→Galdakao

Aitor Baraia: “Mindfulness eta meditazio tekniketan trebatuta, erabat sendatu nintzen”

Aitor Baraia (Galdakao, 1993) galdakoztarraren bizitzak 180 graduko bira eman zuen gaztea zela. 22 urte zituela lesio batek futbol mundutik urruntzera behartu zuen. Hala ere, bere burua “modu berezian” ongi prestatu eta bizitzako oztopoak gainditu dituela esan daiteke.

Gaztetan lesio larria izan zuen Aitor Baraia galdakoztarrak. Lau hilabeteko epean erabat osatu zen, autosendaketa teknikak erabiliz / Geuria

Aitor Baraia (Galdakao, 1993) galdakoztarraren bizitzak 180 graduko bira eman zuen gaztea zela. 22 urte zituela lesio batek futbol mundutik urruntzera behartu zuen. Hala ere, bere burua “modu berezian” ongi prestatu eta bizitzako oztopoak gainditu dituela esan daiteke. Ogibidez futbolaria ez den arren, oso harreman estua du kirolarekin. Izan ere, prestatzaile fisikoa da, eta egun Alavesen dihardu lanean, hirugarren mailakoak prestatzen.

Laburrean, nor da Aitor Baraia?
26 urteko galdakoztarra naiz. Kirola txikitatik praktikatu izan dut, eta unibertsitatera arte futbolean aritu nintzen. Unibertsitatean Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietako Gradua ikasteari ekin nion, baita arbitro izateko ere. Ikasketak amaituta, oso argi neukan futbolera lotuta bizi nahi nuela eta horrela hasi nintzen, Athleticen prestatzaile fisiko bezala. Gaur egun, Alavesen nabil lanean hirugarren mailako futbolariak prestatzen. Hori da nire helburua eta horretan ditut jarrita gogo guztiak.

Futbolari lez, zein izan da zure ibilbidea?
Galdakaon hasi nintzen futbolean, bertako futbol taldean. Ondoren, Basauriko Basconian eta Indartsu taldeetan jokatu nuen. Futbolari bezala, hortxe bukatu zen nire ibilbidea, eta arbitratzen hasi nintzen, Unibertsitateko ikasketekin nenbilela.

Ibilbide laburra lesio larri batengatik.
22 urte nituela ospitaleko ohe batean esnatu nintzen bat batean. Ibili ezinik nengoen, ohetik altxatu ezinik, eta ospitalera eraman ninduten. Bi egun eman nituen bertan eta zenbait proba egin ostean, bi hernia diskal antzeman zizkidaten. Hamar pauso aurrera egitea ere eragotzi egiten zidan lesio hark. Nire bizitzako zortzi hilabeterik gogorrenak eta luzeenak pasa nituen.

Tarte horretan dena baztertu behar izan nuen: prestatzaile fisikoaren lana, nire kirol zaletasunak, baita lagunak ere. Ezin nintzen etxetik irten eta sendatze prozesu luzea egin behar izan nuen. Medikazioarekin hasi nintzen, sendatzeko gai izango nintzela pentsatuta, baina tratamenduak aurrera egiten ez zuela ikusita, medikuek operatzeko gomendioa egin zidaten. Ebakuntza azken aukera zen, nire bizitzarekin aurrera egiteko azken aukera, baina kirola gehiago ez nuela praktikatuko adierazi zidaten medikuek. Momentu horretan egoerak gainezka egin zidan.

Ebakuntza egitea erabaki zenuen?
Hasiera batean bai. Operatzea erabaki nuen, baina ebakuntza baino bi egun lehenago Interneten Jhon Kabat Zinn mediku eta idazle amerikarraren artikulu bat irakurri nuen. Autosendaketaren inguruan lan egiten du Kabat Zinnek. Pazienteak, euren emozioak kontrolatuz, autosendatu egiten direla argudiatzen du. Artikulu hori irakurrita, nire ametsei uko ez egiteko nire azken aukera hori zela pentsatu nuen, autosendatzearena. Orduan, ebakuntza bertan behera utzi eta tratamendua bera ere uztea erabaki nuen.

Eta ondoren zer?
Txinatar medikuntzaz, fisika kuantikoaz edota psikologiaz ehun liburu baino gehiago irakurri nituen. Gizakiaren gorputza eta giza-adimena ezagutzeko liburuak ziren gehienbat, Jhon Kabat Zinnen metodoak fidagarriak ote ziren ziurtatzeko. Ondoren, Mindfulness eta meditazio tekniketan trebatu nintzen, eta lau hilabeteko epean erabat sendatu nintzen.

Zuk zeuk zeure burua sendatu zenuen.
Zaila dirudien arren, erabat sendatu nintzen. Liburuak irakurri bakarrik ez, liburuak ikasi ere egin nituen. Nire hausnarketa guztiak koaderno batean idazten hasi nintzen, eta psikologiako lehen oinarriak aplikatuta, nire egoerak hoberantz egin zuela ikusi nuen. Alaiagoa nintzela eta ilusioz nengoela, nire emozioak, zailtasunak eta oztopoak hobeto kudeatzen hasia nintzela nabaritu nuen.

Nolakoa da bidea?
Zure burua ezagutu behar duzu aurrena. Buruak gure bizitza zuzentzen du, estimuluak sortzen dizkigu eta gure barnean dauden erreakzio kimikoetan du eragina. Ondo gaudenean prozesu kimiko hormonal jakin batzuk eratzen dira gure barnean eta horrek ondo sentiarazten gaitu. Eta gaizki gaudenean, kontrakoa. Burua kontrolatzean dago gakoa. Eta hori nola egiten da? Bada, pentsamendu negatiboak ekidinez, zuregan konfiantza handituz, zure trebetasunen inguruan baikorra izanez edota presazko konklusioak ateratzeari utziz. Hori lortuta, meditazioa da garrantzitsua.

Gero eta gehiago entzuten dira Mindfulness bezalako teknikak gurean.
Bai. Teknika hauek berriak dira mendebaldean, baina ekialdean oso errotuta daude. Zerbait mistikoa dela uste dugu hemen, tenpluetan espiritualek baino ez dutena erabiltzen. Eta guztiz erratuta gaude. Burua kontrolatzen laguntzeko teknikak dira. Budismoarekin ere gauza bera gertatzen zaigu. Hemen uste dugu erlijio bat dela, baina ez: bizitza-filosofia bat da.

Zure erabakiarekin senideak eta lagunak harrituta utziko zenituen, ezta?
Nire gurasoek eta medikuek zoratuta nengoela esan zidaten hasieran. Existitzen ez zen sendatzeko metodo bat jarraitu nahi nuela adierazi zidaten. Hala ere, oso konbentzituta ikusi ninduten eta aurrera egiten utzi zidaten. Gurasoak psikologoak dira eta ulerkorragoak izan ziren. Bestetik, lagunek ez zuten ezer jakin. Gerora izan zuten horren berri. Ondoren, izan nuen bilakaera ikusita, jarraitu nuen bidea ulertu zuten. Baina ulertzeko zaila izan zen prozesua. Istorio oso inspiratzailea zela esan zidaten ingurukoek, eta hori ardatz hartuta zerbait egiteko asmoa nuen galdetu zidaten askok.

Orduan erabaki zenuen liburuak idaztea.
Bai. Hiru liburu argitaratu ditut oso denbora gutxian. 100 liburu horiek irakurri ondoren, koadernoan nituen nire hausnarketetan 25 ohar baino gehiago idatzi nituen eta abiapuntu horretatik lehenengo liburua idatzi nuen: ‘El master de la vida’. Hilabete batean bukatu nuen liburua, eta bigarrenarekin (‘El master de la felicidad’) eta hirugarrenarekin (‘El master del sentido’) hasi nintzen. Bost hilabetetan hiru liburuak publikatu nituen.

Zein da liburuekin lortu nahi duzuna?
Asmoa da nire istorioa jendearekin partekatzea. Jendea inspiratzea. Ez bakarrik nik izan nuen lesio bera dutenak inspiratzea, baizik eta hobeto bizitzeko erremintak bilatu nahi dituztenak inspiratzea da nire helburua. Bakoitzak dituen barne gatazkei zelan aurre egin adierazten dut liburuetan. Gure gorputza barrutik ezagutzeko urratsak islatzen ditut liburuetan. Txikitatik irakasten ez digutena. Ez dut niretzako inolako irabazirik nahi. Liburuen salmentarekin lortzen dudan dirua gastuak ordaintzeko erabiliko dut. Hau da, liburuak interesdunei bidaltzeko edota sare sozialetan publizitatea jartzeko.

Hausnartzeko bidea ere ireki nahi duzu.
Bai. Medikuntza alternatiboa badagoela ikusarazi nahi dut. Medikuek ere hausnartu dezaten nahi dut. Medikamentuez gain, autosendatzea bilatzen duten beste irtenbide batzuk badaudela erakutsi nahi dut. Eta ez gaizki ulertu, ez diot medikamentuek ez dutenik erantzunik ematen; kasu batzuetan aukera bakarra da, baina beste batzuetan ez. Eta bestela, begiratu dezatela nire kasua. Nirea bezala beste hainbat kasu egongo dira.

Gaur egun Alavesen diharduzu presta- tzaile fisiko bezala. Ikasitakoa jokalarie- kin aplikatzen duzu?
Saiatzen naiz, bai. Ezkutuan bada ere. Bizitzeko modu bat da eta lesioaren ondorioz ikasi dudan guztiari esker beste modu batean ikusten dut bizitza. Buruak orokorrean gure bizitza gobernatzen du, eta prestaketa fisikoari dagokionez, burua eta gorputza lotuta daude. Bakoitzarekiko ezagutza eta jokalariek hausnarketa egitea bilatzen dut, zelaietatik kanpo bada ere.

(aitorbaraia.com webgunean eros daitezke gazte galdakoztarrak idatzi dituen liburuak)

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak