→Etxebarri

Herriko kameren kontrol-zentro bat jarri dute martxan Etxebarrin, Udaltzaingoaren egoitzan

Guztira 21 kamera kontrolatuko dituzte gune horretatik: Etxebarriko sarbideetan jarritako sei eta arrapala mekanikoetan zein hiri-igogailuetan jarritako hamabost

Bost bideozaintza-kamera jarri dituzte Metroaren Kukullaga geltokiko igogailuarekin lotzen duen bidean / Geuria

Etxebarriko Udalak kontrol-zentro bat zabaldu du Udaltzaingoaren egoitzan herriko kamerak kontrolatzeko. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailaren baimena jaso ondoren, Udalak abian jarri du zaintza eta segurtasuna hobetzeko proiektua, trafiko-kamerak eta bideozaintza-kamerak erabilita. Proiektu honen helburua da bide-segurtasuna eta oinezkoen segurtasuna hobetzea, eta inbertsio handia eragin duten instalazioetan “ekintza bandalikoak eta gizalegerik gabekoak” kontrolatzea. “Horrek Udaltzaingoaren lana hobetuko eta erraztuko du. Udaltzaingoak kontrol-zentro bat izango du, eta bertan, kamera berriez gain, udalerrian daudenak konektatuko dira”, diote udal ordezkariek.

Guztira 21 kamera jarri dituzte herrian zehar. Alde batetik, sei kamera jarri dituzte udalerriko sarbideetan, ibilgailuen kontrola hobetzeko asmoz: N-634 errepidean, San Antonio hiribidearen eta San Esteban hiribidearen artean; Lezama Legizamon eta Boquete errepidean; Santa Marina kaleko biribilgunean; eta hilerriko sarreran. “Kamera horiek matrikula-detekzioa dute, eta beraz, segurtasunaren ikuspegitik oso datu interesgarriak eman ditzakete. Izan ere, susmagarriak izan daitezkeen ibilgailuak, lapurtu direnak edo beste edozein arrazoirengatik bilatzen direnak aurkitzen lagunduko dute. Gainera, trafikoarekin lotutako datuak lortzeko balioko dute: zenbaketa, puntako orduak edota trafikoaren saturazioa”, diote udal ordezkariek.

Bestetik, segurtasuna bermatzeko eta pertsonei eta ondasun publikoei eragindako kalteak prebenitzeko, Udalak sei bideozaintza-kamera berri jarri ditu, udalak arrapala mekanikoetan eta Lezama Legizamon igogailuetan zituen bederatzi kamerei gehituta. “Kamera berriak infragorriak dira, mugimendua eta argia detektatzen dituzte eta bandalismoaren aurkakoak dira”, diote Udaletik. Kamera berriak bi puntu zehatzetan kokatu dituzte: bost kamera 3. lineako igogailuaren tarteko geralekuarekin lotzeko bidean, Euskal Herria kalearekin duen loturan, eta beste bat ibilgailuen udal-biltegian.

“Udaltzaingoarentzako baliabide berri honek agenteen egutegian eta koadranteetan aldaketa ekarriko du; izan ere, udal bulegoetan presentzia handituko du zaintza egiten ari diren patruilei lagunduz eta herritarrentzako zerbitzua hobetuz”, diote udal ordezkariek.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak