Aurten ez da Kukullagako jairik ospatuko. Irailean ospatu behar ziren, baina egungo egoerak behartuta, jaiak bertan behera uztea erabaki du Kukullagakoak Elkarte Soziokulturalak.
“Barreak, pozak, une onak, dibertsioa, ahalegina, baina batez ere auzotarren arteko batasuna. Horixe esan nahi dute guretzat Kukullagako jaiek. Zoritxarrez, aurten, erantzunkizun ariketa batean, erabaki dugu 2020ko Kukullagako jaiak bertan behera uztea. Gustatuko litzaiguke jai hauek pandemiaren amaieraren ospakizun izatea, eta horrekin batera, eskerrak eman nahi genizkieke gure auzokide guztiei azken hilabeteetan egin duten ahalegin handiagatik”, diote sare sozialetan zabaldu duten mezuan.
Kukullagakoak Elkarte Soziokulturala lanean jarriko da 2021eko jaiak antolatzeko: “Auzoan bizi izan diren jairik onenak izan daitezen lanean hasiko gara”, diote.
