→Galdakao

Alokairu sozialeko 200 etxebizitza eraikitzea proposatu du Galdakaoko EH Bilduk

ugao etxebizitzak 2015

Alokairu sozialera bideratutako 200 etxebizitzen udal-parkea sortzea proposatu du Galdakaoko EH Bilduk. Proposamena urriko osoko bilkuran eztabaidatuko dute.

Ugaoko etxebizitza batzuk // Argazkia: Geuria

Alokairu sozialera bideratutako 200 etxebizitzen udal-parkea sortzea proposatu du Galdakaoko EH Bilduk. Hain zuzen ere, 150 biztanleko alokairuzko etxebizitza sozial bat bideratzea proposatzen dute.

“Alde batetik, 2/2006 Lurzoru Legea harturik, Galdakaoko Udalak legegintzaldian zehar 3,8 milioi inbertituta izan behar zituen ondare publikoak erosiz. Horrek alokairuzko etxebizitza sozialen udal-parkerako plangintza ezartzeko ematen du (kokalekua, etxebizitza kopurua, epeak…). Bestetik, 3/2015 Etxebizitza Legea harturik, Udalak eskumena dauka Galdakaon dauden 1.087 etxe hutsen artean soluzio bat bilatzeko. Guk proposatzen dugu hutsik dauden 1.087 etxebizitzen azterketa egitea, udal-parkearen parte izan daitezkeenak zeintzuk diren esanez eta, ahal izanez gero, bertan zuzenean sartuz”, diote. Proposamen hau mozio bidez aurkeztuko dute eta urriaren 25eko osoko bilkuran eztabaidatuko du udalbatzak. Mozioa onartzekotan, 2018 urtea amaitu baino lehen lantalde tekniko bat osatuko lukete, “aurrerantzean hiru hilero aurrerapenen berri emango duela”, diote EH Bildutik.

Basauriko eta Bilboko ereduei begira

“Sektore askok arazo larriak dituzte alokairuzko etxebizitzen merkatura heltzeko, Galdakaoko batazbesteko prezioa 750 eurokoa delarik. Beraz, irtenbide lez, eta Basauri edo Bilboren ereduak harturik, udal-parke hau egoki ikusten dugu, administrazioak finkatuko bailituzke prezio horiek, merkatu pribatutik at. Honek bizi-proiektu propio eta duin bat izateko aukerak haundituko lituzke, batez ere aipatutako sektore ahul horien artean”, diote ezker koaliziotik.

Basauriren kasuan, 155 alokairu sozialeko etxebizitzez gain, 28 etxebizitza hutsen alokairua erraztu du eta San Migel auzoan alokairu baxuko 36 etxebizitza eraikiko dituzte, batez ere gazteei zuzendutakoak. Bilbon, gaur egun, alokairu sozialerako 4.127 etxebizitza daude (88 biztanleko, alokairu sozialerako etxebizitza bat). “Baina Galdakaok alokairu sozialerako etxe bat ere ez dauka bideraturik, herri osoa merkatu pribatuaren esanetara dagoelarik”, diote.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak