→Galdakao

Aparkalekuetan terrazak mantentzeko aukera urtarrilaren 28ra arte luzatu dute Galdakaon

Bestetik, baimendutako terrazek zein handitzeek tasaren % 100 ordaindu beharko dute, “inolako hobaririk gabe”, udal ordezkariek adierazi dutenez.

// Galdakaoko Udala

Aparkalekuetan ostalaritzarako terrazak mantentzeko baimena urtarrilaren 10era arte egongo zen indarrean Galdakaon. Hala ere, gaur egun taberna eta jatetxe barrualdeetako edukiera % 60ra mugatuta dagoenez, terrazak handituta mantentzeko aukera eman die Galdakaoko Udalak ostalariei. Baimen hori urtarrilaren 28ra arte luzatu du Udalak, “edo osasun agintaritzak barnealdeetako edukiera mugatzeko adostu ditzakeen luzapenek irauten duten bitartean”, diote udal ordezkariek.

“Barnealdeko edukiera berreskuratzen denean terrazen ez-ohiko handitzeari amaiera emango zaio”, diote udal ordezkariek, eta zera gaineratu dute: “Sentitzen dugu eragiten ari diren kalteak, baina guztion hobe beharraren eta orekaren alde hartutako neurriak direla ulertuko delakoan, egiten ari den ahalegina eskertzen diegu herritar guztiei”.

Tasa % 100ean ordaintzea

Terrazen handitzeen ondoren, terrazengatik ordaindu beharreko tasei hobariak ematea onartu zuen iazko ekainean udalbatzak. Hala ere, ordenantza hori 2021ekoa zen, eta hortaz, urtarrilean indarrik gabe geratu da proposamen hori: “Ondorioz, baimendutako terrazek zein handitzeek tasaren % 100 ordaindu beharko dute, inolako hobaririk gabe”, diote udal ordezkariek.

“Baimenaren luzapena eta tasaren likidazioa automatikoki egingo dira, establezimenduei banan banan helaraziko zaien jakinarazpena egin eta 15 eguneko epean aukera idatziz atzera botatzen ez bada. Atzera eginez gero, berehala utzi beharko zaio 1944/2021 Dekretuaren bidez ezohiko moduan gaitutako espazioa okupatzeari, eta instalazioen ondorioz bide publikoan sortutako kalteak ere berehala konpondu beharko dira”, diote.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak