→Galdakao

Ane Valencia Laso (Mairi Emakume Batza): “Emakumeok gure espazioak behar ditugu esperientziak partekatzeko”

Mairi Emakume Batzako aurkezpen argazkia / Mairi

Elkarte feminista berria eratu dute Galdakaon: Mairi emakume feminista batza. Ane Valencia (Galdakao, 1992) da elkarteko presidentea. Ahalduntzeari buruz hausnartzeko eta, “emakumeen arteko aliantzak eraikitzeko” gunea izateko asmoz eratu dute elkartea. Batza honen helburuak izango dira emakumeen aurkako indarkeria salatzea, biktimei laguntza eta orientazioa eskaintzea, eta genero indarkeriaren inguruko jarrerak, mitoak eta estereotipoak desagerraraztea. Azaroan egin dute elkartearen aurkezpena eta egun 35 bazkide ditu.

Galdakaok elkarte feminista berria du: Mairi emakume feminista batza.
Adin ezberdinetako emakume talde bat elkartzen hasi ginen aspaldi. Bakoitzak proposamen desberdinak zituen, eta erabaki genuen proiektu horren inguruan talde bat sortzea, topaketetan agertutako planteamenduak gauzatu ahal izateko. Kezka eta ekarpen horiei guztiei forma eman ahal izateko bitartekoa da Mairi.

Nondik dator Mairi izena?
Mairi aparteko indarra duen sexu femeninoko jenio bat da, herri sinesmenaren arabera. Mairi, kondairak dioenez, Euskal Herrian bizi izan zen gizakirik zaharrena da, eskuz garraiatzen zituen Arradoi mendiko haitz erraldoiak trikuharri eta gazteluak eraikitzen zituzten lekuetaraino. Gure logoak emakumeek garai hauetan izan behar dugun indarra eta batasuna adierazten du, elkarri eskua eman behar diogu eta elkarrekin borrokatu behar dugu berdintasunaren alde.

Aurkezpenean esan bezala, “emakumeen arteko aliantzak eraikitzeko” sortu duzue elkartea.
Emakumeen aurkako indarkeria salatuko dugu, genero-indarkeriaren biktima diren emakumeei zuzendutako baliabide erabilgarriei buruzko laguntza eta orientazioa emango dugu, eta genero-indarkeriaren inguruko jarrerak, mitoak eta estereotipoak ere desagerrarazi nahi ditugu. Ahalduntzeari eta emakumeen arteko aliantzak eraikitzeari buruzko gogoeta-guneak eskainiko ditugu. Gainera, autoestimua eta bizi-kalitatea hobetzen saiatzeko lan egingo dugu, emakumeei gehien eragiten dieten arazoen aurrean dauden ohitura eta jarrerei buruz hausnartuz. Beste zeregin garrantzitsu bat emakumeen memoria historikoa berreskuratzen jarraitzea da.

Ane Valencia Laso / Geuria

Zenbat lagunek osatzen duzue Mairi?
Mairik oraintxe bertan 35 bazkide ditu. Galdakaoko jendea dago, Etxebarrikoa, Getxokoa… adinari dagokionez, 27 eta 67 urte arteko emakumeak ditugu, ez dugu adin bakar bat ere diskriminatzen. Are gehiago, gu guztiontzat aldeko puntua dela uste dugu, ekimen ezberdinak martxan jarri ahal izateko. Bego Ormaetxea presidenteordea da, Amaia Betolaza idazkaria, Cristina Diaz diruzaina, Ane Irazola, Olga Fernandino eta Jessica Martinez bokalak eta ni neu presidentea.

Taldea irekia da?
Bai, Mairi elkarte irekia da eta bertan parte hartu nahi duten emakumeentzat zabalik dago. Gurekin harremanetan jarri nahi izanez gero, idatzi helbide elektroniko honetara: mairigaldakao@gmail.com. Mairi espazio bat da, non emakumeek askatasun osoz hitz egin ahal izango duten. Pertsonalki uste dut bakarrik gaudenean modu desberdinean hitz egiten eta jarduten dugula. Horrek ez du esan nahi gizonek ezin dutenik gure tailer, hitzaldi edo jardueretan parte hartu. Berdintasuna lortu nahi badugu, gizonek eta emakumeek elkarrekin lan egin behar dugu.

Noizean behin elkartu egingo zarete, orduan.
Bilerak egingo ditugu, bai barnekoak elkarteko bazkideekin, bai herritar guztiei zuzendutakoak. Zubiaurretarren kaleko 7. zenbakian utzi diguten lokal batean biltzen gara, eta egiten dugun tailer edo solasaldi motaren arabera, lokalean bertan egin ahal izango dugu, edo bestela Udalari eskatuko diogu Torrezabal Kultur Etxeko edo Gandasegiko gelak uztea.

Epe laburrean, ertainean eta luzean ekintzarik antolatuko duzue Mairitik?
Azaroaren 25ean Santi Brouarden egin zen genero indarkeriaren aurkako kontzentrazioan izan ginen, emakume asko hurbildu zitzaigun elkartea bera ezagutzeko eta etorkizuneko tailer eta hitzaldien ideiak emateko. Epe laburrean Mairiko bazkideekin tailer bat egingo dugu laster, elkar ezagutzeko eta beraiei gustatuko litzaizkiekeen jarduerak edo tailerrak lehenesteko.

Mairi emakume feminista batzako zuzendaritza batzordea / Mairi

Galdakaon eta Usansolon gaur egun Momoak, Usansolokoa, Erabide, Basandere eta Mairi elkarteak lanean ari zarete.
Galdakaoko elkarte feminista guztiak ezagutzen ditugu. Are gehiago, elkarteren bateko ordezkariak etorri ziren gure aurkezpenaren egunean, eta eskertzen dugu keinu hori. Mairi oraintxe hasi da lanean, beste elkarte batzuekin hitz egingo dugu, baita beste udalerri batzuetakoekin ere, zer egiten ari diren ikusteko eta guk zer ekarpen egin dezakegun ikusteko.
Elkartearen aurkezpenean, esaterako, Izaskun Landaida Emakundeko zuzendaria izan genuen. Egun horretan Izaskunek esan zigun bere laguntza genuela behar genuenerako. Emakunden ahalduntze jardunaldiak egiten dira, genero indarkeria… guztietara joango gara.

Galdakaon Emakumeen Etxea eraikitzeko asmoa agertu da askotan.
Andra Enea bezalako eraikuntzek Galdakaoko emakumeentzako espazio propioa eskaintzen dute. Jakina da emakume askok espazio propioa behar dutela bakarrik jasaten duten diskriminazioaren aurrean (Virginia Wolf – A room of one ‘s own). Horrelako guneetan esperientziak partekatuz konturatzen direlako emakume guztiek sufritzen dutela! Eraikuntzak berak eskola bat izango luke ahalduntzea indartzeko, eta emakume asko erakartzeko balioko luke. Ea errealitate bihurtzen den.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak