→Galdakao

Argazkiak | Artzain-txakurrek gogotsu egin dute lan Galdakaoko Mozoilo Egunean

Sargoriak eta hezetasunak ez die Galdakaoko Mozoilo Egunean lehiatu diren artzain-txakurrei lan egitea galarazi. Ardantza parkeko lorategiak, egun batez bada ere, mendi txiki batean bilakatu dira Pupi, Bizi, Indo, Cool, Sandy eta Zeru lau hankako artzain iletsuen beharretarako.

Artzain-txakurra, ardiekin lanean // Geuria

Sargoriak eta hezetasunak ez die Galdakaoko Mozoilo Egunean lehiatu diren artzain-txakurrei lan egitea galarazi. Ardantza parkeko lorategiak, egun batez bada ere, mendi txiki batean bilakatu dira Pupi, Bizi, Indo, Cool, Sandy eta Zeru lau hankako artzain iletsuen beharretarako.

Guztira proba bi egin dituzte: lehenengoan, borobil gune batera eraman ostean, ardiak eskuma edo ezker aldeko hesi batetik igaro behar izan dituzte, hutsik egin gabe. Bigarrenean, txakurrek, bidetxo batetik igaro ostean, zirkulu formadun hesi batera eroan eta bertatik atera behar izan dituzte ondoren. Lehiaketa 11:30ean hasi eta 13:00ak aldera amaitu da, eta honakoak izan dira emaitzak:

  1. Javi Gastañaga eta Cool (Antzuola), 269 puntu
  2. Manuel Gorriti eta Indo (Aizarnazabal), 261 puntu
  3. Bittor Bengoetxea eta Pupi (Galdakao), 255 puntu
  4. Asier Aakosta eta Zeru, 246 puntu
  5. Xabi Gastañaga eta Sandy (Antzuola), 245 puntu
  6. Jon Olivares eta Bizi (Zeanuri), 235 puntu

Hirugarren postua Bittor Bengoetxea Galdakaoztar artzain galdakaoztarrarentzat izan da (Galdakao, 1963), eta beragaz berba egiteko tartetxoa izan dugu: “Gero eta maila altuagoa igerri da Galdakaoko lehiaketan eta ezker-eskubiko proba berria ondo baino hobeto ezagutzen dute txakurrek”. Hego Uribeko artzainaren hitzetan, “gero eta gehiago dira kanpotik txakurrak ekartzen dituzten artzainak: Eskozia, Ingalaterratik, Galesetik…”. Gaurko proben inguruan galdetzean, gaur ikusi dituzten ardiak “motelak” bezala deskribnatu ditu baserritarrak, “artzain txakurren lana ikusteko ardi politak”.

Galdakaoztarraren txakurra, Pupi, Gipuzkoakoa dugu “Guggenheimeko zaindaria bezalakoxea da”, azaldu die lehiaketa ostean txakurra laztantzera hurbildu diren herritarrei barretan. Galdakaokoa Pupiren bigarren proba izan da: “Pupi Bekean estreinatu zen eta bertako txapelketan lehen postua eskuratu zuen”, azaldu du Bengoetxeak. Bigarren proba egiten ari zela, Mozoilo Eguneko kontzertuetako soinu-probek txakurra ikaratu eta bere lana behar bezala egiteko zailtasunak ipini arren, azkenean aurrera egin du Pupik: “Zorte txar apur bat izan badut ere, poz-pozik nago Pupik egindako lan bikainagatik”.

Txakurra amateurra badugu ere, Bittor beteranoa dugu artzaintzan: 2000 urtetik egiten du lan artzain-txakurrekin. 22 urte hauetan egunero egin izan du lan txakurrekin eta ardiekin, baserrian zein Gipuzkoako Fraisoro Nekazaritza Eskolan ere.

 

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak