→Etxebarri

Sergio Barcenilla: “Etxebarriko kiroldegian euskaraz normaltasun osoz hitz egin ahal izateko lan egingo dugu”

Arigune izango da Etxebarriko kiroldegia Euskaraldian. Sergio Barcenilla kiroldegiko arduradunarekin izan gara

Ezkerrean, Sergio Barcenilla; eskuman, Etxebarriko Euskaraldia herri batzordea

Etxebarriko kiroldegiak Arigune bezala eman du izena Euskaraldian. Kiroldegiko langileen %75ak ulertu egiten du euskara eta horietatik % 40a hitz egiteko kapaz da. Sergio Barcenilla Alvarez (Bilbo, 1978) Etxebarriko kiroldegiko arduraduna da. “2018ko Euskaraldian belarriprest izan nintzen. Esperientzia interesgarria, oso gustura sentitu nintzen eta euskara gehiago erabiltzen lagundu zidan”. Orain arigune bateko partaide izango da.

Kiroldegia aurten, arigune!
Entitate bezala eman dugu izena Euskaraldian. Udaleko Euskara Zerbitzutik aukera zabaldu ziguten eta hasieratik baiezkoa erabaki genuen. Batetik, kiroldegian ahalik eta gehien euskaraz egiten saiatuko gara iniziatiba honekin. Bestetik, euskara gure eguneroko jardueretan gehiago sartzea bilatuko dugu. Orain dela bi urte antolatu zen Euskaraldian ere parte hartu genuen eta ordutik harremana mantendu dugu herriko Euskaraldia batzordearekin. Aurten gure parte-hartzea erabat naturala izan da eta elkarri laguntza emateko harremanetan gaude.

Etxebarriko kiroldegiko langileetatik zenbatek ulertzen duzue euskara?
Langileen %75ak ulertu egiten du euskara. Horietatik % 40ak euskaraz hitz egiten du eta % 35ak euskara ulertu egiten du, baina zailtasunak ditu hitz egiteko. Kiroldegiko langileen % 25ak soilik ez du euskararik ulertzen. Kiroldegi barruan gero eta gehiago berba egiten dugu euskaraz. Nahiz eta langile oso desberdinak egon, adinari dagokionez, jatorriari dagokionez edota euskara mailari dagokionez, eguneroko komunikazioetan eta informazioetan euskararen presentzia nabarmena da.

Eta zein rol hautatuko dute kiroldegiko langileek dinamikan?
Kiroldegi barruan Belarriprest gehiago egongo dira. Gehiengoak ulertu egiten du, beraz, aukera ezin hobea da hitz egiteko orduan lotsa galtzeko. Tradizionalki kirola gaztelaniaz irakatsi da eta langileek euren lana gaztelaniaz egin izan dute. Euskarara salto egitea zaila da eta denbora behar da, baina poliki-poliki lortuko dugu.

Herri Batzordea, letrak artez, eurak bizkarrez / Euskaraldia Etxebarri

Zein berrikuntza egongo dira erabiltzaileekin duzuen harremanean?
Erabiltzaileak kiroldegira sartzen direnean euskara normaltasunez erabiltzen laguntzea izango da gure helburua. Etxebarri bezalako herri batentzat garrantzitsua da hori. Hitz egiteko lotsa galdu behar da. Guk euskaraz hitz egitera animatuko ditugu, eta horrek berak gure lana euskaraz egitera ere eramango gaitu. Bide horretan, euskarazko masterclassak antolatuko ditugu, areto ezberdinetan musika euskaraz jarriko dugu, batzarrak edota erakusketak ere antolatuko ditugu.

Eta Euskaralditik kanpo bada euskarazko ikastarorik kiroldegian?
Haurrekin egiten ditugun ikastaro guztiak euskaraz dira. Etxebarriko haur gehienek -denek ez esatearren- euskaraz dakite, beraz, euskarazko eskaintza egitea oso garrantzitsua da. Etorkizunean euskarazko ikastaro gehiago antolatzeko asmoa dugu, ez bakarrik haurrei zuzendutakoak.

Nola animatuko zenituzke herritarrak eta kiroldegiko langileak zein erabiltzaileak Euskaraldian parte-hartzera?
Etxebarri ezagututa, konturatuko zara oso gutxi behar dela jendea animatzeko. Baina esango nieke aurreiritziak alde batera utzi behar direla eta lotsa galdu behar dela. Etxebarrin jende askok daki euskaraz, egunero batean edo bestean entzuten dena baino gehiago. Hizkuntza-ohiturak aldatu behar dira eta horrela herria aberatsagoa bihurtuko dugu.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak