→Galdakao

Aparkaleku publikoak alokairuan hartzeko zozketa gaur egingo dute Galdakaon

Galdakaon lur azpiko aparkaleku publikoetan libre dauden 289 plaza alokairuan aterako ditu Udalak. Eskaerak 988 izan dira, beraz, zozketa egingo dute gaur Torrezabalen.

289 plaza alokairuan aterako ditu Udalak. Eskaerak guztira 988 izan dira // Geuria

Galdakaon lur azpiko aparkaleku publikoetan libre dauden 289 plaza alokairuan aterako ditu Udalak. Horren berri eman genuen uztailean eta orduan plaza libre horiek eskuratzeko izena emateko epea zabaldu zuen Udalak. Bada, guztira, 988 pertsonak egin zuten eskaera: Paopa (Urreta) aparkalekuan 127 leku daude alokatzeko eta 133 eskatzailek eman dute izena; Lapurdin 75 aparkaleku libre daude eta 316 eskaera jaso dituzte; Laminarretan (Usansolo) 49 leku daude eta 73 eskaera; Iturrondon 26 aparkaleku eta 267 eskatzaile; eta Berezikoetxen 12 leku daude libre eta 199 pertsonak egin dute eskaera.

Leku baino eskatzaile gehiago daudenez, zozketa bidez banatuko dituzte aparkalekuak. Zozketa gaur, ekainak 15, egingo dute 13:00etan Torrezabalen. Sarrera librea izango da.

HILEAN 30 EURO

Hilean 30 euroan jarriko dituzte aparkalekuak alokairuan (horri, garaje bakoitzeko komunitate gastuak gehitu beharko dizkio erabiltzaile bakoitzak), eta urtebetekoa izango da emakida: “Urtebetekoa izango da emakida, baina aukera dago urtero berritzeko hurrengo lau urteetan”, dio Leire Sologaistua Ondareko arduradun juridikoak: “Lehen denbora luzeko emakida zuten aparkalekuek, zehazki, 40 urtekoa, baina forma juridiko horrek ez zuen herritarren beharrizanak asetzen”. Libre dauden aparkaleku horiek lortuko dituztenek sei hilabetean orainduko dute alokairua, hau da, 180 euro. 

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak