→Galdakao

2023ko aurrekontua zehazteko herritarren proposamenak bilduko dituzte apirilean Galdakaon

// Geuria

Galdakaok hasi du jada 2023ko aurrekontua zehazteko prozesua. Hain zuzen ere, aurrekontu parte-hartzaileen prozesua martxan jarri du Udalak beste urte batez. Aurten, gainera, berrikuntzekin dator prozesua: alde batetik, zonaldeka banatuko dute dirua, “sor litezkeen desorekak saiheste aldera”; bestetik, gauzatuko diren proposamenak ez dira eraikuntzara bideratuko, zerbitzuetara ere bideratu beharko da zati bat; 2023rako proposamenez gain, 2024ra begirakoak ere jasoko ditu aurten Udalak, “proiektuen lanketa sakonagoak errazte aldera”; eta azkenik, ekarpenak jasotzeko plataforma digital berria eratu dute: erabaki.galdakao.eus ataria, alegia.

Datorren urterako milioi bat euro zertara bideratu erabakiko dute herritarrek. Zehazki, talde eragileak —herritarrak, udal teknikariak eta zinegotziak daude talde eragilean eta otsailaren 21ean osatu zuten— herritarrekin batera adostutako zortzi gune bereizi dituzte dirua modu honetan banatzeko: Elexalde-Altamira-Bekea-Olabarri-Gumuzio (190.000 euro); Erdigunea (70.000 euro); Zuhatzu-Upomendi-Tximiolarrabehekoa (90.000 euro); Aperribai-Olabarrieta-Txistulanda (140.000 euro); Usansolo (110.000 euro); Urtebieta-Zuhatzaurre-Tximiolarragoikoa (140.000 euro); Bengoetxe-Troka-Ergoien (160.000 euro), eta Galdakao osoa (100.000 euro). 2024an ere milioi bat bideratuko dute aurrekontu parte-hartzaileetan.

Aurrekontu parte-hartzaileak fasetan burutuko dira, aurreko hiru edizioetan bezala. Guztira bost fase izango dira: proposamenak aurkeztea; irizpideak betetzen direla egiaztatzea eta proposamenak taldekatzea; proposamenei babesa adieraztea; balorazio teknikoa; eta bozketa. Proposamenak egiteko epea zabalik egongo da apirilaren 4tik 22ra bitartean. Horretarako hainbat bide izango dituzte herritarrek: erabaki.galdakao.eus plataformaren bidez; udaletxean, ESAN bulegoan, Torrezabalen, eta Aperribai eta Usansoloko liburutegietan jarriko dituzten kutxatiletan proposamena sartuz; eta Topaguneetan eta Haurren Kontseiluan, adinekoen egoitzetan eta gazte elkarteetan. Era berean, bilera irekiak deituko dituzte apirilaren 4tik 7ra bitartean (19:00etatik 21:00etara): apirilaren 4an Bekeako Eskolan eta Txapelenan; apirilaren 5ean Torrezabalen eta Urtebietako udal lokalean; apirilaren 6an Plazakoetxeko txaletean eta Aperribaiko liburutegian; eta apirilaren 7an Bengoetxeko adinekoen zentroan. Bilera irekietan parte hartzeko izena eman behar dute interesdunek. Plataforma digitalaren bitartez eman dezakete izena edo 688 830 479 telefono zenbakira deituz edo partaidetza@galdakao.net helbide elektronikora mezua idatziz.

Proposamenak egin eta gero, irizpideak betetzen direla egiaztu eta proposamenak taldekatuko dituzte (apirilak 25-29). Ondoren, proposamenen aldeko kanpainak egiteko aukera izango dute herritarrek maiatzaren 2tik 17ra: “Hirugarren fase hau berria da. Herritarrek proposamenean aldeko babesa adierazi ahalko dute plataformaren bitartez, edo aurrez aurre hainbat tokitan”, dio Olaia Parra Parte-hartze arloko zinegotziak. Hirugarren fase horretan ere proposamenen kopurua mugatuko dute: “Gehienez 64 baloratuko dira, 8 esparru bakoitzeko. Eta gune bakoitzean babes gehien lortzen duten 8 proposamenak prozesuaren hurrengo faseetara igaroko dira”, dio Parrak. Ondoren, maiatzaren 18tik ekainaren 10era bitartean balorazio teknikoa egingo dute, eta bozketa ekainaren 27tik uztailaren 15era bitartean izango da. “Eremu bakoitzean gauzatuko diren proiektuak aukeratzeko bozketan parte hartu ahalko dute Galdakaon erroldatuta dauden eta 16 urte edo gehiago dituztenek. Bakoitzak hiru proposamen bozkatu ahalko ditu, telematikoki plataformaren bidez, edo aurrez aurre”, dio Parrak. Emaitzak uztailean jakinaraziko ditu Udalak.

Jarraipena eta kanpainak

Plataforma digitala nobebedadea da aurtengo aurrekontu parte-hartzaileen prozesuan. “Plataforma horri esker parte hartzeko prozesuen kudeaketa erraztuko da, eta 2020tik aurrerako aurrekontu parte hartzaile guztietako proiektuen jarraipen zuzena egin ahal izango da”, dio Unai Amezaga Parte-hartze arloko udal teknikariak. Plataforma erabiltzeko herritarrak erregistratu beharko dira, eta hainbat gauza egin ahal izango dituzte: proposamenak egin; beste auzokide edo taldeek egindako proposamenak ezagutu, iruzkindu edo hobetu; gogoko dituzten proposamenei babesa adierazi; proposamenen aldeko kanpaina egin eta sare sozial propioen bitartez zabaldu; proposamenen aldeko botoa eman; eta aurreko urteetako konpromisoen betetze maila jarraitu eta aurrerapenen berri zehatza izan.

2020an hasi zen Galdakaoko Udala aurrekontu parte-hartzaileak sustatzen. “Aurreko edizioetako ebaluazioa eta analisia egin ondoren, indarguneak eta ahulguneak identifikatu ditugu, eta elkarrekin datorren urteetako prozesuak diseinatu ditugu”, dio Parrak: “Plataforma digitala nobedade oso garrantzitsua da. Oso erabilgarria da eta erraza aldi berean. Mugikorrarekin erabili daiteke”. Plataforma digital berriak ez ditu ordezten parte hartzeko beste bideak. Horrelako plataformak Getxon eta Iruñan ere erabiltzen dituzte parte-hartze prozesuetarako.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak