→Etxebarri

Elikagai bilketa antolatu du Munduaz Blaik Etxebarrin eta Basaurin, Saharara bidaltzeko

// Munduaz Blai

Sahararen aldeko elikagai bilketa hasi du Etxebarriko Munduaz Blai Elkarteak. Otsailean zehar, hilaren 28ra arte, Etxebarriko, San Antonioko eta Baskoniako Eroski supermerkatuetan elikagaiak biltzeko kutxak izango dira, eta Kukullaga ikastetxean (hiru eraikinetan) ere elikagaiak jasoko dituzte. Hegaluzea oliotan, sardinak oliotan, olioa, pasta, arroza, lekaleak, azukrea eta konpresak eskatu dituzte Munduaz Blaitik.

“Helburu orokorra da sahararren bizi kalitatea, osasuna eta ongizatea hobetzea. Edozein ekarpen eginda, txikia izanik ere, sahararren desnutrizio patologia murrizten lagun dezakegu. Gure egunerokotasunean erosten ditugun elikagaiak kanpamentuetan bizi direnentzat konponbidea izan daitezke”, diote Munduaz Blaitik. Hain zuzen ere, Tindufeko errefuxiatuen kanpamenduetara bidaliko dituzte elikagaiak Sahararen aldeko euskal karabanaren bitartez.

Iaz, pandemia zela eta bertan behera geratu zen elikagai bilketa: “Azken bi urteak oso gogorrak izan dira errefuxiatuen kanpamentuetan ere: 2021ean ez zen elikagai bilketarik egin, bi urtez ez da kooperanterik abiatu errefuxiatuen kanpamentuetara eta Marokoren errepresioa egunez egun areagotu egin da. Horregatik, saharar herriak gure laguntza behar du. Parte hartu bilketan!”, diote.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak