Sareak

☉ Galdakao

Ainhoa Alvarez: “Nire aurretik jokatu zutenek ez zuten kontraturik ere izan, eta haiei esker, nik soldata bat izan dut”

Zazpi denboraldiz elastiko zuri-gorria jantzi ondoren, futbola utzi du Ainhoa Alvarez galdakoztarrak. Bere ibilbideaz aritu gara berarekin.

|

Zazpi denboraldi egon da Athleticen Ainhoa / Utzitakoa

Geuria #064 Uztaila
Irakurri osorik PDFan

Ainhoa Alvarez Ajuria (Galdakao, 1994) Athleticeko jokalariak futbol profesionala utzi du. Aurtengoa bere azken denboraldia izan da zuri-gorriz jantzita. Hala ere, kirolari lotuta egoten jarraituko du. Izan ere, Jarduera Fisikoa eta Kirolaren Zientzietan graduatu ondoren (EHU), Bigarren Hezkuntzako eta Batxilergoko irakaskuntzan aritzeko oposaketak egingo ditu.

Zazpi denboraldi eman dituzu Athleticeko lehen taldean. Baina Lezamara aurretik iritsi zinen. Esan daiteke zure bizitza erdia Lezaman eman duzula. Athleticen futbolari bezala aritzeak bizimodua erabat aldatzen dizu, egunerokotasunean nahiz eta entrenatzen ez aritu edota egun libreetan futbolari izaten jarraitzen duzu. Besteak beste, atsedena, elikadura, familia eta lagunekin aisialdiko planak mugatzen dizkizu, eta hau hainbeste urtetako ohitura bihurtuta, oso barneratua daukat nire bizimodu estiloan. Gainera honek guztiak pertsona moduan hazi eta hezi nau. Athleticen pertsona ugari ezagutu ditut urtetik urtera, jokalariak, medikuen zerbitzuko kideak, entrenatzaileak… guztiengandik zerbait ikasi dut, eta horrek pertsona bezala orain naizena izatera eta futbolari bezala heldu naizena izatera eraman nau. Asko daukat haiei eskertzeko. Momentu izugarriak bizi izan ditut, beti gogoan izango ditudanak. Noski, momentu zailak ere bizi izan ditut, baina ez nuke ezer aldatuko, guztietatik zerbait ikasi dut.

Athleticen eman dituzun urte hauetan guztietan zein izango da beti gogoratuko duzun momentua? Zaila da hainbeste momenturen artean bakar batekin geratzea. Hasteko, lehenengo oroitzapena lehen taldearekin egindako debuta izan daiteke. Lezaman jokatu nuen eta familiak ere une hori nirekin bizitzeko aukera izan zuen. Baina agian momenturik onena Liga txapelketa irabaztea izan da. Nire lehen urtea zen lehen mailako jokalari bezala, eta nahiz eta normalean titular ez izan, taldekideen lesioak zirela-eta jokatzeko aukera izan nuen zenbait partidutan. Denboraldi osoan bizitako presio hori, partiduz partidu taldeak egindako esfortzua, liga irabazteko ilusio hori, eta noski irabazi ondorengo ospakizunak, betirako izango ditut gogoan.

Momentu onak bizitzeaz gain, hain onak ez direnak ere bizi izan dituzu. Tartean, 2016an eskuin belauneko aurreko lotailu gurutzatua hautsi zenuenekoa. Bai, kirolari bezala lesioek min handia egiten dute. Eta denbora luzerako lesioa izanda, askoz gehiago. Denboraldiko bigarren partidua zen, momentu zaila, ikusita gainera, denboraldi horretan hasieran behintzat jokatzeko aukera handiagoak nituela. Lesio hori aurretik sufritua nuen, banekien zer zetorren atzetik. Hala ere, berehala egoerari buelta eman nion eta oso gogotsu eta baikor hartu nuen errehabilitazioa. Lesioek taldetik asko urruntzen zaituzte, momentu bakarti asko daude. Nik uste horrek asko indartu nauela pertsona bezala.

Ainhoa Alvarez / Utzitakoa

Urte luze hauetan anekdota asko izango dituzu buruan gordeta. Anekdota asko egon dira! Entrenamenduetan barre asko egiten dugu, batez ere, norbait ezustean erortzen denean. Erabiltzen ditugun materialak kaltegabekoak diren arren, uztaiak, pikak, manikiak, ikusi ez eta sekulako kolpeak jaso ditugu. Niri, zorionez, ez zait askotan pasa, baina taldekideenak, nahiz eta urteak pasa, oraindik gogora ekartzen ditugu maiz. Milaka anekdota daude kontatzeko.

Zein izan da zuretzat partidarik bereziena? Ez dakit bereziena izan den, baina lehen gola sartu nuenekoan emozio asko bizi izan nituen, denak batera. Ez naiz golegilea; horregatik, agian, bereziagoa izan zen. Partida irabazi genuen, gainera. Egun polita izan zen.

Futboleko zein jokalari izan duzu erreferentziatzat? Nire erreferenteak, edo gehien begiratzen nituen jokalariak, nire postuan jokatzen zutenak ziren. Ikusi eta ikasi. Jokalari hori bere momentuan Iraia Iturregi zen, nolabait, jokatzeko era, jokalari estiloa, nire antza hartzen nion eta horregatik agian izan da erreferenteetako bat.

Eta zein aurkariri izan diozu errespetu gehien? Talde nagusienei, Bartzelona edo Atletico Madril, adibidez. Pertsonalki ikusita, talde horietako aurrelariak, hurbiletik markatu behar nituenak. Horiek izan dira errespetu gehien ematen zidatenak. Talde oso indartsuak dira, eta jokalari guztiei izan diet errespetua. Bat esan beharko banu, Atleticoko Ludmila; ikaragarrizko abiadura dauka, gutxik dute gaitasuna horri aurre egiteko.

Jokalari beteranoekin aldagela partekatu duzu. Adibidez, Iraia, Arrate, Ainhoa Tirapu, Vanessa Gimbert, Irune Murua, Erika. Aholkurik emango zizueten gazteenei. Bai. Aholkuak beti jaso izan ditugu. Hasieratik bukaerara jarraitu dudan aholkua da ‘lana, lana eta lana’. Nire aldetik, dudan guztia eman dut zelaietan, eta entrenamenduetan hustu egin naiz. Nagusiagoak direnak gazteek duten onena ateratzen saiatzen dira. Gazte izanda, gertatu izan da, ez direla kontziente non dauden eta kontzentrazio eta beharrezko lan hori ez dutela % 100ean beti jarraitzen. Uste dut alde horretatik espero zena bete dudala.

Aurten futbol profesionala utziko duzu, baina kirolari lotuta jarraituko duzu. Noiz hartu zenuen erabakia? Erabaki zaila izango zen. Denboraldi hasieran erabakia hartu nuen honakoa azken denboraldia izango zela. Erabaki zaila bai, baina nire egoera ikusita beharrezkoa.

Azken entrenamenduak, partidak… zelan bizi izan dituzu? Gainera, koronabirusa tarteko. Behintzat, futbolari agur esateko aukera izan dut, entrenamenduetan izan bada ere. Gogoa nuen entrenatzera joateko, eta batez ere, taldekideekin azken egunak partekatzeko. Ez da amestutako agurra baina, zerbait behintzat bada. Niretzat amestutako agurra izango zen Lezaman partida jokatzea, lagunak eta senideak harmailetan daudela. Pena eman dit horrela utzi behar izanak.

Gaur egun ez dira bateragarriak ikasketak eta kirol profesionala? Bateragarriak badira, baina kudeaketan esfortzua eskatzen dute. Orain gero eta gehiago. Goizetan entrenatzen dugu eta ordu gehiago ematen ditugu. Nire unibertsitate garaian, entrenamenduak arratsaldetan ziren. Egunero Gasteiza joan behar nuen, klaseak bukatu eta ia-ia gidatu ahala bazkaldu, eta jarraian Lezamara entrenatzera. Zaila izan da, baina ez ezinezkoa. Gainera, beharrezkoa, emakumeok futbolaz gain, ikasketak ezinbestekoak ditugulako.

Urte batzuetatik hona aldaketa positiboak eman dira emakumezkoen futbolean. Besteak beste, Lehen Mailako emakumezkoen futboleko lehen lan-hitzarmena. Orain arte, emakumezkoen futbolak ez du interesik piztu. Ez dago gogorarazi beharrik zer nolako gizartean bizi garen, ilararen azkenean gaude emakumeak, emakume izanagatik soilik. Azken urteetan, aldiz, emakumezkoen futbolarekiko interesa piztu egin da eta horrek, taldeen apustua handitzea ekarri du. Profesional kontratua izatea, gehiago entrenatzea, Ligen eta jokalarien maila hobetzea ekarri du apustu horrek, eta azkenean erakundeak ere jokalariei entzuteko prest azaldu dira. Egoera hobetzen doa pixkanaka. Argi dago denon partetik gehiago jarrita hobekuntzak lehenago iritsiko direla.

Emakumezkoen futbolean aurrerapausoak eman diren honetan, pena gehiago ematen dizu zelaietan ezin jarraitzeak? Ez, penarik ez dit ematen. Poztu egiten nau etorkizuneko neskatilek egoera hori biziko dutelako. Hau zikloka doa, nire aurretik jokatu zutenek ez zuten kontraturik ere izan, eta haiei esker, nik soldata bat izan dut, nire etapan lehen lan-hitzarmena lortu da. Emakume guztiok egindako talde lanaren emaitza izan da. Harro sentitzen naiz, kolektibo honetan denok batera eta noranzko batean lan egin dugulako.

Athleticera lotuta egoten jarraituko duzu nolabait? Athleticzale sutsua naiz. Partidak ikustera Lezamara hurbilduko naiz, ezin izan dudarik.

Gustatuko litzaizuke noizbait etorkizunean Athleticen talde teknikoan lan egitea? Egia esan, ez dut horretan pentsatu. Ez dut nire burua horretan ikusten, baina batek daki, agian prestatzaile fisiko bezala gustatuko litzaidake.

Azken urteetan Galdakaoko zenbait jokalari izan zarete aldi berean Athleticen lehen taldean. Harrobia badago Galdakaon? Baliteke. Lehen, nesken futbol talde indartsua zegoen Galdakaon. Pena ematen dit desagertu izanak. Orain badirudi neska talde txikiren bat badagoela herrian, eta bestela, mutil taldeen artean ere bai. Ziur hemendik urte batzuetara beste emakumezko galdakoztarren bat agertuko dela egunkarietan.

Zelan bizi da Galdakaon azken urteetan herriko hiru jokalari (lau bere garaian) Athleticen lehen taldean aritu izana? Liga irabazi genuenean, 2015/2016 denboraldian, detaile oso polita egin ziguten udaletxean. Liga txapeldun bezala txapela entregatu ziguten, ekitaldi hunkigarria izan zen. Uste dut taldekideen artean gu izan ginela bakarrak nolabaiteko aitortza jaso genuenak. Horrek asko esaten du.

Baloiari eman zenizkion lehenengo ostikoak txikitan izango ziren. Egia esan, txikitatik izan dut baloia hanketan. Lan Bide taldean eman nituen lehen ostikadak. Garai hartan ez zegoen neska talderik Galdakaon, ni nintzen taldeko neska bakarra.

Txikitan beste kirolik praktikatu duzu, futbolaz gain? Kirola praktikatzea beti gustatu zait. Ikastolan eskola kirolean nengoen, berdin zitzaidan esku pilota, saskibaloia… Hala ere, futbolean hasita nengoela, handik urte batzuetara, ikusi nuen korrika egitea asko gustatzen zitzaidala, eta Galdakaoko Atletismo Taldean izena eman nuen. Garai horietan lehenengo atletismo entrenamendua nuen eta jarraian, futbol entrenamendua.

Hasiera horietan, zelangoa zen egoera Galdakaon? Aukerarik bazenuten neskek futbolean jokatzeko? Lehen esan bezala, Galdakaok ez zuen une horretan nesken talderik. Ikastolako taldean bazeuden hiruzpalau neska futbolean jokatzen zutenak, hala ere, nik Lan Bide taldera joateko erabakia hartu nuen, mutilekin jokatzera. Handik urtebetera, nesken Lan Bide taldea sortu zuten eta hortik aurrera Galdakaoko emakumezkoen futbola hasi zen. Apurka apurka egoera hobetuz doa.

Zer esango zenioke futbolean hasten ari den ume bati? Aurrera jarraitzeko. Zaila da hain gazte izanik, norberaren ingurukoek (izan gurasoak, familia, gizartea orokorrean) ez baldintzatzea. Bakoitzak nahi duena egitera animatuko nituzke, eta besteen erabakiak beti errespeta ditzatela. Futbolean hasten den umeak, futbola gustuko duelako jokatzen du, eta filosofia hori bukaerara arte presente izan behar du: futbolaz eta futbolarekin disfrutatzea, horren atzetik beste gauza asko datozelako. Bai Athleticen bai Galdakaoko taldean.

ZAZPI URTEZ ZURI-GORRI. 2009an iritsi zen Athleticeko lantaldera Ainhoa, La Mercedetik eratorria. Hasieran talde filialetan ibili zen eta ondoren, 2014ko maiatzaren 5ean lehen taldearekin debuta egin zuen. Juan Luis Fuentesek, bigarren taldeko fitxa zuenean eman zion aukera Athleticek Collerenseren aurka 2 eta 0 irabazi zuen Lezamako partida batean. Debuta egin eta urtebetera, liga titulua lortu zuen Joseba Aguirre aulkian zegoela.

Guztira, zazpi denboraldi eman ditu Ainhoak Athleticen eta 71 partida jokatu ditu eta bi gol sartu ditu Lehen Mailan. “Erdiko atzealdean indar fisiko handia eta sendotasuna erakutsi duen jokalaria izan da. 2016ko irailean, eskuin belauneko aurreko lotailu gurutzatua hautsi zuen Huelvako Sportingen zelaian, Ligako bigarren jardunaldian, eta hurrengo denboraldiaren hasieran jokatzeko prest egon zen”, diote Athleticetik.

☉ Galdakao

Bertan behera Galdakaoko kale garbiketan astelehenetik aurrera aurreikusita zegoen greba

Bi urteko akordioa sinatu dute sindikatuak eta enpresak, eta Galdakaoko Udala bitartekari lanetan aritu da

|

Galdakaoko kale garbikuntzan bi asteko greba deitua zuen ELA sindikatuak datorren astelehenetik aurrera. Sindikatuko ordezkariek adierazi zutenaren arabera, urtebete baino gehiago zeramaten Andra Mari aldi baterako enpresa-elkartearekin (Enviser eta Serkom enpresek osatua) hitzarmena negoziatzen, emaitzik gabe.

Gauzak horrela, eta enpresak KPIa baino soldata eguneratze askoz txikiagoak eskaintzen zituela ikusita, datorren apirilaren 15ean hasi behar zuten greba enpresako 33 langileek.

Gaurkoan, baina, eta Udalak jakitera eman duen lez, bi urterako akordioa erdietsi dute enpresak eta sindikatuak, “udalaren bitartekaritza lanarekin”.

Osorik irakurri

☉ Galdakao

Galdakaoko Udalekuetan 560 plaza eskainiko dituzte: izena ematea zabaldu dute

|

Artxiboko irudia // Galdakaoko Udala

Uztailaren 1ean emango dio hasiera Galdakaok Udaleku denboraldiari. Oraindik hiru hilabete falta dira, baina Udalak izena emateko epea zabalduko du apirilean.

Guztira 560 plaza eskainiko dituzte Aperribaiko, Urretako eta Gandasegiko Udalekuetan, 4 eta 11 urte bitarteko haurrei zuzenduta (2013ko urtarrilaren 1etik 2020ko abenduaren 31ra bitartean jaiotakoek).

Izena ematea apirilaren 10etik 21era bitartean izango da. “Plazak izen-emate dataren hurrenkeraren arabera onartuko dira, eta lehentasuna izango dute gure udalerrian erroldatuta dauden haurrek”, diote udal ordezkariek. Izen-emateak www.galdakao.eus webgunearen bitartez egingo dira. “Nolanahi ere, laguntza behar izanez gero, hitzordua eskatu ahal izango da Galdakaoko Udaleko Euskara Arloaren telefonora deituta: 944 010 540”, diote.

Hiru txandatan eman ahalko da izena: lehena uztailaren 1etik 12ra izango da, bigarrena uztailaren 15etik 26ra, eta aldi osoa uztailaren 1etik 26ra arte.

“Gurasoei lana eta familiaren zaintza bateragarri egitea errazteko asmoz, aurten ere jantoki zerbitzurako aukera egongo da, eta haurrak utzi eta jasotzeko ordutegi malgua izango da. Beraz, ordutegi osoa 08:30etik 15:30era luzatzeko aukera izango da”, diote Udaletik.

Osorik irakurri

☉ Galdakao

Sormene egitasmoaren doinua izango den kanta aukeratzeko lehiaketa zabaldu dute Galdakaon

|

Gotzon Barandiaran, Sormeneko arduraduna // Geuria

Sormene egitasmoak kanta propioa izango du. Oraindik, ordea, ez dago sortuta, eta horregatik kanta aukeratzeko lehiaketa zabaldu dute.

Galdakaoko musikariek edo partaideen artean galdakoztarrak dituzten taldeek aurkeztu ahal izango dituzte haien proposamenak apirilaren 8tik maiatzaren 6ra bitartean.

“Kantak Sormeneren izaera transmititu behar du, zer den eta herritarrontzat duen balioa; euskal sortzaileen lana sustatzea eta erakustea jomugan duenez, kanta euskaraz izan behar da, edozein estilotakoa eta 2-3 minutu bitarteko iraupena izan behar du”, diote egitasmoko arduradunek.

Interesatuek sormenegaldakao@gmail.com helbidera bidali beharko dute grabaketa edozein formatutan eta txostentxo bat honako informazioarekin: abestiaren letra idatzia, erabilitako instrumentuak eta zuzenekorako beharrizan teknikoak (mikroak, bozgorailuak, aulkiak, atrilak…).

Galdakaoko artista profesionalek osatutako epaimahai batek aurre ebaluazio bat egingo du, eta lehiaketa bera maiatzaren 17an izango da Elexaldeko Basoa tabernan 21:00etatik aurrera.

“Aurkeztu diren artista guztiek zuzenean interpretatuko dute haien proposamena eta azken deliberazioa egin ondoren jakinaraziko du erabakia epaimahaiak”, diote. Aukeratutako artistak abesti baten grabaketa profesionala jasoko du saritzat.

Lehiaketa Udaberriko Sormeneren egitarauaren barruan antolatu dute. Izan ere, Udaberriko Sormene maiatzaren 16tik 18ra bitartean izango da. “Programa itxi gabe dago oraindik, baina bitartean lehiaketa martxan dago”, diote.

Osorik irakurri

☉ Galdakao

Txakurrentzako 550 metro kuadroko gune berria egokitu dute Berezikoetxen, Galdakaon

|

Berezikoetxeko aparkalekuaren ondoan egokitu dute txakurrentzako gune berria // Galdakaoko Udala

Txakurrak solte ibiltzeko gune berria egokitu du Galdakaoko Udalak Berezikoetxeko aparkalekuaren ondoan.

Gune berriak 550 metro kuadroko azalera du eta txakurrak eta euren jabeak eroso egon daitezen egokitzapenak egin ditu Udalak.

“Gunea hesi batek babestuta dago eta txakurren sartu irtenak seguruago egiteko ate bikoitza jarri dugu. Farolak, aulkiak, paperontzia eta txakurrentzako zein pertsonentzako bi altuerako iturria ere jarri dugu”, diote udal arduradunek.

Era berean, zuhaitzak landatu dituzte, “gerizpea ere egon dadin”. Eta aulkiak dauden eremuan lurzorua zementuzkoa da, “jabeen erosotasuna eta garbitasuna bermatzeko”, diote Udaletik.

Osorik irakurri

☉ Galdakao

Galdakaoko kale garbikuntzan bi asteko greba deitu du ELA sindikatuak

|

Greba apirilaren 15etik aurrera deitu du ELA sindikatuak // Artxiboko irudia: Galdakaoko Udala

Galdakaoko kale garbikuntzan bi asteko greba deitu du apirilean ELA sindikatuak. Sindikatuko ordezkariek adierazi dutenez, urtebete baino gehiago daramate Andra Mari aldi baterako enpresa-elkartearekin (Enviser eta Serkom enpresek osatua) hitzarmena negoziatzen, eta momentuz hobekuntzarik lortu ez dutela salatu dute.

“Enpresak KPIa baino soldata eguneratze askoz txikiagoak eskaintzen ditu, eta negoziazioa ahalik eta gehien atzeratzen saiatzen ari da”, salatu dute ELA sindikatuko ordezkariek.

Gauzak horrela, “langileen erosteko ahalmena defendatzeko asmoz eta negoziazioa blokeatuta dagoenez”, apirilaren 15etik aurrera bi asteko greba deitu du sindikatuak. Galdakaon 33 langile dira guztira.

Era berean, Galdakaoko Udalari, zerbitzuaren kontratatzaileari, bitartekari lanak egiteko eskatu dio ELA sindikatuak, langileei KPIren araberako soldatak bermatzeko.

Osorik irakurri