→Galdakao

Ibaizabal ingurua berreskuratzea erabaki dute galdakoztarrek 2022ko aurrekontuetan txertatzeko

2022ko aurrekontuetan zer txertatu erabaki dute dagoeneko herritarrek: Ibaizabal ingurua berreskuratzea, “bai komunikatzeko bide gisa, bai erabilera ludikorako zein turistikorako”, diote udal ordezkariek. Hiri mugikortasun jasangarria hobetzeko neurri gisa aurkeztu dute egitasmoa, Ibaizabal, ingurune natural modura, herriarekin eta bere kultura ondarearekin lotzeko proiektu gisara. “Proiektuaren mamia da ibaia berreskuratzea Galdakaorako, galdakoztarrek eta herritarrek gozatu dezaten. Ibaiaren zentralitate hori berreskuratzea, ibaia agerian uztea, ibaia aprobetxatzea, disfrutatzea, erabilera ludiko bati begira, edo zergatik ez, turismoari begira”, dio Unai Amezaga Galdakaoko Udaleko Parte Hartzerako teknikariak.

Asmoa da oinezkoentzako zein txirrindularientzako bidea izatea, atseden-guneekin, iturriekin eta estalitako guneekin. Aperribaitik Urretara bidegorria egonik, oinez zein bizikletaz ibiltzeko bide misto bat Bengoetxe paretik abiatzea jasotzen du proposamenak. Abiapuntua Mercadillo zubia izango litzateke, eta Zuhatzu parean bi bide hartuko lituzte: alde batetik Plazakoetxen ibaiari jarraitu lioke, eta bestetik, Skateparkeko eremura sartu eta Torrezabal zubiraino iritsiko litzateke. “Bertatik ortuen eta ibaiaren artetik jarraitu ahalko luke, Bekeako zubia igaro eta auzo horretaraino iristeko”, dio Amezagak.

Herritarrek egindako hasierako diseinua mahai gainean dago, baina orain “proiektu erreal” bihurtu behar dela dio Amezagak: “Teknikoki horrela diseinatuta bideragarri ikusten da, baina orain hori guztia proiektu erreal bat bihurtu behar da. Horrek esan nahi du azterketa zehatzak egin behar direla: nondik nora, ortu batzuetatik pasa behar bada, publikoak edo pribatuak diren aztertu… lan asko dago puntu geologiko aldetik, baita historikotik ere. Orduan hori dena aztertu behar da, eta ondoren proiektu zehatz bat aterako da”, dio.

Gaur aurkeztu dute 2022ko aurrekontu parte-hartzaileen emaitza // Geuria

Bi urteko epea

Proiektu honetarako aurreikusitako aurrekontua 500.000 eurokoa eurokoa da, “baina proiektu erreal hori egin eta gero ikusiko da benetan milioi erdia den edo gehiago”, dio Amezagak: “Udalak aurrekontu parte-hartzaileekin hartutako konpromisoa da milioi bateko gastuarena, eta milioi horretara iritsiko da”. Estimazio ekonomikoari dagokionez ere, udal ordezkariek diote litekeena dela aurreikusi baino kostu handiagoa behar izatea proiektua egikaritzeko: “Proiektu tekniko erreala egiten denean aurrekontua milioi bat euro baino txikiagokoa bada, aberastu eta osatu egingo du proiektua Udalak, eta aurrekontu parte hartzaileetarako gordetako milioi osoa erabiliko da”, dio Maite Arandia Ogasun arloko zinegotziak.

Epeei dagokienez, proiektua bi urteko epean gauzatuko litzatekeela adierazi dute udal ordezkariek, 2022tik aurrera. “Kontutan hartu behar da eremu bakoitzeko bideragarritasuna zehatz aztertu behar dela, eta, ibaiarekin lotutako eremua izanik, besteak beste, URA agentziaren baimenak beharko direla”, dio Arandiak.

413 boto

Parte-hartze prozesua maiatzean abiarazi zuen Galdakaoko Udalak eta uztailera arte luzatu zen. Azkenengo fasean, hau da, bozketa fasean, 645 herritarrek hartu dute parte: “Ibaizabal berreskuratzearen proposamenak bozketan parte hartu dutenen % 65en babesa jaso du, hau da, aldeko 413 boto jaso ditu proposamen horrek datorren urteko aurrekontuetan sartzeko”, dio Olaia Parra Parte Hartze arloko zinegotziak. Bigarren proposamen bozkatuenak —Galdakao arnasgune berde bihurtzea— 237 boto jaso zituen (boto emaileen % 37ak babestu du). “Datu hori ikusita agerian gertatu da proposamen irabazleak interes handia sortu duela gainerako guztien artean”, dio Parrak. 

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak