☉ Galdakao
Antenna zentroa eraikitzeko obrak urte amaieran hasiko ditu Udalak
Galdakaoko Udalak 33.188.151 euroko aurrekontua izango du aurten, iaz baino %5,36 gehiago. Inbertsioetarako 4 milioi euro bideratuko ditu.

2018. urterako izango duen aurrekontuaren berri eman du gaur Galdakaoko Udaleko gobernu-taldeak. Guztira, 33.188.151 euroko aurrekontua izango du Galdakaok, iaz baino 812.993 euro gehiago (%5,36).
Aurreko kontuekin alderatuta, aurten inbertsioek nabarmen egingo dute gora Udalkutxak udalerrietan banatu duenari esker eta guztira 4.048.438 euro bideratuko dituzte inbertsioetara (iaz 2,1 milioi erabili zituen udal gobernu taldeak inbertsioetarako). “Gure baliabideekin egingo ditugun inbertsioak dira eta, aurrekontuko aldaketa baten bitartez, iazko gerakinak ere erantsi beharko lirateke. Horrela aukera izango dugu, esaterako, N-634an biribilgune bat eta Andraenea emakumeen zentroa egiteko“, dio Ibon Uribe Galdakaoko alkateak. Inbertsioak hiru zatitan banatu dituzte: azpiegiturak eta instalakuntza orokorrak (2.356.677 euro), auzoetan inbertsioak (1.119.789 euro) eta inbertsio estrategikoak (557.007 euro).
Inbertsio estrategikoei dagokienez, proiektu bakar batera bideratuko du udal gobernu taldeak. Hain zuzen ere, Antenna kultura zentroa eraikitzeko bideratuko dituzte 557.007 euro. “2018 urte amaieran Antenna proiektuaren lehen harria jartzea aurreikusi dugu“, dio Uribek: “Aurrekontuaren proiekzioa 2023raino egin dugu, gastu arrunta optimizatzeko eta inbertsio garrantzitsu hau egiteko, aurrekontuaren egiturari eragin barik“. Zentu horretan, guztira 6.200.000 euro inguru inbertituko dituzte Antenna eraikina egiteko. Lapurdiko txandakako aparkalekua dagoen lekuan kokatuko dute Antenna: “Antennak ez du aparkalekuko lursail osoa hartuko, eta beraz ez ditugu aparkaleku guztiak kenduko, batzuk baizik”, azpimarratu du Uribek: “Kenduko ditugun aparkalekuak inguruko beste leku batzuetan egingo diegu lekua”.
Beste inbertsioak izango dira: Bizkai kalea berurbanizatzea udaletxeraino eta txandakako aparkaleku berria egitea (458.000 euro); N-634ko oinezkoen pasabidea botatzea, Urretan (188.000 euro); kirol anitzeko kantxa egitea Lapurdin; ludoteka berriak eraikitzea San Inazio, Bengoetxe eta Urretan (177.000 euro); Elexaldeko futbol zelaiko belar artifiziala ordezkatzea (225.000 euro); Zuhatzu eta Arkotxako Galdakaoko zatia urbanizatzea; Urtebietan pantaila akustikoak jartzea A-8 errepidearekiko; Meatzetan zorua konpontzea; Torrezabalen bularra emateko gune publikoa sortzea (40.000 euro); Bernart Etxepare kalearen urbanizazinoa; Esan bulegoa Usansolon eraikitzea; Olabarri auzoan argiteria publikoak jartzea; karteldegi digitala udalerrian zehar hedatzea informazio-gune publiko gisa; eta Udalaren app-a garatzeko bigarren fasea.
Gastuak handitu
Txema Larrazabal Gizarte-ekintza eta Enpleguko zinegotziak azaldu duenez, hainbat udal departamentutan gastua handituko dute. Esate baterako, enpleguan %19,5, gizarte-ekintzan %12,5, berdintasunean %12,1, kulturan %11 eta udal langilerian %5,8 handituko dute gastua. “Hazten jarraitu gura dugu beharrizan handiagoak daukatenei lagunduz eta, enpleguaren kasuan, inbertitzearen aldeko apostua egiten jarraituko dugu, langabeziako %10eko tasara hurreratzeko helburuarekin“.

Txema Larrazabal zinegotzia eta Ibon Uribe alkatea 2018ko aurrekontuaren zirriborroaren aurkezpenean // Geuria
Andrenea Emakumeen Etxea, Aperribai eta Formica urbanizazioa
Aurrekontuaren zirriborrotik kanpo egon arren, udal gobernu taldeak beste inbertsio batzuk ditu buruan datozen urteetan betetzekoak. Horiek dira: Galdakaoko Emakumeen Etxea, Andraenea, eraikitzea (500.000 euro), Aperribai auzoko irisgarritasuna hobetzea (3.000.000 euro), eta Formica enpresa zegoen eremua berurbanizatzea (900.000 euro).
“Alde batetik, emakumeei zuzendutako ahalduntze eskola bat sortu nahi dugu Galdakaon, Basaurin Marienea edota Ermuan Emakumeen Topalekua duten bezala. Andraenea ez da behin betiko izena izango: parte-hartze prozesu bat zabalduko dugu herritarren artean izen definitiboa adosteko. Lehendakari Agirre plazan eraikiko dugu, haurreskolarekin simetrikoki. Bestetik, Aperribai auzorako sarbidea eta bertako irisgarritasuna hobetzeko obrak hasi nahiko genituzke. Eta amaitzeko, Formica enpresa zegoen gunean esku hartu nahi dugu, bertan biribilgune bat eraikiz edo industriagunea sortuz“, dio Uribek.
Aurreikuspenen arabera, apirilaren 10ean onartuko dute aurtengo aurrekontua, ezohiko osoko bilkuran (09:00etan). Aurrekontuaren zirriborroa oposizioari aurkeztu diote martxoaren 12an eta zuzenketak egiteko aukera izango dute ezohiko osoko bilkura ospatu aurretik.
☉ Galdakao
Igerilekuan liburutegi bat sortzeko proposamena landuko du Haurren Kontseiluak Galdakaon
Gainera, datozen inauterietarako ekintzak proposatzea eta gazteentzako sukaldaritza ikastaroak ideiatzea ere landu beharko du Haurren Kontseiluak

Harren Kontseilua martxan da beste ikasturte batez Galdakaon. Oraingoa bosgarrena da eta atzo, urriak 28, hasi zen lanean.
Lehen Hezkuntzako 4. eta 5. mailako ikasleak hilero bilduko dira eta Galdakao hobetzeko ideia berriak landuko dituzte.
Ikasturte honetan, esaterako, gai hauek landuko ditu Haurren Kontseiluak: datozen inauterietarako ekintzak proposatzea, gazteentzako sukaldaritza ikastaroak ideiatzea, eta igerilekuan liburutegi bat sortzeko proposamena lantzea.
Proposamen horiek Kontseiluko kide guztien artean eztabaidatu eta adostu beharko dituzte hurrengo bileretan, eta Galdakaoko Udalak kontuan izango ditu.
Haurren ideiak lehen lerrora
Galdakaoko Haurren Kontseilua parte hartzerako udal organo dinamiko bat da. Helburua da herriaren hobekuntza prozesuan gazteek duten ikuspegia txertatzea.
Kideak aniztasuna bermatzen duen ausazko zozketa baten bidez hautatzen dituzte, eta ikasturtean zehar hilero biltzen dira, hirigintza, aisialdia, segurtasuna, mugikortasuna, jolas guneak edo haiek garrantzitsutzat jotzen duten beste edozein gairi buruz eztabaidatu eta proposamenak egiteko, betiere jolasean eta parte hartzean oinarrituta.
Orain arte, Kontseiluak 57 proposamen aurkeztu ditu guztira. Horietatik 11 onartu dituzte eta 1 ebaluazio fasean dago.
“Balantzeak organoak duen dinamismoa eta haurren ikaskuntza prozesua islatu egiten ditu; haien ideiak eztabaida eta parte hartzearen bitartez herria hobetzeko ekintza erreal bihur daitezkeela ulertzen ikasten dute”, diote udal ordezkariek.
Haurren Kontseilua gaztetxoak pertsona eta herritar gisa indartzeko aukera bikaina dela uste du Udalak, “eta, aldi berean, haien ikuspegia udal politiketan eta ekintzetan txertatzeko bide zuzena”.
☉ Galdakao
Galdakaoko PSEk lokal publikoen inbentarioa egitea eskatuko du urriko osoko bilkuran
Herritarrentzat hainbat jardueratarako erabil daitezkeen udal jabetzako lokal, espazio eta eraikinen inbentarioa egitea eskatuko du alderdi sozialistak

Galdakaoko PSEk herritarren eta elkarteen jardueretara bidera daitezkeen udal lokalen, espazioen eta eraikinen inbentarioa eskatuko du urriko osoko bilkuran, bihar, urriak 30.
Era berean, titulartasun publikokoak izan arren oraindik erabiltzeko behar bezala egokituta ez dauden lokalak jasotzea eskatuko du alderdi sozialistak.
“Gainera, udalerriko auzoetan banaketari dagokionez dauden baliabideen azterketa egitea ere eskatuko dugu, gabezia gehien dituzten auzoak zeintzuk diren baloratzeko”, adierazi du Victor Trimiño PSEko bozeramaileak.
Ildo horretan, duela 17 hilabete onartutako Parte-hartze Ordenantza betetzeko aldarrikatuko du alderdi sozialistak Galdakaoko osoko bilkuran: “Partaidetzari buruzko Ordenantzan, 2024ko martxoan onartua, gai hori aipatzeak ere ez du aurrerapausorik ekarri”, dio Trimiñok.
“Ordenantzan bertan jasotzen den urteko konpromisoa ez da betetzen. Aldarrikapen hori bat dator talde politiko, erakunde eta bizilagunen artean partekatutako diagnostiko batekin: Galdakaon erabilera komunitariorako espazio eta lokal publiko gehiagoren beharra. Gainera, talde sozialistak urteetan zehar eskatu du partida ekonomikoak sartzea udal aurrekontuetan, baliabide mota horiek handitzeko edota daudenak egokitzeko”, adierazi du Trimiñok.
PSEko bozeramailearen arabera, “informazio zehatza duen inbentario batek gaur egun eskuragarri dauden lokalen eta baliabideen errealitatea argituko luke, diagnostiko zehatza egin ahal izateko eta egoera hobetzeko eta antzemandako beharrei aurre egiteko politika egokiak egin ahal izateko”. Inbentarioa bi hilabeteko epean publikatzea eskatuko du PSEk urriko osoko bilkuran.
☉ Galdakao
Jose Mari Argoitia galdakoztarra hil da, Basconiako eta Athleticeko futbolari ohia

Athleticek jakinarazi duenez, Jose Mari Argoitia futbolari ohia hil da gaur 85 urterekin. Jaiotzez Galdakaokoa, Arkotxarekin lotura handia izan zuen, familia bertakoa baita.
Basauriko CD Basconian jokatu ostean, hirurogeiko hamarkadan fitxatu zuen Athleticek eta 1972an taldea utzi zuen: hamabi denboralditan 308 partida jokatu zituen eta 69 gol sartu zituen. Besteak beste, Piru Gainza basauriarra bere entrenatzaile izan zen.
1969ko Kopa irabazi zuen, eta Argoitiak Anton Arietari asistentzia eman zion titulua lortzeko erabakigarria izan zen golean.
“Athleticekiko leialtasun handia izan zuen. Bere familiak bere oparia jaso zuen atzo, hil bezperan, elkarteko bazkide gisa 75 urte baino gehiago betetzeagatik. Lezamako beheko mailetan entrenatu zuen, filialeko bigarren entrenatzailea izan zen eta Jose Luis Mendilibarren laguntzailea ere bere lehen taldean egin zuen denboraldi bakarrean. Klubari laguntzeko beti prest, bikote paregabea osatu zuen Koldo Aguirre peñen enbaxadore zela”, adierazi dute klub bizkaitarretik.
Athleticek besoko beltza jantziko du urriaren 25ean Getaferen aurka jokatuko duen partidan.
☉ Galdakao
Galdakaoko aparkalekuen okupazioa denbora errealean kontsultatzeko aukera dute orain herritarrek
Galdakao app-a eguneratu du Udalak. Herriko aparkalekuen okupazioaz gain, garraio publikoari buruzko informazio zehatza ezagutu dezakete galdakoztarrek

‘Galdakao’ sakeleko telefonoko aplikazioa eguneratu du Udalak. Eta eguneraketa horri esker, herritarrek anbulatorioko, Lapurdiko eta udaletxe ondoko aparkalekuen okupazioa denbora errealean kontsultatu ahal izango dute.
“Mapa interaktibo baten bidez, erabiltzaileek bakoitzean zenbat aparkaleku libre dauden ikus dezakete, baita hautatutako parkingera iristeko jarraibide zehatzak jaso ere”, diote udal ordezkariek.
Era berean, garraio publikoari buruzko informazio zehatza jaso ahalko dute herritarrek eguneraketari esker: Euskotreneko trenetarako itxaron denbora kontsultatzea eta Galdabusaren bi lineei buruzko informazioa ezagutzea, hain zuzen.
“Zuhatzu-Galdakao tren geltokitik igarotzen diren trenetarako itxaron denbora kontsultatu daiteke, bai Bilboko noranzkoan, baita Bermeo, Eibar eta Donostiako noranzkoetan ere. Horrela, herritarrek euren joan-etorriak modu eraginkorragoan antolatu ahal izango dituzte, alferrikako itxaronaldiak saihestuz”, diote.
Galdabusari buruzko informaziori dagokionez, erabiltzaileek mapa interaktiboan ikus dezakete geltoki guztien kokapen zehatza, baita ibilbide bakoitzaren eguneratutako ordutegiak ere.
Zerbitzu horiek eskaintzeaz gain, ‘Galdakao’ app-ak honako funtzionalitateak ditu: azken berriak ezagutzea; agenda kontsultatzea eta sarrerak eraostea; Bizkaibus lineei buruzko informazioa; botika eta guardiako farmazien kontaktuak; liburutegien eta kiroldegien informazioa eta horietan tramiteak egiteko aukera; ESAN Herritarren Arretarako Bulegoarekin zuzenean harremanetan jartzeko aukera; abisuak eta iradokizunak bidaltzea; edota Udalean egin daitezkeen administrazio tramite guztiei buruzko informazio zehatza kontsultatzea.
“Udalaren aplikazioaren bidez, eta horren azken eguneratzearekin, Udalak digitalizazioarekiko eta zerbitzu publikoak hobetzeko duen konpromisoa berresten du, herritarren egunerokoan erabilgarriak diren tresnak guztien eskura jarriz. Hortaz, aplikazioa sakelako telefonoan jartzeko gonbita egiten die Udalak herritarrei, informazioa uneoro eskura izan dezaten”, diote. App-a Android zein Apple gailuetan deskargatu dezakete herritarrek.
☉ Galdakao
Galdakaoko Batzokiak 120 urte bete ditu eta hori ospatzeko ekitaldia antolatu dute urriaren 26an
Ikurrin igoera, ekitaldi politikoa, luntxa eta argazki erakusketa antolatu dituzte igandean Galdakaoko Batzokiaren 120. urteurrena ospatzeko

Galdakaoko Batzokiak 120 urte bete ditu eta urteurrena ospatzeko ekitaldia antolatu du EAJk urriaren 26an, igandez.
Iturrondo plazan izango da ospakizun ekitaldia 12:00etan: ikurrin igoera, ekitaldi politikoa, luntxa eta argazki erakusketa antolatu dituzte.
Iñigo Ansola Bizkai Buru Batzarreko (BBB) presidentea izango da ekitaldian; berak emango du hitzaldia ekitaldi politikoan.










