→Galdakao

Hiru milioi euro gutxiago izango ditu Galdakaoko Udalak 2021ean inbertsioetarako

Datorren urtean 33 milioi euroko aurrekontua izango du Udalak, 2020an baino 4,2 milioi euro gutxiago.

2021ean 33 milioi euroko aurrekontua izango du Galdakaok, 2020an baino 4,2 milioi euro gutxiago // Geuria

2021eko aurrekontua prestatzen ari da Galdakaoko udal gobernu taldea. Datorren urtean 33 milioi euroko aurrekontua izango du Udalak, 2020an baino 4,2 milioi euro gutxiago. “Egungo krisiaren eraginez, diru-sarrerak gutxitu egingo dira 2021era begira, eta hortaz, aurrekontua egungo beharretara egokitu behar izan dugu”, dio Iñigo Hernando Arriandiaga alkateak: “Arlo batzuetan diru-partidak indartuko ditugun bitartean, beste batzuetan txikitu egin beharko ditugu”, dio Hernandok. Ildo horretan, indartu egingo dituzten arloak dira: arlo soziala, sustapen ekonomikoa, hezkuntza eta informatika. 

Arlo sozialari dagokionez, Gizarte Zerbitzuen aurrekontua % 8,64 handituko dute. Besteak beste, larrialdietarako laguntzetara 180.000 euro gehiago bideratuko dituzte, eta banakako laguntzetara 135.000 euro gehiago. “Gainera, bakarrik bizi diren pertsonentzako 48.000 euroko partida gordeko dugu”, dio Maite Arandia Ogasun arloko zinegotziak: “Pertsonak, haien beharrak eta zaintza erdigunean jarri nahi ditugu”. Sustapen ekonomikoa arloak % 8,62 gehiago izango du, hau da, 70.000 euro gehiago: “Merkataritza laguntzeko eta indartzeko sarea eratuko dugu, eta digitalizazio bidean, merkataritzari begira gune digitala izan dezaten lan egingo dugu”, dio Hernandok. Hezkuntza eta Euskara arloak % 7ko igoera izango du (24.000 euro gehiago): “Euskara eta hezkuntza indartuko ditugu, eta ekimen batzuk garatuko ditugu”, dio Arandiak: “Barrura begira, udaletxera begira, euskalduntzea sustatuko dugu”. Eta azkenik, informatikari dagokionez, arlo honek % 51eko igoera izango du, hau da, 65.000 euro gehiago: “Modernizazioa eta digitalizazioa bultzatuko dugu. Batez ere administrazioan. Arreta telematikoa hobetzeko urratsak emango ditugu”, dio Hernandok.

Beste zenbait arlotan diru partidak txikitu egin behar izan ditu udal gobernu taldeak. Esaterako, hirigintza arloan % 5eko jaitsiera emango da eta alkatetzari dagokionez % 27 gutxiago bideratuko dute. 

% 75 gutxiago inbertsioetarako

2021era begira 4,2 milio gutxiago izateak inbertsioetan eragin handia izango du. Izan ere, 2020an baino 3 milioi gutxiago inbertituko dituzte 2021ean: “Egungo egoerak behartu gaitu inbertsioak murriztera. % 75 gutxiago izango ditugu inbertsietarako”, dio Galdakaoko alkateak. Guztira 1,2 milioi euro erabiliko dituzte 2021ean inbertsioetarako (2020an 4,2 milioi euro izan dira). “Inbertsioen atalean, gure apostua da herritarren proposamenak gauzatzea. Aurrekontu parte-hartzaileak oso garrantzitsuak dira guretzat eta horregatik aurreikusita genuen milioi horri eutsiko diogu”, dio Hernandok. Zentzu horretan, galdakoztarrek proposatutako 11 jarduketa txertatu dituzte datorren urteko aurrekontuan. Hala nola, tenis eta padel pistak eraikitzea; Aperribaitik Galdakao erdigunera bidegorria egitea; Usansolon Skatepark bat eraikitzea; Sixta Barrenetxeako biribilgunea txikitzea; Unkinako igerilekuaren sarrera berotzea; Usansoloko parke berrian tirolina bat jartzea; Unkinako kiroldegian foko berriak ipintzea; Urreta ikastetxeko aldageletan berogailuak jartzea; tenis kantxak egitea; Berezikoetxen ping pong mahaiak jartzea; eta Aperribain, Galdakao erdigunean eta Usansolon plastikozko tapoiak batzeko edukiontziak jartzea.

Aurrekontuaren zirriborroa oposizioan dauden taldeei helarazi die udal gobernu taldeak. Ondoren, elkarrizketak hasiko dituzte, eta abenduaren 2an egingo duten ez-ohiko osoko bilkuran eztabaidatuko dute. 

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak