☉ Galdakao
Alokairu baxuko 60 etxebizitza eraikiko dituzte Ibarluzeko aparkalekuan, Galdakaon
Alokairu baxuko etxebizitza hauek beharrizan ekonomikorik larrienean dauden galdakoztarrei daude zuzenduta. Gehienez ere bost urterako alokairua izango da.

Etxebizitzaren arazoari irtenbidea emateko urrats berriak emango ditu Galdakaoko Udalak. Hain zuzen ere, etxebizitza sozialak sustatzeko asmoa agertu du Udalak. Zehazki, aldi baterako alokairu baxuko 60 etxebizitza eraikiko dituzte Iberluze eta Zabalea kaleen arteko aparkaleku publikoan. “Aparkalekua dagoen zati batean eraikiko dira etxebizitzak, ibilgailuen lehenengo bi ilarak hartzen dituen eremuan. Gainontzeko eremuak aparkaleku izaten jarraituko du”, dio Ray Mendiburu arkitektoak. Gainera, Loiolako San Inazio kaleko berdegunean aparkaleku gehiago eraikitzea aztertuko du Udalak.
Alokairu baxuko etxebizitza hauek beharrizan ekonomikorik larrienean dauden galdakoztarrei daude zuzenduta. Hala nola, gazteei, migranteei, etxebizitza eskubiderik gabe dauden bananduei, biolentzia matxista jasaten duten emakumeei edota aniztasun funtzionala -psikikoa zein fisikoa- duten pertsonei daude zuzenduta. Gehienez ere bost urterako alokairua izango da: “Bitarte horretan euren egoera ekonomikoari irtenbidea bilatu beharko diote. Eta pertsonaren batek lortu ez badu, gerora beste pauso bat eman beharko dugu. Helburua da inor ez kale gorrian geratzea”, dio Nerea Orozko Etxebizitza arloko zinegotziak.
Alokairua 150 eta 180 euro artean ordaindu beharko dute etxebizitza soziala hauek lortuko dituztenek: “Logela bakarreko eta bi logaleko etxebizitzak izango dira, eta horren arabera alokairua ezberdina izango da: logela bakarrekoek 150 euro ordainduko dituzte, eta bi logelakoek 180 euro”, dio Iñigo Hernando Galdakaoko alkateak. Aurreikuspenen arabera, logela bakarreko 43 etxebizitza (42m2), bi logelako 16 etxebizitza (53m2) eta aniztasun funtzionala dutenentzeko etxebizitza bakarra (56m2) eraikiko dituzte. “Etxebiden izena emanda Galdakaoko beharrizanen arabera aurreikusi dugu horiek eraikitzea, baina baliteke horiek aldatzea”, dio Mendiburuk.
Zuzkidura-bizitoki hauek Eusko Jaurlaritzak sustatuko ditu eta hartara 2,4 milioi euro finantzatuko ditu. “Udaletik gutxienez beste 2,4 milioi euro bideratuko ditugu”, dio Hernandok: “Urrats oso garratzitsua da. Azken hilabeteak lanean eman ditugu. Lehen aldia izango da Galdakaon etxebizitza ikuspegi sozialetik eta alokairu merkean kudeatuko dena”. Lehendabizi plan berezi bat egin behar dute, gero proiektua lehiaketa publikora atera, idazketa egin, obraren lehiaketa publikatu eta azkenik etxebizitzak eraiki: “Plan berezia sei hilabetetan egitea espero dugu, idazketak beste sei hilabete beharko ditu, eta obra 18 hilabetetan egitea aurreikusten dugu”, dio Mendiburuk.
Etxebizitza mota hauek dagoeneko eraikitzen ari dira Hego Uribe eskualdean: Basauriko San Migel auzoan, alegia.
☉ Galdakao
Argazkiak | Moda pasarela bilakatu da gaur Galdakao, Santakurtze jaietan

Gaur moda desfilea egon da Galdakaoko jaietan. Fashion Day eguna antolatu du bigarren urtez Gazte Berpiztuk eta hainbat kuadrillak hartu dute parte. Jantzirik eta aurkezpenik onena Antzeko kuadrillak egin du, bigarren sailkatu da Dekantzekoz eta hirugarren Trikiriki. Laugarren Antropayak izan da eta bosgarren Piperrak. Hona hemen desfileko irudirik onenak!
☉ Galdakao
Bi gazte atxilotu dituzte Galdakaoko etxebizitza batean indarrez sartzeagatik
Olabarrieta auzoko etxebizitza batean indarra erabilita sartu ziren bart 19 eta 21 urteko bi gazte. Epailearen esku jarriko ditu Ertzaintzak

Ertzaintzak 19 eta 21 urteko bi gazte atxilotu ditu Galdakaoko Olabarrieta auzoko etxebizitza batean indarrez sartzeagatik.
Gertaerak bart gauerdian jazo dira: pertsona batek SOS Deiakera deitu du Olabarrietan dagoen eta une horretan hutsik zegoen aita-amaginarreben etxean indarrez sartu direla esanez, instalatuta zuten zaintza-kamera deskonektatu egin dutela konturatu baitira.
Orduan, patruila bat bertaratu eta argi bat piztuta ikusi zuten eta etxebizitzaren goiko aldean bi gazteak aurkitu dituzte.
Bi gazteak epailearen esku utziko dituzte dagozkion eginbideak amaitu ostean.
☉ Galdakao
Bideoa | Antzeko, Bertan Kaldo eta Dekantzekoz, Galdakaoko jaietako Playback lehiaketako onenak!

Playback lehiaketa mundiala da Galdakaoko jaietan eta atzo zuzenean bizi genuen! Txapeldun Antzeko izan zen: Mamma Miaren ‘Ai ama!’ bertsio euskalduna egin zuen kuadrillak. Euren amei omenaldi zoragarria egin zieten.
Bigarren Bertan Kaldo izan zen, hirugarren Dekantzekoz, laugarren Trikiriki eta bosgarren Erdu Mizketan.
GEURIAn lehenengo hiru postuetan sailkatutako ordezkariak elkarrizketatu zituen: Mirene eta Izaskun (Antzeko), June eta Ane (Bertan Kaldo), eta Ane eta Janire (Dekantzekoz). Aupa zuek!
☉ Galdakao
Argazkiak | Galdakaoko jaietako Playback lehiaketa 140 argazkitan!

Playback lehiaketa arrakastatsua da Galdakaoko jaietan. Eta aurten ere ez du hutsik egin, beste urte batez Zizpak antolatuta. Irabazle Antzeko izan da, euren Ai Ama! (Mamma Mia!) bertsioari esker, amei omenaldia eginez. Bigarren Bertan Kaldo izan da, hirugarren Dekantzekoz, laugarren Trikiriki eta bosgarren Erdu Mizketan.
☉ Galdakao
Galdakaoko GBGE elkartea Europako bi saritan finalista hautatu dute Valentziako uholdeetan egindako lanengatik
Gaur Vienako udaletxean, Austrian, Innovation in Politics Awards sarien irabazleak emango dituzte jakitera, eta otsailean Zero Project sariak banatuko dituzte Vienan ere

Galdakaoko GBGE elkartea Europako bi saritan finalista hautatu dute, iazko urritik Valentziako uholdeek kaltetutako eremuetan egindako lanengatik.
Alde batetik, Innovation in Politics Awards sarietan bi izendapen izan dituzte bi proiektu hauengatik: Nave 51 eta Garbitegi humanitarioa.
Nave 51 izeneko proiektuan, Paiportan 40.000 tona laguntza humanitario bideratzeko aukera eman zuen GBGEk, “xahuketa minimizatuz eta jasotako laguntza guztia ahalik eta gehien aprobetxatuz, milaka boluntario eta militarri esker”, dio Ainhoa Crespo GBGEko ordezkariak.
Eta Garbitegi humanitarioa delakoan uholdeek lokatzez hondatutako arropa berreskuratu zituzten, “balio praktiko eta emozional handiko doako zerbitzua eskainiz”, dio Crespok.
Innovation in Politics Awards sarien banaketa gaur, irailak 17, izango da Vienako udaletxean, Austrian.
Otsailean: Zero Project sariak
Beste alde batetik, GBGE finalista izendatu dute Zero Project sarietan, “Krisi-egoeretan desgaitasunaren aurrean inklusioa” kategorian.

GBGE elkarteko boluntarioak Valentziako hondamendian // GBGE
Ekintza humanitarioetan, larrialdietan eta hondamendietan inklusio-irtenbideak aitortzen ditu sariketa horrek, eta sari banaketa otsailean izango da Vienan ere; kasu horretan, Nazio Batuen egoitzan.
“Izendapen hauek nazioarteko aitorpena dira Valentziako Dana-ren ondoren izandako elkartasun uholdeari. Nabarmentzekoa da beste modu batean ere erantzun daitekeela hondamendiei: zirkularra, inklusiboa eta aliantzetan oinarritua. Umiltasunez jasotzen dugu, oraindik ere asko dagoelako berreskuratzera iristeko, baina pozik ere bai, pertsona askoren lan ikaragarriari egindako aitortza delako”, adierazi du Crespok.