→Galdakao

39 milioi euroko aurrekontua izango du Galdakaok 2022an, “inoizko handienak”

Abenduaren 3ko ezohiko osoko bilkuran onartu zuten 2022ko aurrekontua // Galdakaoko Udala

2022ko aurrekontua onartu dute Galdakaon: 39,4 milioi euro izango ditu Udalak, aurreko urtean baino sei milioi gehiago eta pandemia urtean baino bi milioi gehiago. “Inoizko konturik handienak” direla diote udal ordezkariek. Giza Baliabideetara 11,4 milioi euro bideratuko dituzte (iaz baino % 9,26 gehiago); Ogasun eta Ondarea arloak 813.700 euro izango ditu (iaz baino % 14,38 gehiago); Hezkuntza eta Musika Eskolara 1,2 milioi euro bideratuko dituzte (% 3,76 gehiago); Gizarte Ekintza, Enplegua eta Sustapen Ekonomikora 5,2 milioi euro (% 11,63 gehiago); Kultura, Kirola, Jaiak, Berdintasuna eta Gazteriara 4 milioi euro (% 13,16 gehiago); Hirigintza, Ingurumena eta Etxebizitzara 14 milioi euro (% 35,07 gehiago); Euskara eta Euskaltegira 1,3 milioi euro (% 5,72 gehiago); Udaltzaingora 313.232 euro (% 3,53 gutxiago); Informatika, Idazkaritza eta Zerbitzu Orokorretara 931.360 euro (% 49,69 gehiago); eta Alkatetzara 314.300 euro (% 0,55 gutxiago). “Kopuruari dagokionez, aurrekontuan % 18,33 gehiago izateak hazkunde ikuspegia ekarriko dio herriari, eta aipagarria da igoera hori tasa eta zergak handitu gabe egin dela”, dio Maite Arandia Ogasun arloko zinegotziak.

“Kontuek gordetzen duten filosofiari dagokionean, oinarrian aniztasuna eta parekidetasuna daude”, dio Arandiak: “Aurrekontu solidario eta sozialaren proposamena da aurkeztutakoa, pertsonak udal ekintzaren erdigunean jartzen dituena, eta ondorioz, herritarrei bizitza erraztea du helburu. Norabide hori erakusten duten eta diruaren zati handi bat eramango duten hainbat proiektu burutuko ditugu aurten”. Besteak beste, etxebizitza alorrean, alokairu baxuko 60 etxebizitza eraikiko dituzte Ibarluzen: “Etxe gabeziak herrian gehien eragiten dien kolektiboei zuzenduta egongo dira bizitoki horiek, eta Eusko Jaurlaritzarekin lortutako akordio bati esker, proiektua diruz lagunduko du Jaurlaritzak”, dio. Guztira 7,4 milioi euroko kostua izango du proiektuak, eta horietatik 2,4 milioi euro Eusko Jaurlaritzak ordainduko ditu diru laguntza bidez. 2022ra begira Eusko Jaurlaritzaren diru laguntzaren zati bat dagoeneko jaso du Udalak (480.000 euro), eta Udalak aurten 1,7 milioi euro bideratuko ditu. “Beste hainbat neurri ere hartuko dira etxebizitzaren inguruan datorren urtean: larrialdi egoeretarako diren udal etxebizitzei helduko zaie, eta beharrezko altzariak erosiko dira larrialdi egoeretan erabilgarri egon daitezen. Bestetik, hutsik dauden etxebizitzak alokairuan jar daitezen sustatuko dugu, esaterako”, dio Arandiak.

