→Galdakao

Lehen mailako arretako zentroetako egoera “jasanezina” salatzeko elkarretaratzea, Galdakaoko anbulatorioan

LAB sindikatuak “premiazko eta epe luzeko neurriak” eskatzen dizkie Osakidetzako zuzendaritzari eta Osasun Sailari.

Abuztuaren 5ean egin zuten kontzentrazioa Galdakaoko anbulatorioaren aurrean // Argazkia: LAB Sindikatua

Lehen mailako arretako zentroetako egoera “jasanezina” salatzeko kontzentrazioa egin du LAB sindikatuak Galdakaoko anbulatorioaren aurrean. “Aurtengo udan, berriro ere, Osakidetzako anbulatorioak eta osasun-zentroak muturreko egoera pairatzen ari dira, langile faltaren eta lan-kargen igoeraren ondorioz. Izan ere, kasu askotan, biztanleek ospitale-larrialdietara jo behar izaten dute, beren erreferentziazko osasun-zentroetan ezin izaten dutelako arreta normalizatua jaso. Pediatriako arretaren kasuan, kaosa are handiagoa da”, salatu dute LAB sindikatutik. 

Elkarretaratzea abuztuaren 5ean egin dute: “Galdakaoko anbulatorioa aukeratu dugu hiru lurraldeetako Osakidetzako zentro gehienetan bizi den egoeraren adibide gisa. Bertan, erizaintzako eta medikuntzako langileak falta dira, bajan edo oporretan daudelako, eta ez da ordezkapen bakar bat ere egin; beraz, erizaintzako eta medikuntzako agendak behartuta daude; ohiko lanaz gain, gero eta PCR gehiago kudeatu behar dira, eta, beraz, egoera jasanezina da”, diote.

“Gaur egun, lehen mailako arreta noraezean dabilen itsasontzia da, ESI bakoitza eta ia zentro bakoitza bere kasa abandonatu dago, kaosa da nagusi eta eskaintzen den osasun-arreta aurrera ateratzen da langileen borondate onari esker. Biztanleek zita bat lortzeko borrokatu behar dute, eta anbulatorioetako langileek eskura dituzten baliabide urriekin atera behar dute aurrera lana. Hori guztia tentsio eta amorru handia sortzen ari da, eta, ondorioz, erabiltzaileen eta Osakidetzako langileen arteko liskarrak ugaritzen ari dira, mota guztietako erasoak biderkatuz”, diote LABetik.

LABek “premiazko eta epe luzeko neurriak” eskatu dizkie Osakidetzako zuzendaritzari eta Osasun Sailari, “lehen mailako arretaren egoera bideratzeko”. “Lehen mailako arretaren eredu berri baten aldeko apustu serioa egiteko garaia da, eremu horrek behar dituen baliabideak ziurtatuz. Honekin batera, Enplegu Plan Estrategikoa egiteko garaia ere bada, langile faltarekin, prekarietatearekin eta % 40ko behin-behinekotasunarekin behingoz amaitzeko”, diote.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak