Emakumeen ikuspuntutik Galdakaok izan duen bilakaera bildu dute dokumental batean. Hain zuzen, ‘Galdakaoko emakumeen berbak’ ikus-entzunezkoa egin dute eta bihar, martxoak 22, jendaurrean aurkeztuko dute Torrezabal Kultur Etxean 19:00etatik aurrera, sarrera doan.
Dokumentalean 13 dira emakume protagonistak, denak Galdakaokoak: Mila Abarrategi, Itziar Barrenetxea, Marisa Celaá, Conchita Irazabal, Itziar Isasi, Pili Moreno, Dolores Nogueiras, Begoña Orrantia, Eulalia Pérez, Agurtzane Yurrebaso, Lourdes Yurrebaso, Edurne Zarandona eta Amaya Zenarutzabeitia.
EMAKUMEEN MEMORIA HISTORIKOA
Dokumentalak ordubeteko iraupena du eta “Galdakaoko emakumeen memoria historikoa berreskuratzen du”, dio Begoña Ormaetxe Berdintasun zinegotziak: “Galdakaoko emakumeek udalerriaren eraldaketa sozialaren aldetik egin dutena berreskuratu eta ikusarazi behar dugu”.
“Garrantzitsua da gure ikuspegiaren lekukotasuna, askotan isildua, jasota geratzea”, baloratu dute dokumentalean agertzen diren protagonistek.