Udalerriko auzoak lotuko dituen hiri autobusa martxan jartzea ere izango da Udalaren beste urrats bat: “Herritarrek urtetan eskatu duten autobusa aurten martxan jarriko dela ziurtatzeko 275.000 euroko partida bideratuko dugu”, dio Arandiak. Era berean, planetaren iraunkortasuna ahalbidetuko duten neurriak; gizonen eta emakumeen berdintasun eta ekitaterako neurriak; euskara suspertzearen aldekoak; eta herritarren parte hartzea bermatuko duten neurriak ere jasotzen ditu datorren urterako aurrekontuak. “Azken honekin lotuta, bai erabakietan eta bai edozein motako ekintzetan parte hartu ahal izateko informazioa herritarrei helarazteko baliabideetan zein gardentasunean sakontzekoetan ere inbertituko du Udalak”, dio. Aurrekontu parte hartzaileei dagokienez, Ibaizabal ingurua atontzea erabaki zuten herritarrek, eta Udalak milioi bat euro jarriko ditu proiektu horretarako: “Hala ere, egitasmo handia da eta denboran luzatuko da. Lanak ezingo dira urte bakarrean amaitu. Hortaz, 2022rako aurrekontuan 500.000 euro gorde dira herritarren erabakia gauzatzeko, eta 2023an beste horrenbeste egingo da”, zehaztu du Arandiak.

Kulturaren alde ere apustu irmoa egiten jarraituko du Galdakaoko Udalak. Esate baterako, Sormene Sorkuntzen Plaza egitasmoa berriro antolatuko dute 2022an: “Urteotan hainbat egitasmoren bidez egiten ari den ahaleginari esker, kultur erreferente bihurtzen ari da Galdakao Euskal Herri mailan, eta bide horretan jarraituko da aurten ere”, dio Arandiak. Sormene antolatzeko iazko aurrekontua 100.000 eurokoa izan zen, eta 2022ra arte du kontratua, 2023an ere luzatzeko aukerarekin. Udal ordezkariek adierazi dutenez asmoa da diru kopuru berari eustea urtero, etorkizunean ere jarraitzeko helburuz. Halaber, memoria historikoa berreskuratzea ere izango da Udalaren beste apustuetako bat, eta Alkatetzara bideratutako diru kopuru gehiena horrexek eraman du: “Gainera, aurten 85 urte beteko dira Galdakao bonbardatu zutena, Tximiolarreko aterpea erabilgarri jar daitekeen aztertzeko ikerketa egingo dugu, 1936ko Gerraren inguruko azalpen-panel gehiago jarriko ditugu herrian zehar, eta 1938an fusilatu zuten Pedro Asuaren gorpuzkiak Galdakaora ekartzeko ahaleginean jardungo du Udalak”, dio. Bestetik, udal langileak egonkortzeko hainbat prozesu egingo ditu Udalak aurten. 2022rako eta 2023rako lantzen ari diren Lan Eskaintza Pubilkoak garatzeko partidak sartu dituzte, baita 2022rako Lan Eskaintza Publikorako beste deialdi bat egiteko ere.

Babes osorik gabe

Gobernu taldea osatzen duten EH Bildu, Auzoak, Usansolo Herria eta Podemoseko zinegotzien aldeko botoekin, EAJko zinegotzien abstentzioarekin eta PSEko ordezkarien eta atxiki gabeko zinegotziaren kontrako bozkarekin onartu zuten abenduaren 3an 2022ko aurrekontua. Oposizioko alderdiek, atxiki gabeko zinegotziak izan ezik, zuzenketak aurkeztu zizkioten aurrekontu proposamenari, eta bai EAJk eta bai PSEk aurkeztutako batzuk gehitu dituzte aurrekontuan. Horiek dira: EAJren eskariz, Bekeako harraska konpontzea, Abusu-Bekearako sarrera egokitzeko proiektua egitea, eta Unkina eskolako saskibaloi gunea estaltzea; PSEren eskariz, Urtebieta eta Zuhatzaurre arteko arrapalen proiektua egitea onartu da. Atxiki gabeko zinegotziak ez zuen zuzenketarik erregistratu, baina, hala ere, bere proposamenak “aintzat” hartuko direla jakinarazi dute gobernuko ordezkariek, eta esaterako, Olabarrieta-Trokako argiteria hobetuko dela.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak