→Galdakao

Galdakaoko aurrekontu parte-hartzaileen azken fasea martxan da: bozketa

galdakao udaletxea kurtzeko plaza

Hamabi proiektu ezberdinen artean hiru bozkatu ahal izango dituzte herritarrek uztailaren 25era bitartean.

Hamabi proiektu ezberdinen artean bozkatuko dute herritarrek // Geuria

Galdakao seguruagoa eraikitzea, arnasgune berde bihurtzea, auzoetarako sarbideak hobetzea, espazio ludikoak, mugikortasuna, Ibaizabal ingurua, kulturarako lokalak, herria ezagutzeko ibilbideak, adinekoentzako nutrizio arreta zerbitzua, Arantzelai, denetariko jardueretarako espazio estalia eta adinekoentzako ariketa egiteko aparatuak. Horien artean bozkatu beharko dute herritarrek 2022ko aurrekontuak zehazteko.

Bozketa fasea dagoeneko zabalik dago 16 urtetik gorako herritarrentzat, uztailaren 25era bitartean. Hiru proiekturen aldeko botoa eman ahal izango du bakoitzak, udal webgunean edo udal egoitzetan eta beste hainbat gunetan jarriko diren hautetsontzietan (udaletxean, Torrezabalen, Urretako eta Unkinako kiroldegietan, ESANen, Txapelenan, Aperribaiko liburutegian, Auzokide Elkarteen lokaletan —Bengoetxe: uztailak 15, 19:00-20:30; Aperribai: uztailak 19, 18:00-20:00; Bitsi: uztailak 21, 19:00-20:30; Bekeako eskola: uztailak 16, 09:30-11:00—, Arkotxan —San Vicente elizaren parean: uztailak 21, 10:00-11:00—, Erletxen —elizaren ondoko aparkalekuan: uztailak 21, 11:30-12:30—, Elexalden —uztailak 21, 13:00-14:00—, Altamiran —bidegurutzean: uztailak 22, 10:00-11:00—, eta Artetan —San Anton Txikerra baselizan: uztailak 22, 11:30-12:30—). Herritar bakoitzak botoa emateko eskuorria jaso du edo jasoko du bere etxean. Irailean jakitera emango dute zein proiektu aukeratuko duten, “eta aurreikusitakoa baino inbertsio txikiagokoa hautatzen bada, osatu egingo da edo beste proiektu bat ere gauzatzea erabakiko da”, diote udal ordezkariek.

Aurreko aldietan bezala milioi bat euro zerbara bideratu erabakiko dute herritarrek, baina aurten, proposamenak landuago eta osatuago daude. Izan ere, ekainean zehar proiektuak elkarlanean garatzeko eta hobetzeko saioak antolatu zituzten: “Parte-hartze prozesua sakonagoa izan da aurten. Aurreko bi aldietan herritarrek proposatu zituzten eta aurrera egin ez duten ideiak hartu dira oinarri oraingoan: 618 proposamen. Udal ordezkari, teknikari eta herritarrek osatutako talde eragileak ekarpen guzti horiek jaso, bateratu, bideragarri ez zirenak baztertu, eta 25 proposamen aurkeztu zituen. Ondoren, parte hartzerako egin den prozesuan, 12 proposamenetan batu dituzte gaikako asanbladatan eta laguntza teknikoarekin, eta horien artean aukeratu beharko dute orain herritarrek”, dio Maite Arandia Ogasun zinegotziak. Proiektuak garatzeko batzarretan 51 lagunek hartu zuten parte.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak