→Galdakao

Aurrekontu parte-hartzaileetan 56 proposamenen artean bozkatuko dute galdakoztarrek

Bozkatzeko epea zabalik dago ekainaren 27tik uztailaren 15era // Geuria

2023ko eta 2024ko aurrekontua zehazteko lanean da Galdakaoko Udala. Aurrekoetan bezala, prozesu parte-hartzailea zabaldu dute: aurten guztira 230 proposamen egin dituzte herritarrek. Udal teknikariek balorazio teknikoa egin ondoren, batzuk baztertu eta guztira 56 proposamenen artean bozkatu beharko dute galdakoztarrek. Besteak beste, proposamenen artean daude: Bekeako garbitegi zaharra berreskuratzeko lanak egitea; taxi zerbitzua ezartzea; haurrekin memoria historikoa lantzea; grafitien lehiaketa, ikuskizuna edota ekitaldia egitea; Bidegorri ingurua konpontzea; Urtebietako aparkalekuak hobetzea; hiri-basoak sortzea; irisgarritasuna hobetzea; berdegune gehiago jartzea; edota gazteentzat kaleko jarduerak egitea. Bozketa fasera igaro diren proposamen guztiak esteka honetan kontsulta daitezke.

Bozkatzeko epea zabalik dago ekainaren 27tik uztailaren 15era arte. Plataforma digitalaren bitartez eman daiteke bozka, baina aurrez aurre ere bozkatu dezakete herritarrek adinekoen zentroetan eta Torrezabalen, Aperribaiko liburutegian, Txapelenan, Esan bulegoetan edo udaletxean jarriko dituzten hautestontzietan. Bozka 16 urtetik gorako galdakoztarrek eman dezakete. “Herritar bakoitzak hiru proposamen bozkatu behar ditu, eta eremu bakoitzean boto gehien jaso dituzten proposamenak aukeratuko dira, aurrekontua agortu arte, horiek gauzatzeko 2023an eta 2024an zehar”, dio Olaia Parra Parte-hartze arloko zinegotziak. Guztira milioi bat euro bideratuko ditu urte bakoitzeko Udalak aurrekontu parte-hartzaileetan. Emaitzak uztaila eta abuztua artean emango dituzte jakitera.

Bozketa fasearen berri emateko prentsaurrekoa egin dute gaur goizean udaletxean // Geuria

“Proposamen gehienak inbertsioak dira, baina zerbitzuak, jarduerak eta programak ere badaude bozketa fasean”, dio Unai Amezaga Parte-hartze arloko teknikariak: “56 proposamen horietatik 29 batzar irekietatik atera dira, 14 plataforma digitaletik, 6 haurren kontseilutik, 5 adinekoen zentroetatik eta 2 Topaguneetatik. Bermatu dugu eremu guztietan proposamenak egotea”. Hain zuzen ere, aurten nobedade bezala, zortzi gune bereizi dituzte, “aurrekontua auzoka parekatzeko”, dio Maite Arandia Ogasun arloko zinegotziak. Eremu horiek dira: Elexalde-Altamira-Bekea-Olabarri-Gumuzio (190.000 euro); Erdigunea (70.000 euro); Zuhatzu-Upomendi-Tximiolarra Behekoa (90.000 euro); Aperribai-Olabarrieta-Txistulanda (140.000 euro); Usansolo (110.000 euro); Urtebieta-Zuhatzaurre-Tximiolarra Goikoa (140.000 euro); Bengoetxe-Troka-Ergoien (160.000 euro), eta Galdakao osoa (100.000 euro).

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak