→Galdakao

Galdakoztarrek proposatutako 115 egitasmoetatik 11 txertatuko dituzte 2021ko aurrekontuan

galdakao udaletxea kurtzeko plaza

Besteak beste, tenis eta padel pistak, bidegorria eta Usansolon skateparka eraikiko dituzte 2021ean Galdakaon.

Besteak beste, tenis eta padel pistak, bidegorria eta Usansolon skateparka eraikiko dituzte 2021ean Galdakaon // Geuria

Tenis eta padel pistak eraikitzea, Aperribaitik Galdakao erdigunera bidegorria egitea, Usansolon Skatepark bat eraikitzea, Sixta Barrenetxeako biribilgunea txikitzea, Unkinako igerilekuaren sarrera berotzea, Usansoloko parke berrian tirolina bat jartzea, Unkinako kiroldegian foko berriak ipintzea, Urreta ikastetxeko aldageletan berogailuak jartzea, tenis kantxak egitea, Berezikoetxen ping pong mahaiak jartzea, eta Aperribain, Galdakao erdigunean eta Usansolon plastikozko tapoiak batzeko edukiontziak jartzea. Horiek dira 2021eko aurrekontuan txertatuko dituzten herritarren proposamenak.

Guztira milioi bat euroko inbertsioa dakarte esku hartze horiek. 200.000 euroko hiru proposamen, 150.000 euroko bat, 80.000 euroko bi, 30.000 euroko bat, 20.000 euroko bat, 15.000 euroko bi, eta 10.000 euroko bat. Herritarrek proposatutako 115 egitasmoetatik 11 horiek dira gauzatuko dituena Galdakaoko Udalak 2021ean. Proposamen bakoitzak jasotako babes kopuruaren arabera aukeratu dira 2021eko udal aurrekontuan txertatuko diren proiektuak. Aukeratutako lehen zazpi proposamenak boto gehien jaso dituztenak dira, eta zortzigarrenetik aurrera, milioira heltzeko geratzen den diruarekin gauza daitezkeenak dira. “Hurrenkeran egokituko liratekeenak zerrendara gehituta gainditu egingo lukete milioi bat euroko aurrekontua, eta beraz, boto kopuruaz gain aurrekontua hartu da kontutan”, diote udal ordezkariek.

Aurrekontu parte-hartzaileen prozesua iraila bukaeran jarri zuen martxan Udalak. Urriaren 5era arte herritarrek euren proposamenak bidaltzeko izan zuten, eta urriaren 19an proposamenen jendaurreko aurkezpena egin zuten Torrezabalen. Herritarrek urriaren 20tik 26ra bitartean bozkatu ahal izan zuten, eta urriaren 29an bozketen emaitzak argitaratu dituzte. Bozketa fasean, guztira, 1.085 boto jaso dituzte, “baina baliogabeak alboratuta”, 979 boto izan dira erabakitzaileak.

Hauek dira, hurrenez hurren, babesik handiena jaso duten eta beraz gauzatuko diren proiektuak:

1- Tenis eta padel pistak. Galdakaon tenisean eta padelean aritzeko pista bana soilik daudenez, kirol hori herri guztian sustatzea eskatzen du proposamenak. 200.000 euroko aurrekontua du. 168 boto jaso ditu.

2- Bidegorria. Aperribaitik Galdakao erdigunera bidegorria, Olabarrietatik, Bengoetxetik, Zuatzaurretik eta Urretatik igarota. Bizikletaren erabilera garraio garbi eta seguru gisa sutatzea du helburu proposamenak. 200.000 euroko aurrekontua. 166 boto jaso ditu.

3- Skatepark bat Usansolon. Berriki eraiki den Emakumeen plazako belargunean skateparka eraikitzea proposatzen du; Etxebarrikoaren antzekoa egitea, edo U itxurako bat. Usansoloko haur eta gazteei begirako proposamena da. 150.000 euroko aurrekontua du eta 150 boto jaso ditu.

4- Sixta Barrenetxeako biribilgunearen erradioa txikitzea. 200.000 euroko aurrekontua. 140 boto jaso ditu.

5- Unkinako igerilekuaren sarrera berotzea. Unkinako kiroldegian, aldageletatik igerilekuraino korridorea hotza da. Dutxen gunetik igerilekurainoko bidean tenperatura aldaketa handia dago eta erabiltzaileak hoztu egiten dira. Eremu hori berotzeko, berogailu sistema jarri, haize korronteak ezabatu eta korridoreko sabaiak jeistea erabaki dute herritarrek, 138 botorekin. 80.000 euroko aurrekontua du.

6- Tirolina. Usansoloko parke berrian tirolina, sokekin osatutako egitura edo kolunpio handi bat jartzea. 132 boto eta 20.000 euroko aurrekontua.

7- Foko berriak Unkinako kiroldegian. Foko berriak jartzea eskatu dute herritarrek, onena led modukoak jartzea litzatekeela zehaztuta. Aurrezpen ekonomikoaz gain energetikoa ere ekarriko du. 138 botorekin onartu da eta 80.000 euroko aurrekontua du.

8- Berogailua Urretako aldageletan. Urreta eskolako ikasleek gorputz hezkuntzako saioen ondoren derrigor dutxatu behar izaten dute. Erabiltzen dituzten aldagelak patio artean daude eta ez dute berotze sistemarik. Aldagela bakoitzean bi berogailu jartzeko proposamena onartu dute herritarrek, 97 botorekin. 30.000 euroko aurrekontua du.

9- Tenis kantxak egitea. 15.000 euroko aurrekontua tu eta 92 boto jaso ditu.

10- Ping pong mahaiak Berezikoetxen. 10.000 euroko aurrekontua duen eskaera onartu da, 22 botorekin.

11- Plastikozko tapoiak batzeko ontziak. Aperribain, Galdakao erdigunean eta Usansolon plastikozko tapoiak jasotzeko edukiontziak jartzea onartu da. 15.000 euroko aurrekontua du proposamenak eta 17 boto jaso ditu.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak