→Etxebarri

Ibon Rodriguez: “Itxaron zerrenda izan dugu aurten lehen aldiz Euskaltegian, geletan ikasle gutxiago sartzen delako”

Urteak dira etxebarritarrak euskalduntzeko fabrika martxan dagoenetik. 1994. urtea zen herriko euskaltegia eraiki zutenean, eta harrez geroztik mila euskaldunberri baino gehiago atera dira Bekosolo parkean dagoen etxe horitik. 2005etik Ulibarri Euskaltegia da zerbitzuaren kudeaketaz arduratzen dena. Ibon Rodriguez (Sestao, 1978) Etxebarriko Euskaltegiko koordinatzailearekin eta irakaslearekin luze hitz egin dugu.

Zeintzuk dira Etxebarriko Euskaltegiaren helburuak?
Euskaltegi guztiok bezala gizartean zeregin garrantzitsua dugu: herriz herri Euskal Herria berreuskalduntzea, alegia. Horretarako tresnak ematen dizkiegu herritarrei, aintzat hartuta, adibidez, zein maila daukaten edo bakoitzak zein helburu dituen. Gaur egun, azterketek zeharkatzen dute ia irakas sistema guztia. Gure helburua da Etxebarrin euskaldun osoak sortzea, hau da, ikaslea hemendik ateratzea denean kalean euskaraz bizitzeko gai izatea, egunerokoan.

Zein da Euskaltegiaren funtzionamendua?
Euskaltegi homologoatua da eta HABEk (Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzerako Erakundea) eskatzen dituen beharretara egokitzen gara. Herriko biztanle kopuruaren araberako gutxieneko ikasle kopuru bat behar da ikasgeletan. Orain, covid-a dela eta, zazpi ikasle behar ditugu eskola presentzialak bermatzeko. Covid-a baino lehen 14-15 ikasle izaten genituen gela bakoitzeko.

Koronabirusak, hortaz, eragina izan du zuen funtzionamenduan.
Bai, gelak egokitu behar izan ditugu, eta aurten, Euskaltegiko eraikin honetatik kanpo ere beste gela bat erabili behar izan dugu, talde batean ez zirelako ikasle guztiak sartzen. Udalak beste baliabide bat eman zigun, ondoko eraikin bateko gela batean eskolak eman ahal izateko. Asmoa izan da herritarrik ez geratzea zerbitzurik gabe. Zoritxarrez, koronabirusak ekarri digu ikaslearen disposizioa klasean ezberdin planteatzea. Lehen ikasleek elkarri begiratu ahal zioten, eta orain ez. Eztabaidatzea, adibidez, askoz zailagoa da: bizkarra ematen diote elkarri, gainera segurtasun distantziak daude. Gizarte osoak bezala egoera berrira egokitu behar izan dugu.

Zenbat ikasle ditu gaur egun Etxebarriko Euskaltegiak?
180 ikasle inguru ditugu, baina ikasturte honetan 230 ikasle izatera ere heldu gara, beti daudelako mugimenduak: bajak eta altak, beste batzuek azaroan azterketa gainditu eta ez dute Euskaltegian jarraitu. Ohikoa da joan-etorriak egotea.

Covid-agatik ikasle kopurua jaitsi da aurreko urteekin alderatuta?
Ikasleak gutxiago etorri dira eskola presentzialetara, eta online autoikaskuntzan buru-belarri aritu gara danok. Pandemiagatik izan da hori. Hala ere, gelak bete-beteta ditugu. Urtetik urtera aurrematrikulazioek goranzko joera dute. Inoiz ez dugu izan itxaron zerrendarik, baina aurten lehenengoz bai izan dugu. Ez da ikasle gehiago daudelako, baizik eta ikasgeletan gutxiago sartzen direlako. Orduan, batek baja ematen duenean itxaron zerrendako hurrengoa sartzen da. Ezin dugu askoz malabarismo gehiagorik egin. Oraintxe bertan, adibidez, ez dugu inor itxaron zerrendan. Ikasle guztiei tokia bilatu diegu.

Matrikulazioetan goranzko joera dago, Etxebarri herria bera ere handitu delako azken urteetan.
Hala da. Metroa 2005ean heldu zen Etxebarrira eta hori oso garrantzitsua izan zen, herriaren biztanleria bikoiztu egin baita azken 16 urteetan. Horrek ekarri du Etxebarriko Euskaltegiak ikasle gehiago hartzea.

Hain zuzen ere, 2005ean hasi zen Ulibarri Euskaltegia Etxebarriko Euskaltegia kudeatzen.
Bai, Ulibarri Euskaltegiak 2005etik kudeatzen du Etxebarriko Euskaltegia. Lehiaketa publikora atera zen Udal Euskaltegia eta Ulibarrik irabazi zuen. Gerora ere beste bost bat lehiaketa irabazi ditu. Etxebarrin gure nortasuna eta gure irakasteko modua ezarri nahi izan ditugu. Eta, bide horri jarraituz, denboraren indarren, hezkuntza-abantaila batzuk herriari eskaini.

Bekosolo parkearen erdian dago Etxebarriko Euskaltegia / Geuria

Esaterako?
Etxebarrik bere mugak ditu, hau da, ezin gara ordu guztietan, maila guztietan aritu, ez dagoelako jende nahikorik hori posible egiteko. Horregatik, Etxebarriko eskaintza osatzeko gurean egon litezkeen hutsuneak Bilboko euskaltegian betetzea. Alde horretatik, badira urtero Etxebarriko 50 ikasle inguru Bilbora doazenak euskara ikastera. Adibidez, udako ikastaro trinkoak ez dira urtero egiten Etxebarrin, agian ez dituzulako bertako zortzi ikasle lortzen helburu horiek dituztenak, eta orduan Etxebarriko zenbait ikasle Bilbora bideratzen ditugu ikastaro horiek egin ditzaten. Bilbon eman ahal diegu Etxebarrin eskaintzen ez ditugun zerbitzuak. Gainera, Etxebarriko Udalak Bilbora doazen ikasleei matrikula merketzen die. Udalak tasa bereziak ezartzen ditu Etxebarriko biztanleentzat, bertan ikasi zein Bilboko Ulibarri Euskaltegian ikasi.

Etxebarrikoa ez da Udal Euskaltegia, baina Udalak lagundu egiten du.
Hala da. Etxebarrikoa ez da euskaltegi publikoa, baina Udalak egiten duena da lehiaketa publikora atera euskaltegiko kudeaketa. Bete behar ditugun baldintza batzuk eskatzen dizkigu. HABEk markatzen ditu parametro batzuk, Udalak gero tasak ezartzen dizkie ikasleei eta baliabide fisikoak ematen dizkigu. Horrez gain, Euskaltegia txertatuta dago Udalaren Euskara Planean, eta horrek esan nahi du pieza garrantzitsua garela plan hori gauzatzeko. Elkarlanean aritzen gara beti, eta haiek planteatzen dituzten ekintzetara animatzen ditugu gure ikasleak.

Desberdintasunik dago Etxebarriko Euskaltegiaren eta inguruko herrietako beste euskaltegien artean?
HABEk euskaltegi guztietan ezartzen ditu gutxien baldintza batzuk. Adibidez, gutxieneko asistentziak edota hasieran eta amaieran bete behar diren txostenak. Horrek euskaltegi guztien oinarriak definitzen ditu. Nire ustez, Etxebarriko Euskaltegiak duen balio handiena da oso egokitua dagoela bertako biztanleen ezaugarrietara. Bilboko ikasleen izaera eta Etxebarrikoena, adibidez, oso desberdina da. Hemen herritarrek elkar ezagutzen dute euskaltegira etorri aurretik, eta Bilbon, ez. Gainera, ikasleek euren artean dituzten elkarrizketak herriaren ingurukoak dira. Tokian tokiko gauzei buruz hitz egiten dute ikasgelan: izan Geurian agertutako berri baten inguruan edo Hirix plataforma lokalean ikusi duten zerbaiti buruz.

Esango zenuke elkar ezagutze horrek erraztu egiten duela Euskaltegitik kanpo euren artean euskaraz hitz egitea?
Errazten du, bai. Eta guk, irakasleok, egoera hori baliatu behar dugu ikasleak jabetu daitezen. Batez ere herriko jendea dator Euskaltegira eta hemendik kanpo topo egingo dute kalean. Badakite nor ari den euskara ikasten edo nor den euskalduna. Hortaz, bai, erraztu egiten du.

Euskara sustatzeko zenbait ekintza daude Etxebarrin. Esaterako, Berbalapiko.
Berbalapiko egistasmoa Udalak eramaten du aurrera, baina aurten taldetan elkartzea askoz zailagoa denez, ekarpena egin dugu Euskaltegitik eta bikotekako funtzionamendua proposatu dugu. Online egiteko aukera dute, baina kalean binaka elkartzen dira. Guztira, lauzpabost bikote sortu dira eta astean behin elkartzen dira euskaraz hitz egiteko. Guk hori kudeatzen dugu eta asmoa da bikoteak txandakatzea, ikasleak eta partaideak euren artean gehiago ezagutu daitezen. Hori bai, gu ez gaude bikote horien barruan irakasle lana egiten.

Euskaltegian Zebarri aldizkaria ere argitaratzen duzue.
Proiektu oso berezia da guretzat. Zebarri aldizkari formatuan jaio zen 1997an eta urtean behin edo bitan argitaratzen zen paperean ikasleek egindako edukiekin. 2019ko Gabonetan publikatu genuen azkenengo paperezko alea. Pandemia zela eta, erabaki genuen ez zela egokia buzoietan uztea eta orain dago impasse momentu batean. Oraindik ez dakigu ekainean alerik kaleratuko dugun.

Eta irratia martxan jartzea erabaki zenuten iaz.
Paperezkoa kolokan dagoenez, beste euskarri bat bilatu genuen eta konfinamenduan abiarazi genuen Zebarri Irratia. Gogoeta egin genuen eta egoerari buelta emateko sortu genuen irratiaren ideia. Ordubeteko bi irratsaio egin genituen itxialdian, eta iazko Gabonetan, paperezkoaren ordez, beste irratsaio bat egin genuen. Maiatzean laugarren irratsaioa publikatuko dugu. Helburua da ikasleek klaseko irakaspen akademikotik aldenduta, euskara erabiltzea eta haiek nahi dituzten gaiak lantzea, bakoitza bere mailarekin. Ez ditugu akatsak zuzentzen. Ahozko azterketak prestatzeko aukera bezala ikusten dituzte ikasleek irratsaioak.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak