→Basauri

Gasolindegiak herrian jartzea arautzeko plana onartu du Basaurik

Kautelaz etenda geratu da bizitegi-lurzoru hiritarrean edo bere inguruneetan jarduera-lizentziak ematea, plana behin betiko indarrean sartu arte.

San Migelen eskatutako gasolindegi-proiektua ez da gauzatuko // Geuria

Basauriko Udalak hasierako onespena eman dio udalerrian gasolindegiak eta erregaiak hornitzeko instalazioak jartzea arautzeko planari. Planak gasolindegien kokapenari buruzko hirigintza-baldintzak arautzen ditu, honako hauetan oinarrituta, besteak beste: garatu beharreko jarduera mota, zeintzuk diren horrelako instalazioak hartu ahal dituzten eremuak, tokiko esparruetaraino edota erabilera babestuetarako eraikinetaraino zaindu beharreko distantziak, azpiegiturek bete beharreko eraikitze-baldintzak eta arkitekturan eta paisaian integratzekoak.

“Esate baterako, ez da onartuko aipatutako jarduera garatzea elkarren ondoko lurzatietan, baldin eta lurzati horien aurrealdeek kale berera ematen badute edo zuzen-zuzen babes bereziko eraikuntzen aurrean badaude. Bide-sistema gisa kalifikatutako lurzatietan ere ezingo da horrelako azpiegiturarik jarri”, diote udal ordezkariek.

Gauzak horrela, kautelaz etenda geratu da bizitegi-lurzoru hiritarrean edo bere inguruneetan jarduera-lizentziak ematea, plana behin betiko indarrean sartu arte. Ildo horretan, San Migelen eskatutako gasolindegi-proiektua edo etorkizunean udalerriko edozein tokitan jarduera bererako aurkezten den beste edozein proiektu ez da gauzatuko. “Behin betiko onespena eman aurretik, dena dela, alegazio-epe publikoa zabalduko da”, diote udal ordezkariek.

Eremu espezifikoak eta eremu sentikorrak

Araudiak eremu espezifikoak eta eremu sentikorrak aurreikusten ditu, azpiegitura berriak instalatu ahal izateko. Eremu espezifikoak izango lirateke nagusiki jarduera ekonomiko eta komertzialak hartzen dituzten lurzoruak (Sidenor-Lapatza, Zabalandi, Zabalandi iparraldea edo Ibarreta bezalako industriaguneak), eta horietan posible izango da horrelako hornikuntza-zerbitzuak jartzea, baldin eta planean ezarritako baldintza guztiak betetzen badituzte: “Jarduera aurrera eraman ahal izateko lizentzia lortzeko aurkeztuko den proiektu teknikoan frogatu beharko da irisgarritasunari eta mugikortasunari lotutako arazoak egokiro ebatziko direla. Eta, kasu guztietan, bide publikoa oztopatu gabe ibilgailuak zain, geldi eta aparkatuta egoteko, eta zamalanak egiteko gune bat gorde beharko da partzelan. Sarbideei dagokienez, berriz, ibilgailuak instalazioetara sartu eta bertatik irteteko bideak diseinatuko dira inguruneko bideak aintzat hartuta, trafikoan eta eremu publikoan ahalik eta inpaktu txikiena izan dezaten”, diote udal arduradunek.

Eremu sentikorrak babes berezia behar dutenak dira (San Migel bizitegi-eremua 0, San Migel Mendebaldea bizitegi-eremua 03, Basconia 05 bizitegi-eremua eta Basconia 01 eremu mistoa), eta horietan ezingo da ibilgailuetarako erregaia hornitzeko instalaziorik jarri, eremu horietako ingurune-, ondare- eta morfologia-balioak babestuta gera daitezen. “Debeku hori indarrean egongo da eremu sentikorren kanpoko mugatik 100 metroko babes-banda batean ere bai”, diote Udaletik: “Hornikuntza-instalazioek 100 metrotara egon beharko dute, gutxienez: haur hezkuntzako, eta lehen eta bigarren hezkuntzako ikastetxeengandik (haurtzaindegiak barne), osasun- eta laguntza-zentroengandik, ospitaleengandik, klinikengandik, egoitzengatik, kolektibo zaurgarrientzako zentroengandik, espetxeengandik eta kuartelengandik eta HAPOan ekipamendu gisa kalifikatutako lurrengandik”.

Dagoeneko existitzen diren hornikuntza-instalazioei dagokienez, martxan jarraitu ahalko dute: “Obrak egin ahalko dituzte instalazioak sendotzeko, zaintzeko, konpontzeko eta higiene- eta ingurumen-baldintzak berritzeko, baita instalazioen eragin gogaikarri, kaltegarri, osasungaitz edo arriskutsuak desagerrarazi edo gutxitzekoak ere; baina ezingo dituzte eraikuntza berriak egin, ez eta daudenak handitu ere”, diote udal arduradunek.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak