→Etxebarri

Landaketa, tailerrak eta meditazioa antolatu dituzte martxoan Etxebarriko Zuhaitz Egunean

Zuhaitz Eguna antolatuko dute martxoaren 21ean Etxebarrin. Bost jarduera desberdin prestatu ditu Udaleko Ingurumen sailak.

15 zuhaitz berri landatuko dituzte aurten Santa Marina kalean // Argazkia: Agurtzane Emaldi (2018)

Zuhaitz Eguna antolatuko dute martxoaren 21ean Etxebarrin. Nazio Batuek ezarritako Basoen Nazioarteko Egunarekin bat eginez, asmoa da baso mota guztien garrantzia goraipatzea eta herritarrengan kontzientzia sortzea. Horretarako zenbait jarduera antolatu ditu Udaleko Ingurumen sailak martxoaren 21ean, igandez. Lehen jarduera zuhaitz landaketa izango da, eta guztira 15 zuhaitz berri (arteak eta artelatzak) landatuko dituzte Santa Marina kalean, ikastetxearen ondoan, 10:30etik 12:00etara: “Herritarrei oxigenoa, ongizatea eta itzala ekarriko diete zuhaitz berriek. Familian egingo da, profesionalek gidatuta, eta 7 urtetik gorako haurrak izango dira protagonista”, diote udal ordezkariek. Jardueran parte hartzeko izena eman behar da ingurumena@etxebarri.eus helbide elektronikora idatzita martxoaren 17a baino lehen.

Bestetik, martxoaren 21ean bertan 4 eta 12 urte bitarteko haurrentzako ingurumen tailerrak izango dira udaletxeko plazan 11:00etatik 14:00etara. “Bertan, marraztu, eskulanak egin eta natura zaintzearen eta birziklatzearen garrantzia ikasi ahal izango dute”, diote. Gainera, ‘Zure aztarna Planetan’ erakusketa ikusgai egongo da 11:00etatik 14:00etara, eta 12:00etatik 13:00etara ‘Inguru Minguru. Naturarekin bat’ ipuin kontalaria (Ana Apika eta Intxixu Valbuena) izango da Kultur Etxean. Ipuin kontalariaren kasuan leku mugatuak egongo dira eta izena ematea beharrezkoa izango da esteka honetan.

Eta azkenik, 18 urtetik gorakoentzako ‘Naturarekin konektatzeko tailerra’ antolatu dute 10:00etan Ametzola parkean, Metroko L3 ondoan. Tailerrean 10 pertsonako taldeak osatuko dituzte eta beraz, interesdunek izena eman behar dute martxoaren 17ra arte ingurumena@etxebarri.eus. Euria bada, Bekosoloko txalet arrosan egingo lukete jarduera. “Besteak beste, naturarekiko eta zuhaitzekiko konexioa landuko dute, aire zabaleko zuhaitzekin meditazioaren bidez, eurekin konektatuz, euren energiarekin eta onurak jasoz”, diote udal ordezkariek.

“Jardunaldi hauen helburua da zuhaitzak eta berdeguneak balioestea, handiak eta txikiak kontserbatu beharraz heztea eta klima-aldaketa eta haren ondorio larriak arintzen lagunduko duten bizi-ohiturak sustatzea. Hori guztia Tokiko 2030 Agendaren eta Garapen Jasangarriaren Helburuen esparruan”, diote udal ordezkariek.

Zuhaitz Eguna 2021 | Etxebarri

Martxoak 21, igandea

Zuhaitz landaketa
– 10:30 Santa Marina kalean, ikastetxe aurrean
– 7 urtetik aurrera
– Izena ematea (martxoaren 17ra arte): ingurumena@etxebarri.eus

Haur tailerrak
– 11:00-14:00 Udaletxeko plaza
– 4-12 urte

Erakusketa: Zure aztarna planetan
– 11:00-14:00 Udaletxeko plaza

Naturarekin konektatzeko tailerra
– 10:00 Ametzola kalea, Metro L3 ondoan. Euria bada, Bekosoloko txalet arrosan
– 10 pertsonako taldeak
– Izena ematea (martxoaren 17ra arte): ingurumena@etxebarri.eus

Ipuin kontalaria: ‘Inguru Minguru. Naturarekin bat’
– 12:00-13:00 Kultur Etxea
– 3 urtetik aurrera
– Izena ematea (martxoaren 20ra arte -12:00-): https://www.eventbrite.es/e/143966775501

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak