→Galdakao

Euskaraldia lokala zabaldu dute Galdakaon eta Usansolon herri batzordea osatu dute

120 arigune baino gehiago lortu dituzte Galdakaon. Urrian belarripresten eta ahobizien izen-ematea irekiko da. Usansolon batzorde propioa egin dute

June Oleaga Ereño eta Iñaki Olano Goti // Euskaraldia Galdakao/Usansolo

Bigarren Euskaraldia martxan da. Irailean Ariguneen izen ematea izan da eta urrian belarriprestak eta ahobiziak deitzeko kanpaina abiarazi dute Euskal Herriko txoko askotan. Galdakaoren kasuan, 120 arigune baino gehiago lortu eta sortu dituzte: dendak, tabernak, elkarteak eta enpresak. Eta bestetik, Ahobiziek edo Belarriprestek izena emateko lokala ireki berri dute Ganekorgorta 3 kalean. Astelehenetan (09:00etatik 13:30era), asteazkenetan (09:00etatik 13:30era eta 16:00etatik 20:00etara) eta ostiraletan (16:00etatik 20:00etara) egongo da zabalik. “Bertan informazioa jaso ahal izango dute herritarrek, belarripresten eta ahobizien izen emateak  gauzatu ahal izango dira eta materiala salgai egongo da. Hala nola, kamisetak”, dio June Oleaga Ereño Galdakaoko Euskaraldiako dinamizatzaileak.

Era berean, urrian norbanakoen izen-emateak izateaz gain, hilaren 13an, asteartez, aurkezpen ekitaldia egingo dute 18:30ean Gandasegiko arkupeetan.

Euskaraldia martxan Usansolon

Galdakaon Euskaraldia batzordea eratzearekin batera, Usansolon herri batzorde propioa eratu dute. Irailean hasi dira bete-betean lanean: “Ezin dugu osasun-krisia aitzakiatzat ipini, baina egia da baldintzatu egin gaituela. Uda aurretik batzar bat baino ez genduan egin ekainaren amaieran eta, egia esan, arrazoiak arrazoi ez gendun lortu batzorde indartsu bat eratzea. Irailean barriro ekin geuntsen batzarrei eta, apurka, badira hainbat talde batzordera gehitzen ari dirana”, dio Iñaki Olano Goti Usansoko herri batzorkideak.

Osasun-egoeraren arabera, asmoa dute Usansolon Euskaraldia hasi aurretik ekintza ezberdinak antolatzeko: “Herri batzordean guztiok adostutako jarduerak egingo ditugu, ditugun indarrak eta gainerako baldintzak –osasun egoera edota aurrekontua– kontuan hartuta”, dio Iñakik. “Arlo guztietan euskaraz bizi gura badogu, aurrean dogu beste aukera bat indarrak metatzeko eta alkarlanean aurrera egiteko animatuko nituzke herritarrak Euskaraldian parte hartzera. Azaroaren 20a bertan dogu. Erdu Euskaraldiako batzordean parte hartzera!”, dio Iñakik.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak