→Galdakao

Hitzaldi eta eztabaidetan emakume adituen presentzia areagotzeko manifestua sinatu du Barrualde-Galdakao ESIak

Barrualde-Galdakao Erakunde Sanitario Integratuan profesionalen % 70 baino gehiago emakumeak direla dio Jon Guajardo zuzendari gerenteak.

Manifestua Europako Parlamentuaren Espainiako Bulegoak sustatu du // Argazkia: Barrualde-Galdakao ESI

‘Non daude emakumeak’ manifestua sinatu du Barrualde-Galdakao Erakunde Sanitario Integratuak (ESI), hitzaldi eta eztabaidetan emakume adituen presentzia areagotzeko. Manifestua Europako Parlamentuaren Espainiako Bulegoak sustatu du, eta besteak beste, helburu hauek ditu: gizonez bakarrik osatutako aditu-taldeak saihestea, emakumeek Europar Batasunaren aurrerabidean duten eginkizuna eta ekarpena ikusaraztea, eta “Emakumez osatutako adituen sareak” sortzea sustatzea. Gauzak horrela, Barrualde-Galdakao ESIak helburu horiekin bat egin du.

“Ekimen horri atxikitzea gure erakundeko Erantzukizun Sozial Korporatiboaren estrategiaren parte da, hamarkada bat baino gehiago baitaramagu horretan lanean. Gainera, jakitun izan behar dugu gure profesionalen % 70 baino gehiago emakumeak direla”, dio Jon Guajardo Barrualde-Galdakao ESIko zuzendari gerenteak: “Hemendik aurrera, erakunde sinatzaile gisa, ESI honek konpromisoa hartzen du urtero gure ekitaldietan hizlari gisa zenbat emakume adituk parte hartu duten barne-zenbaketa egin eta aztertzeko. Horrela, kopurua pixkanaka hobetzen joateko konpromisoa hartuko da”.

Barrualde-Galdakao ESIa 17 osasun zentrok (Amorebieta-Etxano, Amurrio, Arrigorriaga, Basauri, Bermeo, Etxebarri, Galdakao, Gernika, Gernikaldea, Igorre, Kareaga, Landako-Durango, Laudio, Lekeitio, Markina, Matiena-Abadiño eta Ondarroa) eta bi ospitalek osatzen dute (Galdakao-Usansolo eta Gernika-Lumo).

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak