski, ezinezkoa zela erantzun genion”, dio Joshuak.
Anekdota bezala gordeko dute pasarte hori, baita beste pasarte batzuk ere: “Behin bi eskaera jaso genituen bi emakumeri Zorionak Zuri abesteko. Biek 90 urte betetzen zituzten. Oso hunkigarria izan zen”, dio Joshuak: “Etxeko txikienek asko eskertzen dute gu eurengana joatea eta Zorionak Zuri abestea, baina nagusienek askoz gehiago eskertzen dute. Benetan oso hunkigarria eta betegarria da denengandik eskerrak jasotzea”. Gauden egoeran gaudela ere, esperientzia “oso polita” ari direla bizitzen dio Joshuak.
Ibilbidea zehaztu, musika jarri eta abestera
Herritarrek egiten dituzten eskaerak egunero kontsultzaten dituzte zorion-taldeko boluntarioek. “Zorionen zerrenda egunero ateratzen dugu Google-eko eskaera-inprimakitik eta arratsaldean 18:30ak aldera elkartzen gara. Herriko mapa batean egun horretako zorionak markatzen ditugu eta eta horrela ibilbide bat zehazten dugu”, dio Joshuak: “Ibilbidea behin zehaztuta, musika ondo entzuten dela frogatzen dugu eta kalera irteten gara giroa animatzera. Mozorrotuta atera ohi gara”.
Kalera irten ahal izateko babes-neurriak hartzen dituzte boluntarioek: “Eskularruak eta maskara jartzen ditugu”, dio Joshuak. “Furgonetan bakarrik bi pertsona joan daitezke. Barruak gel botila bat daukagu eta eskuak uneoro garbitzen ditugu. Era berean, egunero garbitzen dugu furgoneta, hurrengo txandan datozen boluntarioek dena garbi aurki dezaten”, dio Joshuak.
Ekimen hau Udaleko arlo Soziokulturalak koordinatzen du. Zerbitzu hau erabili nahi duenak inprimaki hau bete beharko du.
☉ Etxebarri
Beldurrezko Pasabidea antolatu dute Etxebarrin asteburuan Gau Beltzaren egitarauaren barruan

Arimen Eguna ospatuko da asteburuan Hego Uribeko udalerrietan. Etxebarrin Beldurrezko Pasabidea antolatuko dute aurten ere: ‘Ispilu beltzaren madarikazioa’.
Urriaren 31n, azaroaren 1ean eta 2an bisitatu ahalko dute herritarrek Beldurrezko Pasabidea Kultur Etxean. Jarduera doakoa da, baina interesa dutenek sarrera eskuratu beharko dute esteka honen bitartez. Oraindik azaroaren 1erako eta 2rako sarrerak daude eskuragarri.
Pertsona bakoitzak 8 sarrera lortu ahal izango ditu gehienez; izan ere, bisitak 6-8 laguneko taldeetan egingo dituzte 10 minuturo.
“Pasabide hori udazkeneko hitzordurik gogokoenetariko bat da Etxebarrin, eta belaunaldien arteko lanaren emaitza dugu”, diote udal ordezkariek: “Talka taldeko 12 eta 17 urte bitarteko gazteek eta eguneko zentroko adinekoek parte hartzen dute lan horretan, eta elkarrekin ari dira egiten izuaren etxea girotuko duen dekorazioaren zati bat”.
Tailerra gaztetxoentzat
Beldurrezko Pasabideaz gain, Gau Beltzari buruzko tailerra antolatuko du Etxebarrin Beti Batera elkarteak 3 eta 12 urte bitarteko haurrentzat.
Urriaren 31n izango da eta tailerra honakoa: sorginen txanoen apainketa eta ‘Saria edo Ziria’ jokoa.
Amezola plazan izango da tailerra eta dagoeneko plaza guztiak bete dituzte.
Jasoko duten diru guztia Julenett elkarteari emango diote, Rett sindromea ikertzearen aldeko elkarteari.
☉ Etxebarri
Ertzain batek drogetan positibo eman du Etxebarri parean izandako istripu batean
Etxebarriko industrialde batetik irteten ari zen ibilgailu susmagarri baten atzetik joan ostean, Ertzaintzako patruila-autoak istripua izan du kotxe harekin

Ertzaintzako agente batek drogetan positibo eman du Etxebarri parean gertatutako esku hartze baten ostean.
Gertaerak gaur goizaldean gertatu dira: Etxebarriko industrialde batetik irteten ari zen ibilgailu susmagarri batek ez die jaramonik egin ertzainek bere martxa gelditzeko emandako argibideei. Ertzainak ikusterakoan, ibilgailuak ihes egin du, eta modu arriskutsuan gidatu du, patruila atzetik zuela, errepidetik irten den arte. Orduan, patruila-autoak istripua izan duen ibilgailuarekin talka egin du.
Ibilgailuaren barruan hankan igeltsua zeraman gizon bat (gidaria), emakume bat eta adingabe bat zihoazen. Gidaria eta adingabea zauritu egin dira, eta Gurutzetako eta Basurtuko ospitaleetara eraman behar izan dituzte.
Kasuaz Bilboko Udaltzaingoa arduratu da, Ibarsusiko biribilgunean gertatu baita istripua. Eta, ohiko protokoloari jarraituta, ibilgailua gidatzen ari zen agenteari alkohol eta droga-test bat egin diote, eta positibo eman du drogetan.
Agenteak odoleko kontraste-proba bat eskatu du. Ertzaintzak antolaketa neurriak hartu ditu, eta, kautelaz, agente horrek ez du polizia-lanik egingo kalean; horren ordez, eta odoleko kontraste-probaren emaitzak jaso eta gertatutakoa argitu arte, barne-lanak egingo ditu.
Gertakarian inplikatutako bi agenteak bajan daude mutuatik igaro ondoren, eta ihes egindako ibilgailuaren gidaria ikertzen ari dira trafiko-segurtasunaren aurkako delitu baten ustezko egile gisa.
☉ Etxebarri
Etxebarriko herritarrek erabakiko dute zertan inbertitu 100.000 euro 2026ko aurrekontuan
Herritarrek azaroaren 6ra arte aurkez ditzakete euren proposamenak. Ondoren, Udalak azken zerrenda egingo du, etxebarritarrek bozka eman dezaten

Aurrekontu parte-hartzaileak martxan jarri ditu Etxebarriko Udalak. Herritarrek erabakiko dute zertan inbertitu behar dituen Udalak 100.000 euro datorren urteko aurrekontuan.
“Prozesu horren bidez, Etxebarriko auzotarrek udalerriarentzat onuragarriak diren ideiak eta proiektuak proposatu ahal izango dituzte”, diote udal ordezkariek.
Ekarpenak azaroaren 6ra arte aurkez ditzakete herritarrek. Horretarako bi bide dituzte: udal webgunearen bitartez (esteka honetan) edo aurrez aurre Cime eraikinera bertaratuz.
Proposamenak aurkezteko epea bukatuta, Udalak ekarpen guztiak bilduko ditu eta gehien errepikatzen diren, bideragarrienak diren eta eskuragarri dagoen esparru ekonomikora egokitzen diren proposamenen zerrenda egingo du.
Bigarren fase batean bozkatzeko epea zabalduko du Udalak eta etxebarritarrek zuzenean aukeratu ahal izango dituzte gauzatuko diren proiektuak.
☉ Etxebarri
Kuantika ardatz izango du aurten Etxebarriko Zientzia Asteak bere hamargarren urteurrenean
Umeentzako drone tailerra, kuantikari buruzko tailerrak eta hitzaldiak antolatuko dituzte azaroaren 10etik 14ra bitartean Etxebarrin

Zientzia Astea antolatuko dute beste urte batez azaroaren 10etik 14ra Etxebarrin. Aurtengoa hamargarren edizioa da eta kuantika izango da gai nagusia, eta Adimen Artifiziala ere jorratuko dute.
“Ekitaldi horren helburua da kultura zientifikoa herritar guztiei hurbiltzea eta gizartea sentsibilizatzea ikerketa zientifikoaren eta berrikuntza teknologikoaren garrantziaz”, esan du Iker Lopez alkateak.
Aurtengo egitarauan, besteak beste, umeentzako drone tailerra (frontoi barruan), energia berriztagarriei buruz kontzientziatzeko saioak, kuantikari buruzko tailerrak eta hitzaldiak antolatu dituzte.
Horretarako, EHU eta Mondragon Unibertsitatea, Tecnalia, KZgunea, BBK Herriz Herri erakundeen lankidetza izango du Etxebarriko Udalak.
Zientzia Asteko jardueretan parte hartzeko izen-emateak (doakoak) urriaren 29an zabalduko dituzte. Intertesdunek cimenet.net webgunearen bitartez edo 944 496 871 telefono zenbakira deituz eman dezakete izena.
“Horrez gain, aurten, aurreko gure Zientziaren Asteetan egin dugun bezala, gure saltokien lankidetza izango dugu, eta bezeroei hitz baten bidez kuantikak iradokitzen dienari buruzko hausnarketa egitera gonbidatuko ditugu. Ekimen hau urriaren 28tik Zientzia Astea amaitu arte egongo da martxan, azaroaren 14ra arte”, dio Ruth Martinez Cime eta Merkataritza arloetako zinegotziak.
Egitaraua | Zientzia Astea 2025
Azaroaren 10etik 14ra bitartean, programa hau hartuko du Etxebarriko Zientzia Asteak:
- Hitzaldia: “Teknologia kuantikoak, zientzia-fikziozko filmetatik errealitatera”. Alejandra Ruiz doktorea (Tecnalia)
- Hitzaldia: “Zer da adimen artifiziala”. Eneko Echarri (KZ Gunea)
- Hitzaldia: “Konputazio kuantikoaren dibulgazioa”. Aitor Moreno (LKS Next)
- Tailerra: “Digitalizazio lagunkoiko tailerra” (BBK Herriz Herri)
- Tailerra: “Googaz” (BBK Herriz Herri)
- Tailerrak: “MoIAzart tailerrak” (Mondragon Unibertsitatea)
- Tailerrak: “Zientziaren magia: mundu kuantikoa esperimentatzen du” (EHU Quantum Center)
- Robotika-tailerrak: “Mundu ikusezinak: zientzia eta robotak ekinean” (Asimov)
- Hezkuntza-tailerra: “Eguzki-konbinazioa eta zientzia kuantikoa dituzten dronen hegaldiak” (Mondragon Unibertsitatea)
- Ikuskizuna: “Abentura kuantikoa” (Eidabe)
Aurrerago egitarau zehatzagoa zabalduko du Udalak, ordutegiekin.
☉ Etxebarri
Etxebarriko liburutegi berria 2026ko udaberrirako egongo da prest
Euskaltzaleak plazan eraikitzen ari dira liburutegi berria eta Bekosolo parkekoa ordezkatuko du

Liburutegi berria eraikitzen hasi dira Etxebarrin. Euskaltzaleak plazako 11, 12 eta 13 zenbakietako beheko solairuetan eraikiko dute eta Bekosolo parkekoa ordezkatuko du.
Instalazio berriak azpiegitura modernoa eta irisgarria izango duela adierazi dute udal ordezkariek: “Bai liburutegirako sarbidea, bai liburutegiaren barruko espazioak erabat irisgarriak izango dira dibertsitate funtzionala duten pertsona guztientzat”, diote.
Lanei ekin diete dagoeneko eta aurreikuspenen arabera sei hilabeteko epean bukatuko dituzte; hau da, 2026ko udaberrirako bukatuko dute obra.
Udalak 657.000 euro bideratu ditu obra horietara eta lanak E3D 2008 S.L enpresak burutuko ditu.
Hiru gune
Liburutegi berria hiru gunetan egongo da banatuta: “Lehenengo eremuan, sarbide zentral bat egongo da, eta, bertan, mostradore bat egongo da, liburutegira mailegu bat egitera, liburu bat itzultzera edo zerbitzuari buruzko edozein informazio lortzera hurbiltzen diren pertsonei arreta emateko”, diote.
Bigarren eremua haur-liburutegiarena izango da: “Liburutegiak, ale ugariz gain, pufak eta mahai baxuak izango ditu, irakurketa txikitatik sustatzeko espazio atsegina izan dadin”, diote. Bigarren eremu hau 0-8 eta 9-13 adin tartetan egongo da bereizita.
Eta hirugarren eremuak helduen liburutegia eta lankidetzarako eremua barne hartuko ditu: “Hemen egongo da helduei zuzendutako irakurketa-material guztia, bai eta bertan irakurtzeko espazio bat ere, erlaxatzeko eta esperientzia atseginaz gozatzeko moduko mahai eta aulkiak dituena”, diote.
“Gainera, eremu horretan ikasketa-gela edo lankidetza-gela ere egongo da, 21 lagunentzako lekua duena, eta liburutegiarena berarena baino ordutegi zabalagoan sartu ahal izango da bertara. Azken espazio hori Udalak urteetan jaso duen eskaria izan da, eta proiektu berri hau ezarrita posible egin ahal izango dugu”, esan dute udal ordezkariek.








