→Galdakao

Argindar enpresen kontrako manifestazioa egingo dute bihar Galdakaon

Argindar enpresen eta energia elektrikoaren prezioaren igoeraren kontrako manifestazioa deitu dute azaroaren 6an, larunbatez, Galdakaon. “Salatu nahi dugu enpres elektrikoek etekin handiak lortu dituztela ezinbestekoa den gure etxeetako eta gure merkataritzako energiaren kontura. Enpresa hauek, gainera, ez dute familia ahulenganako, adingabeak beren ardurapean dituzten emakumeenganako edota menpeko pertsonenganako inolako kezkarik erakusten, nahiz eta hauen errealitatea egunetik egunera okerrera egiten duen”, salatu dute manifestazioa deitu dutenek. Hain zuzen ere, Galdakaoko eta Usansoloko zenbait herri-eragilek deitu dute martxa, hala nola, EH Bildu eta Ezker Anitza alderdi politikoek, ELA sindikatuak, Auzo Elkarteek edota Gazteek.

“Gaur egun bost axola zaie elektrikei jendearen ongizatea. Euren etekina handitzeko helburu bakarrarekin, prest daude prezioak aldatzeko, urtegiak husteko, energia guztia guri gas garestienaren prezioan ordainarazteko”, diote: “Esan diezaiegun horrela ezetz, altxa dezagun ahotsa lapurketa honen kontra eta anima ditzagun botere publikoak egoera honekin amaitzeko beharrezko neurriak hartzera”.

Manifestazioa 12:00etan hasiko da Galdakaoko udaletxetik.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak