→Galdakao

Galdakaoko 1.200 etxebizitza huts merkaturatzeko martxan jarri da Udala

Galdakaoko Udalak eta Alokabidek hitzarmena sinatu dute udalerrian dauden etxebizitza hutsak alokairuan jartzeko erraztasunak emateko.

Udala harremanetan jarriko da hutsik dauden etxebizitzen jabeekin // Geuria

Galdakaoko Udalak eta Alokabidek hitzarmena sinatu dute udalerrian dauden etxebizitza hutsak alokairuan jartzeko erraztasunak emateko. Errolda datuen arabera, 1.200 etxebizitza daude hutsik Galdakaon, eta Udala etxebizitza horiek mugiarazten saiatuko da, alokairuan jarri nahi dituzten jabeak laguntzeko eta etxea alokairuan hartu nahi dutenak laguntzeko. Udalak zubi-lana egingo du Alokabideren eta etxebizitza hutsen jabeen artean.

“Etxebizitza hutsen arazoari irtenbidea eman nahi diogu. Udala harremanetan jarriko da etxebizitza horien jabeekin, Alokabideren berri izan eta euren etxebizitza hutsak alokairuan jartzera animatzeko”, dio Nerea Orozko Etxebizitza arloko zinegotziak. Alokatzeko aukera “berme guztiekin” egingo dela dio Orozkok: “Etxea alokairuan jartzen duenari segurtasun eta ordainketa berme guztiak eskainiko dizkiogu. Hala nola, hilero kobratuko duela alokairuaren errenta eta etxebizitza zainduta egongo dela alokairua hasi eta amaitu bitartean”. Zehazki, Alokabidek alor hauek bermatuko ditu: etxebizitza hutsen errentamenduaren kudeaketa integrala; errentaren sei urteko alokairua eta errenta hilero kobratzea (hiru urtetara alokairua bertan behera utzi dezake etxebizitzaren jabeak); etxebizitzaren mantentze lanak eta kontserbazioa; kontratua amaitzean etxebizitza kontserbazio egoera berean itzultzeko bermea; eta etxeko arrisku anitzeko aseguru baten kontratazioa, Alokabideren kontura.

Veronica Pablos Etxebizitzarako administraria arituko da bitartekari lanetan: “Etxebizitza hutsen jabeekin harremanetan jartzen saiatuko gara beren etxeetara gutun eta triptikoak bidaliz, programa horrek dituen abantailen berri emateko”, dio Pablosek: “Hutsik dagoen etxebizitzaren jabeak Alokabideren esku utziko luke etxea, eta alokatzen hasten den unetik hilero jasoko luke dagokion dirua, baita etxean inor bizi ez den garaietan ere, edota maizterrak ordainduko ez balu ere. Etxearen kontserbazio eta zaintza egokia ere Alokabidek bermatuko luke”.

380 galdakoztar Etxebiden

Alokatzeko aukera izan nahi dutenek Etxebiden izen emanda egon behar dute. “Gaur egun 380 galdakoztar inguru daude izena emanda Etxebiden. Jende asko etxebizitza baten edo alokairu baten beharrean dago, baina agian ez dakite Etxebiden izena eman behar dutenik ere. Guk lagunduko ditugu galdakoztarrak tramite horretan”, dio Orozkok. Zentzu horretan, Udalak zerbitzu hauek eskainiko ditu: Alokabideren edukiei eta abantailei buruzko informazioa ematea; etxebizitza hutsen jabeei eskabide inprimakiak helaraztea; Galdakaoko etxebizitza hutsen inskripzioa, Alokabideren programan; alokairuko etxebizitzen eskatzaileei informazioa ematea eta Etxebideko inskripzioan laguntzea; dauden diru-laguntzen berri ematea; eta gazteen beharrizanak arreta bereziz lantzea. “Hau da, tramitazioak egiteko bide horretan lagunduko du Udalak herritarra, baliabideak beharra duten herritarren esku jar daitezen eta jabeek lasai alokatzeko berme guztiak izan ditzaten. Guztien onerako izango da”, dio Orozkok. Etxebizitza alokairuan hartuko duenak bere errentaren arabera ordainduko du alokairua.

Informazio gehiagorako edo tramitazioetarako laguntza eskatzeko 944 010 529 telefono zenbakia dago herritarren eskura.

Bideoa | Etxebizitza eskubidearen alde adierazpen bateratua egin dute Batu Elkarlaguntza Sareak eta Galdakaoko Etxebizitza Sareak

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak