Andra Mari eta Oinarin Dantza Taldeek ere parte hartuko dute Galdakaoko Folklore Bizian jaialdian. Uztailaren 21ean eta 22an Kurtzeko frontoian eta hilaren 24an Unkinan izango da jaialdia.
Galdakaoko Folklore Bizian jaialdiko edizio berria uztailaren 21ean, 22an eta 24an taularatuko da. Aurten, Andra Mari eta Oinarin taldeekin batera arituko dira Hego Afrikako Soweto Thabisong Dance Company eta Errusiako Les aurores de printemps taldeak. Jaialdia Andra Mari Eusko Dantzari Taldeak antolatzen du, Galdakaoko Udalaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren lankidetzaz.
Soweto Thabisong Dance Company taldea Sowetotik dator, Afrikako beltzen ghetto handienetik. Gazteak miseriatik aurrera ateratzeko borondate sutsua sinbolizatzen du taldeak eta eskola moderno bat eratu dute Zuluen herriko etorkizuneko gazte exekutiboak hezteko. Bertan, besteak beste, euren iragana ezagutu eta ikasi, dantza eta kantu tradizionalak bildu, korua sortu eta aurrekoen dantzak ikasten dituzte.
Les aurores de printemps dantza taldea 1958. urtean sortu zen Voronej herrian -Mosku, Rostov eta Kiev-erako errepideen bidegurutzean dago kokatuta-. “Udabarriko aurorak” da balet bitxi horrek hartzen duen izena.
FOLKLORE BIZIAN 2015 – EGITARAUA
Uztailak 21 eta 22
20:30 Kurtzeko frontoian:
Soweto Thabisong Dance Company (Hego Afrika)
Les aurores de printemps (Errusia)
Andra Mari Dantza Taldea (Euskal Herria)
Uztailak 24
20:30 Unkina kiroldegian:
Soweto Thabisong Dance Company (Hego Afrika)
Les aurores de printemps (Errusia)
Oinarin Dantza Taldea (Euskal Herria)
