→Galdakao

Umeentzako dantza ikastaroak antolatuko ditu Galdakaoko Andra Mari Taldeak urritik ekainera

6 urtetik aurrerakoentzat daude zuzenduta dantza ikastaroak // Argazkia: Andra Mari Dantza Taldea

Covid-19ak eragindako geldialdiaren ostean, martxan da berriro Galdakaoko Andra Mari Dantza Taldea. Beste urte batez, umeentzako dantza ikastaroak eskainiko dituzte urritik ekainera bitartean. Ikastaroak 6 urtetik aurrerako umeentzat daude zuzenduta: astelehenetan 6-8 eta 8-11 urte artekoentzat (17:30-18:30 eta 18:30-19:30, hurrenez hurren) eta astearteetan 11 urtetik gorakoentzat (19:00-20:00).

“Taldeko ateak zabalik dagoz adin guztietako dantzari zein musikari guztientzat, eta taldean parte hartu gura dauenak gugaz kontaktuan ipini baino ez dau egin behar”, diote Andra Mari Dantza Taldeko ordezkariek. Taldearekin harremanetan jartzeko bideak dira: info@andramaridantzataldea.com helbide elektronikora idatzita edo Juan Sebastian Elkano 6 kalean daukaten lokalera bertaratuta (asteartetan eta ostiraletan 20:00etatik aurrera).

Era berean, taldetik gogorarazi dute dantza ikastaroez gain Andra Marik antolatzen dituen ekintzetan parte hartu nahi dutenenentzako ere ateak zabalik daudela: “Esaterako, Santa Ageda bezperako koplak, Gabonetako kantak, Inauterietako antzerki-desfileak, musika eta dantza jaialdien antolaketa…”, diote.

Musika tresnen ikastaroak

Bestetik, urrian musika tresnen ikastaroei ekingo diete beste urte batez. “Bertan atabala, panderoa, albokea, bizkaiko dultzaina, nafarroako dultzaina, koilarak, kañubera eta txaramelak joten ikasteko aukera dago. Laugarren urtea da jarraian ikastaro honeek antolatzen doguzala, eta holan jarraitzeko asmoa daukagu. Ikasle kopurua haziz doa eta”, diote.

Musika tresnen ikastaroak urritik ekainera bitartean izango dira. Interesdunek izena eman behar dute 689 313 677 telefono zenbakira deituta.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak