Etxebarriko atari guztietara “era irisgarrian” iristea izango da Herriaren Ahotsa-La Voz del Pueblo (LVP) udaltaldearen erronketako bat
Herriaren Ahotsa-La Voz Del Pueblo (LVP) talde independentea egonkortu egin da Etxebarrin. Duela 28 urte iritsi zen alkatetzara eta ordutik agintzen du Etxebarrin. 2019-2023 legealdiari begira, Loren Oliva aurkeztuko da berriro alkategai eta honakoa hirugarren legegintzaldia izango luke. Eskualdean lehenengo eta bigarren alderdi bozkatuenaren arteko aldea nagusiena da Etxebarrin: gaur egun 13 zinegotzi ditu LVPk eta EH Bilduk (bigarren bozkatuena) 2. EAJk eta PSEk zinegotzi bana dute.
Legegintzaldi berrirako proposamenei erreparatuta, LVPk irisgarritasuna eta mugikortasun unibertsala lortzeko urrats berriak emango ditu: “Azken urteotan irisgarritasun eta mugikortasun unibertsala lortzearen aldeko lana eta proiektuen ondoren, legealdi honetarako Etxebarriko atari guztietara era irisgarri batean iritsi ahal izatearen aldeko apustua egiten du gure taldeak”, diote. lldo horretan, zenbait ekintza proposatzen dituzte LVPtik: Santa Ana kaleko irisgarritasuna hobetu, Nafarroa kalean igogailu bat eraiki, Lezama Legizamon kalearen atzealdean dauden eskaileren ondoan beste igogailu bat instalatzea, eta Galizia kaleko 1-3-5 atarien irisgarritasuna hobetu.
Bizikleta sarea handitzea Bilborekin eta Basaurirekin
Mugikortasun jasangarriaren atalean, Etxebarriko bizikleta bidearekin aurrera egitea proposatzen dute LVPtik, baita Bilborekin eta Basaurirekin komunikazioa erraztea ere: “Aintzinako Arratiako Tranbiaren tunela eta trenbidearen bitartez Bilbo eta Basaurirekin lotzen gaituen oinezkoen eta bizikleta bidearen aukera lantzea da gure asmoa. Horretarako Bizkaiko Foru Aldundiarekin elkarlanean arituko gara”, diote.
Bizikleta sarea handitzearekin batera udalerriko zenbait puntutan hobekuntzak egitea proposatzen dute: N-634 errepideko pasabidea eta San Esteban etorbidea konektatzen dituen oinezkoen bidea eta etorbide berean dagoen semaforo eremuan oinezkoentzako segurtasunean hobekuntza; Kukullaga parkeko oinezkoen bidea zabaltzea; eta San Antonio etorbideko biribilgunea eta Ganguren Mendi kalea lotzen dituen bidea handiagotzea.
Kanpo mugikortasunari dagokionez, Galdakao-Usansolo Ospitalearekin tren-bidezko konexioa hobetzea aldarrikatuko du LVPk. “Gainera, gure herrian kanpoko ibilgailuek sortzen duten arazoa murrizteko trenbidearen alboko beste eremuetan disuasio-aparkaleku berriak sortu daitezela eskatuko dugu”, diote.
