Nanga Parbat mendian (8.125 metro) neguko lehen igoera egin zuen Alex Txikon lemoarrak 2016ko otsailaren 26an. Historia egin zuen alpinista bizkaitarrak Simone Moro italiarrarekin eta Ali Sadpara pakistandarrarekin batera, eta hori irudikatzeko ‘Mendi biluzia’ (La montaña desnuda) filma zuzendu eta ekoitzi du aurten Txikonek. Filma Galdakaon aurkeztuko dute abenduaren 2an 18:30ean Torrezabal Kultur Etxean, gazteleraz. Txikonek berak aurkeztuko du proiekzioa eta ikusleek izan ditzaketen galderak erantzungo ditu. Gainera, proiekzioaren aurretik, izen bereko liburua sinatuko du Txikonek. Liburuak 230 orrialde ditu eta 90 argazki baino gehiago ditu.
Sarrerak dagoeneko salgai daude Torrezabalen. Ganguren Mendi Taldearen 75. urteurrena ospatzeko ekitaldien barruan dago proiekzioa eta solasaldia.
70 minutuko filma
Filmak Txikonek berak jasotako eta orain arte ikusi gabeko irudiak ditu, eta 70 minutu inguruko iraupena du. Red Bull Media Housek proiektuari emandako aireko eszena ikusgarriak ere jasotzen ditu filmak. “Ikus-entzuleek neguko espedizio baten funtsean eta gogortasunean murgiltzeko eta tontorrera heltzearen, baina, batez ere, oinarrizko kanpalekura itzultzearen garrantzia ulertzeko aukera izango dute”, dio Txikonek.
