→Galdakao

Galdakaoko aurrekontu parte-hartzaileetan 115 proposamen onartu dituzte eta 84 baztertu

Onartu dituzten 115 proposamenen artean herritarrek bozkatu egin beharko dute orain. Bozkatzeko epea zabalik dago urriaren 26ra arte.

Onartutako proposamenen aurkezpen publikoa egin zuten urriaren 19an Torrezabalen // Argazkia: Galdakaoko Udala

2021eko aurrekontua zehazteko bidean da Galdakaoko Udala. Aurreko urteetan bezala, aurten ere aurrekontu parte-hartzaileak jarri dituzte abian eta guztira 373 ekarpen jaso dituzte herritarrengandik. Horietatik errepikatuta zeudenak batu, proposamenen egileak Galdakaon erroldatuta daudela ziurtatu eta bakoitzaren eskaera bakarra onartzen dela egiaztatu ondoren, 199 igaro ziren azterketa teknikora.

Egiangarriak diren proposamenak aztertu ondoren, 115 onartu dituzte udal teknikariek eta gainerako 84 proposamenak baztertu dituzte, “batez ere, proiektu bakoitzerako ezarritako 200.000 euroko muga gainditzen dutelako, edota Udalaren eskumena gainditzen dutelako”, diote udal ordezkariek. Onartutako proposamenetatik nabarmentzekoak dira, besteak beste: Bidegorri bat Aperribaitik Galdakao erdigunera, herriko autobus geltokietan markesinak jartzea, Usansolon kirol-erabilera anitzeko pista eraikitzea, kaleko argiztapena hobetzea, Laminarrietan behin behineko aparkaleku bat eraikitzea, Usansoloko kiroldegiko instalazioak berritzea, ortu publikoen eskaintza zabaltzea edota Olabarri auzoan irisgarritasuna hobetzea. “Proposamen gehienak (44) obrak eta zerbitzuak alorrei dagozkienak dira; kirol proposamenak 21 dira, jasangarritasunari lotutakoak 19, hirigintzari dagozkionak 11, mugikortasunerakoak zazpi, kulturari lotutakoak bost, lau hezkuntza alorrekoak, eta bina berdintasunari eta gazteriari dagozkienak”, diote udal ordezkariek.

“Ekarpen gehienak Kurtzea ingurutik eginak izan dira (62); Usansolotik heldu dira 31, eta Urretatik 28. Bengoetxen hamabost proposamen egin dira, Aperribain hamalau, Zabalean hamaika, Gorosibain bederatzi, Bekean zortzi, Elexalden sei, Olabarrietan bost, Tximelarren lau, Zuhatzun eta Zuhatzaurren bina, eta Labeagan eta Gumuzion bana.

Bozkatzeko epea, zabalik

Onartutako proposamenen aurkezpen publikoa urriaren 19an, astelehenez, Torrezabalen egin ondoren, urriaren 20an bozkatzeko epea zabaldu du Udalak, hilaren 26ra arte. Bozkatzeko bideak bi dira: udal webgunearen bitartez edo zuzenean udaletxean, Torrezabalen, Urretako kiroldegian, Aperribaiko liburutegian, Txapelenan eta Bengoetxe auzo elkartearen zein BITSI auzo elkartearen egoitzetan jarritako hautetsontzietan.

Galdakaon erroldatuta dagoen 16 urtetik gorako herritarrek hartu dezakete parte bozkaketan. Botoa behin bakarrik eman ahal izango da, eta herritar bakoitzak proposamen guztien artean gehienez bost aukeratu ahal izango ditu (gehiago markatu ezkero bozkak ez du baliorik izango).

Bozketaren emaitza urriaren 19an emango dute jakitera. Aurrekontuan txertatzeko proposamenak, hurrenkeraren arabera, proposamen bozkatuenak izango dira, parte-hartze horrentzat gordeetako milioi bat euroak osatu arte, aurrekontu hori inoiz ere gaindituko ez duelarik. Txertatu beharreko proposamenak udal webgunean argitaratuko dituzte.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak