→Etxebarri

Zubiondo errotari buruzko azterketa arkeologikoa egingo dute Etxebarrin, erabilera posibleak zehazteko

1983ko uholdeek suntsitu zuten errotaren ondoko eraikina // Argazkia: Etxebarriko Udala

Zubiondo errotaren eraikinaren historiari buruzko ikerketa-prozesua hasi du Etxebarriko Udalak Eusko Jaurlaritzako Ondarea sailarekin eta Bizkaiko Foru Aldundiarekin batera. Helburua da ondare-elementu hori aztertzea eta elementu horren kontserbazioa bermatzeko jarduerak zehaztea. Orain, Zubiondo errotaren historia eta erabilera posibleak zehazteko azterketa arkeologikoa egiteko kontratazio prozesua zabaldu du Udalak. Enpresa esleipendunak azterketa arkeologikoa egiteko baimen eskaera aurkeztu behar dio Bizkaiko Foru Aldundiari.

“Azterlan honek eraikin honen historia ezagutzeko aukera emango du”, diote udal ordezkariek. Besteak beste, ikerketa eta prospekzio-lan hauek burutuko dituzte: errotaren dokumentazio historikoa eta kartografikoa bildu; barrualdea garbitu, sastrakak kendu, eremuaren gainazala aztertu, intereseko elementuak kartografiatu; eraikinaren eraikuntza-faseak eta paper-errotaren, irin-errotaren edo ustezko burdinolaren elementuak identifikatu; eta zundaketa arkeologikoak, etorkizunean ingurunean egingo diren esku-hartze arkeologikoak baloratzeko eta ondasunaren ezagutza hobetzen eta esku hartzeko lehentasunezko eremuak identifikatzen laguntzeko.

Halaber, ondasunaren balizko erabilerak eta paisaia kontsiderazioak planteatzeko azterketa egingo dute, “elementu horren kontserbazioa bermatuko duten jarduketak definitzea ahalbidetuko duten esku-hartze arkitektonikoko irizpideak definituz”, diote.

XVII. mendekoa

Zubiondo errota Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Politika Sailaren Kultura Ondarearen webgunean erregistratuta dago, Arkeologia Ondarearen barruan, Legizamongo errota gisa. Errota XVII. mendekoa da, Erdi Aroaren ondorengoa, eta “Industriaurreko” eta “errota hidraulikoa” motakoa da. “Balizko arkeologia-gune” gisa kategorizatua dago 1997ko maiatzaren 5etik. 

“Aurkitutako dokumentazioaren arabera, XX. mendera arte irin-errota gisa erabili zuten errota, eta, seguruenik, XIX. mendearen erdialdera arte erabili zuten paper-fabrika gisa. Fitxan idatzitako oharren arabera, baliteke bere garaian burdinola gisa erabiltzea”, diote udal ordezkariek. 

80ko hamarkadaren erdialdean, Lezama Legizamon Industrialdea garatzeko hirigintza prozesuaren birpartzelazioa zela eta, Etxebarriko Udalaren esku geratu ziren Lezama Legizamon jauregia eta Zubiondo errotaren partzela zeuden lursailak. Errota familia batek okupatzen zuen, eta errota alokairu-erregimenean erabiltzen jarraitu ahal izan zuen eta bertan bizi bitartean eraikinaren mantentze lanak egin zituzten.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak