→Galdakao

Ainhoa Alvarez Athleticeko jokalariak futbola utziko du denboraldi amaieran

Galdakaoko atzelariak bere futbol ibilbide profesionalari amaiera ematea erabaki du. Hala ere, kirolari lotuta egoten jarraituko du.

Guztira, zazpi denboraldi eman ditu Ainhoak Athleticen // Argazkia: Athletic Club

Ainhoa Alvarez (Galdakao, 1994) Athleticeko jokalariak futbola utziko du. Athletic Clubetik adierazi dutenez, aurtengoa bere azken denboraldia izango dela erabaki du galdakoztarrak. Hala ere, kirolari lotuta egoten jarraituko du. Izan ere, Jarduera Fisikoa eta Kirolaren Zientzietan graduatu ondoren (EHU), Bigarren Hezkuntzako eta Batxilergoko irakaskuntzan aritzeko oposizioak egingo ditu.

2009an iritsi zen Athleticeko lantaldera Ainhoa, La Mercedetik eratorria. Hasieran talde filialetan ibili zen eta ondoren, 2014ko maiatzaren 5ean lehen taldearekin debuta egin zuen. Juan Luis Fuentesek, bigarren taldeko fitxa zuenean eman zion aukera Athleticek Collerenseren aurka 2 eta 0 irabazi zuen Lezamako partida batean. Debuta egin eta urtebetera, liga titulua lortu zuen Joseba Aguirre aulkian zegoela.

Guztira, zazpi denboraldi eman ditu Ainhoak Athleticen eta 71 partida jokatu ditu eta bi gol sartu ditu Lehen Mailan. “Erdiko atzealdean indar fisiko handia eta sendotasuna erakutsi duen jokalaria izan da. 2016ko irailean, eskuin belauneko aurreko lotailu gurutzatua hautsi zuen Huelvako Sportingen zelaian, Ligako bigarren jardunaldian, eta hurrengo denboraldiaren hasieran jokatzeko prest egon zen”, diote Athleticetik.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak