→Galdakao

Aperribaik hirugarren igogailua prest izango du udarako

Aurreikusitako bost igogaiuetatik bi igogailu eta arrapala mekaniko bat martxan daude jada; hirugarren igogailuaren lanak urtarrilean hasiko dituzte // Geuria

Hirugarren hiri-igogailu bat eraikiko dute aurten Aperribain. Hain zuzen ere, auzoaren behealdetik, N-634 errepidetik, anbulategira arteko igogailua eraikitzeko lanak urtarrilaren 10ean, astelehenez, hasiko dituzte. Obrek inguruko aparkalekuei eragingo die, hain zuzen, anbulatorioko haur parkearen ondokoei: “Momentuz, bost aparkalekutan izango dira eraginak, eta ezin izango da astelehenetik bertan aparkatu”, diote udal ordezkariek. Horrez gain, eskaileratako oinezkoen pasabidea desbideratu behar izango dela aurreikusi dute, “beraz, astelehenean hasi eta obrek iraun bitartean, egokitzapenak egongo dira inguruetan”, diote.

Obrak Campezo enpresak burutuko ditu eta inbertsioa 662.000 eurokoa izango da. Igogailua eraikitzearekin batera, beste lan batzuk ere egingo dituzte eremuan: dozena bat aparkaleku sortuko dituzte anbulategiaren ondoan, baita anbulantzientzako edo mugitzeko arazoak dituzten pertsonak hartu eta uzteko gune bat ere. “Era berean, arrapalak eraikiko dira anbulatorio aurreko plazan, dauden koskak saihestuta irisgarritasuna hobetzeko”, diote udal arduradunek.

Udal ordezkariek GEURIAri adierazi diotenez, bost hilabeteko epean bukatuko dituzte obrak, hau da, ekainerako edo uda hasierarako erabilgarri izango da hirugarren igogailu hori. Aperribain bost igogailu eraikitzeko proiektua 2018an aurkeztu zuen aurreko udal gobernu taldeak, eta lehenengo igogailua eraikitzeko lanak iazko martxoan hasi zituzten. Zehazki, bi igogailu eta arrapala mekaniko bat martxan daude jada: alde batetik, Osakidentzako kontsultategia eta frontoia lotzen dituena eta bestetik, Aperribai kaleko 34. zenbakia eta 46. zenbakia lotzen dituena, eta tartean bi igogaiu horien arteko arrapala mekanikoa ere.

2018an aurkeztutako proiektuaren infografia egin genuen bere garaian GEURIAn:

galdakao aperribai 2018 igogailuak proiektua google maps

Bigarren eta hirugarren igogailuak eraikita daude jada; lehenengoa eraikitzeko lanak hasiko dituzte urtarrilaren 10ean // Geuria

Bizkai kalean obrak

Bestalde, Bizkai Kalea asfaltatzeko lanei berrekingo die Udalak astelehenean bertan. Horretarako, Urreta eskolaren alboan dagoen biribilgunetik (Frai Ignazio kaletik) A8 autobidearekin lotura duen biribilgunera arte dauden aparkalekuak libre utzi beharko dituzte herritarrek. “Ibilgailu arinentzako pasabidea desbideratu egingo da eta esan bezala, Gorbeia Mendi kaleko eta Bizkai kaleko aparkalekuetan eragina izango dute obrek”, diote udal ordezkariek. Lan horiek 15 egunetko epean burutuko dituzte.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak