→Galdakao

Ahoztar Zelaietaren biharko liburu aurkezpena ordu erdiz atzeratu dute Galdakaon

‘Residencias SA. El negocio de los cuidados en Euskal Herria’ liburua aurkeztuko du bihar, urtarrilak 27, Ahoztar Zelaieta kazetariak. Antolatzaileek aurkezpena 19:00etan iragarri zuten arren, orain ordu erdiz atzeratzea erabaki dute. Arrazoia: bihar 19:00etan Mohamed El-bachir gaztearen heriotza salatzeko elkarretaratzea deitu dutelako Iturrondo plazan joan den asteazkenean aurkitu zuten adingabearen gorpua Ibaizabal ibaian, Galdakao parean—. Gauzak horrela, Ahoztar Zelaietaren liburu aurkezpena 19:30ean izango da Ganguren tabernan.

“Zaharren egoitza batean bizi diren pertsona batzuen matxinadaren fikzio baten aitzakiarekin, sektorearen erradiografia azalerazten saiatu naiz. Ikerketa honen ondorioz erresidentzien sektorean eman den pribatizazioaren kronologia laburbiltzen dut, “euskal oasian” eta baita Nafarroan ere”, dio Zelaietak berak.

Era berean, pribatizazio prozesu horretan enpresa pribatuak onuratu direla salatzen du Zelaietak liburuan: “Hain zuzen ere, bi enpresa mota: alde batetik, talde handiak (Espainiako erresidentzien sektorean pisu handiena dutenak) eta bestetik, Hego Euskal Herrian sortutako tokiko enpresa multzoa. Talde handiak eta tokiko enpresa hauek bat egiten dute Hego Euskal Herriko patronalean”, dio Zelaietak, eta gaineratu du: “Kargu publiko ohi batzuek tokiko enpresa hauek sortu dituzte edota zuzendaritzan daude. Erresidentzien patronalean ere kargu publiko ohi batzuk daude; are gehiago, enpresa pribatuetan ibilitako batzuk arduradun politiko izendatu dituzte azken urteotan. Politika sozialetan ardura izan duten kargu ohi batzuk ere enpresa pribatuetan lan egiten dute orain”.

Sektore feminizatu honetan eman den lan gatazkari buruz ere aritze da liburuan Zelaieta, “baita erresidentzietan dauden pertsonen senideak salatu dituzten gaiak ere”. Azkenik, pandemiak erresidentzietan “eragindako kalteak” eta pandemiaren aurretik erresidentzietan egindako ikuskatzen ondorioz “jarritako isunak” azpimarratzen ditu.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak