→Galdakao

Aparkaleku publikoetan libre dauden plazak alokairuan aterako ditu Galdakaok: hilean 30 euro

Iturrondo, Lapurdi, Paopa, Berezikoetxe eta Laminarretako lur azpiko aparkalekuetan dauden 289 plaza libreak alokatzeko epea uztailean zabalduko du Galdakaoko Udalak.

Alokairua sei hilabetean orainduko da: 180 euro // Argazkia: Geuria

Herrian dagoen aparkaleku arazoari aurre egiteko Galdakaoko Udalak neurri berriak hartu ditu. Hain zuzen ere, lur azpiko aparkaleku publikoetan libre dauden plazak alokairuan aterako dituzte, “herritarrentzako prezio eskuragarri batean”, dio Iñigo Hernando alkateak. Galdakaok lur azpiko bost aparkaleku publiko ditu (Iturrondo, Lapurdi, Paopa, Berezikoetxe eta Laminarreta), eta gaur egun guztira 289 aparkaleku libre daude: 26 plaza Iturrondon (horietatik 3 mugikortasun urriko pertsonentzat), 75 Lapurdin (horietatik 4 mugikortasun urriko pertsonentzat), 127 Paopan (horietatik 4 mugikortasun urriko pertsonentzat), 12 Berezikoetxen (horietatik 1 mugikortasun urriko pertsonentzat) eta 49 Laminarretan. 

Iñigo Hernando alkatea, Javier Ibarretxe zinegotzia eta Leire Sologaistua arduradun juridikoa // Geuria

Hilean 30 euroan jarriko dituzte aparkalekuak alokairuan, eta urtebetekoa izango da emakida: “Urtebetekoa izango da emakida, baina aukera dago urtero berritzeko hurrengo lau urteetan”, dio Leire Sologaistua Ondareko arduradun juridikoak: “Lehen denbora luzeko emakida zuten aparkalekuek, zehazki, 40 urtekoa, baina forma juridiko horrek ez zuen herritarren beharrizanak asetzen”. Libre dauden aparkaleku horiek lortuko dituztenek sei hilabetean orainduko dute alokairua, hau da, 180 euro. 

Plaza libre horiek eskuratzeko izena emateko epea zabalduko du Udalak uztailaren 13tik 30era bitartean. “ESAN bulegoan bertan edo udal webgunearen bitartez egin daiteke eskaera. Eskatzaileen erregistroa sortuko dugu, eta erregistro hori bizirik egongo da beti. Aparkalekurik libre geratzen bada, zerrendan erregistratuta daudenak izango dira onuradunak”, dio Sologaistuak: “Lehentasuna udalerrian erroldatuta daudenek dute, baina plaza libreak badaude, herrira lanera datozenek ere eskaera egin ahalko dute”. Eskatzaileak plaza libreak baino gehiago badira, aparkaleku bakoitzeko zozketa egingo dute irailean. 

“Etorkizuneko Galdakao eraikitzeko beste urrats berri bat da hau. Onuragarria da bai plaza lortuko dutenentzako bai lortuko ez dutenentzako. Izan ere, plaza lortu dutenek kaleko aparkalekuak libre utziko dituzte, eta horren onuradun izango dira oraingoz plaza lortu ez dutenak”, dio Hernandok. Neurri hau Gobernu Planaren 21. puntua dela gogorarazi du alkateak.

Galdakaoko txandakako parkingetan aparkatzeko denbora-muga bertan behera uztiko dute irailera arte

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak