→Galdakao

Galdakaoko 81 langabek prestakuntza ikastaroak jaso dituzte datozen sei hilabeteetan lan egiteko

Enplegu Planeko langileak, artxiboko irudia // Geuria

Enplegu Planaren barruan herriko 81 langabetu kontratatu ditu Galdakaoko Udalak datozen sei hilabeteetan, lanaldi osoan, lan egiteko. Zehazki, 20 pertsona oinarrizko pintura-lanetarako, 18 pertsona zura mantentzeko lanetarako, 16 pertsona oinarrizko igeltserotza-programarako, 12 enplegu berdea programarako, bost iturgin, beste bost lan arriskuen prebentzioari eta elektrizitateari buruzko prestakuntza espezifikoa egiten ari dira, eta azkenik, beste bost pertsona kontratatu dituzte muralak margozteko. Langabetu guztiek prestakuntza espezifikoa jaso dute, ondoren euren lanei ekiteko. 

“Oinarrizko pintura-lanetan, besteak beste, piboteak, farolak, bankuak edota barandak margotuko dituzte; zura mantentzeko lanetan zurezko hiri altzariak zaharberritzeko lanei ekingo diete, hala nola, bankuak eta barandak berrituko dituzte; igeltseroek konponketa txikiak egingo dituzte herriko hainbat tokitan; enplegu berdeko langileek bideak eta berdeguneak garbitu eta mantenduko dituzte; eta muralistak (lana aurkitzeko zailtasun bereziak dituzten gazteak) aurki aterko dira ikasitakoa praktikan jartzen”, dio Jose Luis Bernal Martinez Toki Garapen eta Enplegu arloko zinegotziak.

2021. urteko Enplegu Planen azken faseari dagozkie urte amaiera aldean egin diren kontratazio horiek. “Pandemiak enpleguan eragin dituen ondorioei aurre egiteko helburuz, 1,8 milioi euroko aurrekontua bideratu da plan horietara”, dio Bernalek: “Guk, Udal gisa, daukagun testuinguru sozioekonomikoan, bi helburu argi ezarri ditugu: batetik, udalerrian ditugun proiektuen eta enpresen bideragarritasuna babestea, eta, bestetik, langabezia egoerari aurre egitea”.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak