→Galdakao

Adinekoentzako etxebizitza komunitarioak egitea egokia den aztertuko du Galdakaoko Udalak

Bakardadeari, etxebizitza komunitarioari eta eguneko arreta zerbitzuari buruzko azterketak egingo ditu Udalak. Eguneko zentro bat egitea egokia den jakingo dute udal ordezkariek

Adinekoen egoera aztertzeko hiru azterlan egingo ditu Galdakaoko Udalak // Geuria

Adinekoen egoera aztertzeko hiru azterlan egingo ditu Galdakaoko Udalak: bakardade egoerei buruzkoa, lehen mailako mendekotasuna duten adineko pertsonentzako etxebizitza komunitarioak egiteko aukerei buruzkoa eta lehen mailako mendekotasun arriskuan dauden adinekoentzako eguneko arreta zerbitzuaren ingurukoa. Asmoa da adinekoen egoera hobetzeari begirako neurriak hartzea eta baliabide eraginkorrak ezartzeko bidea egitea. “Lan ildo berri bat abiatuta, herritar guztien ongizatea helburu duten politiketan sakontzeko lanean ari gara. Gizarte ongizatean sakontzeko ezinbestekoa da nagusien alorrari bultzada ematea, horretan arreta berezia jartzea. Komunitate legez aritzeko komunitateko alor guztiak hartu behar dira kontuan, eta horretara goaz”, dio Iñigo Hernando alkateak: “Zaintzaren premia inoiz baino ageriago geratu den honetan, udalerrian orain arte behar besteko garrantzirik eman ez zaion alor bati helduko diogu”. 

Alde batetik, bakardade egoerei buruzko azterlanean 65 urtetik gorakoen diagnostikoa egingo dute, “adinekoen dimentsioa eta arazoak ezagutzeko”, diote udal ordezkariek. “Adinekoen kuantifikazioa egingo da adin tartearen eta sexuaren arabera, zahartze eta gainzahartze tasa ikertuko da, feminizazioari ere erreparatuko zaio, eta bakardade egoeren kuantifikazioa egingo da”, dio Idoia Martinez Gizarte Ekintza alorreko arduradunak. Bestetik, beste bi azterlanetan diseinu teknikoak egingo dituzte, eta eskaini beharreko zerbitzu eta prestazioen deskribapen zehatzak, profilak, hartzaileentzako baldintzak eta erabiltzaileen parte hartze ekonomikoak zehaztuko dituzte. Era berean, landu beharreko esku hartze arloak, metodologiak eta prozesuaren mapak, kudeaketaren eta giza baliabideen planak, zerbitzuen organigramak, beharrezko langileak, lanpostu profilak eta barne antolaketak, azpiegitura planak, espazio bakoitzaren banaketa funtzionala eta beharrezko laguntza euskarriak, eta beharrezko inbertsioen eta baliabide materialen planak burutuko dituzte.

Ondoren, zerbitzuen diseinu teknikoak amaitutakoan, bakoitzaren ekonomia eta finantza plana egingo dute. “Hiru azterketa horien helburua ez da ikerketetan geratzea, egokien diren proiektuak gauzatuta herriko pertsona nagusien ongizatea hobetzea baizik”, dio Martinezek: “Adinekoen kolektiboari buruz ikerketa sakona egiten ari gara, zein baliabide ipini behar diren jakiteko. Datuek ikuspegi orokorra emango digute eta datu horiek ahalbidetuko dute egoera zaurgarriei aurre egin ahal izateko erabakiak hartzea”. Mari Paz Losada Gizarte Ekintzako zinegotziak honakoa dio: “Pertsona asko biltzen dituen kolektibo bati buruz ari gara, gero eta handiagoa dena, eta etorkizunean are gehiago haziko dena. Bizimoduak aldatzen ari dira, gero eta gehiago dira bakarrik bizi diren adinekoak eta azterketa hauek erakutsiko digute oraingo eta etorkizuneko beharrei nola erantzun behar diegun”. Asmo horiek hezurmamituta Galdakao aitzindari bihurtuko delakoan daude udal ordezkariak: “Izan ere, oso gutxi dira Euskal Herrian mendekotasuna duten adinekoentzako udal etxebizitza komunitarioak dituzten herriak. Lehen mailako mendekotasuna duten eguneko zentroa sortzeak ere zerbitzu berria emango lioke Galdakaori, egun ez baitago halako zerbitzu publikorik herrian”. 

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak