→Galdakao

Asteburuan ez da gaueko autobus eta lanzadera zerbitzurik egongo Galdakaon, herritik kanpoko jendearen joan-etorriak saihesteko

galdakao lanzadera metro
Metroko lanzadera Galdakaon / Galdakao Udala

Joan den asteburuan Galdakaon izan ziren istiluen ondoren, neurriak hartu ditu Galdakaoko Udalak, Udaltzaingoarekin eta Ertzaintzarekin elkarlanean. Lehenik eta behin, asteburuan zehar Udaltzaingoaren presentzia areagotu egingo dela jakinarazi Udalak. Horrez gain, herritik kanpoko jendearen etorrerak prebentzio neurriak zaildu egiten dituela ondorioztatu dute. Hortaz, asteburuan gaueko autobus eta tren zerbitzuak kentzeko premian bat egin dute Galdakaoko Udaleko, Udaltzaingoko eta Ertzaintzako buruek, eta hala egin dezatela eskatu zaie Bizkaiko Foru Aldundiari eta Eusko Trenbide Sareari.

Ondorioz, gaur ostirala eta bihar larunbata gauetan ez da Galdakaorako autobus zerbitzurik izango. Zehazki, Bilboko Metrotik Galdakaorako eta Galdakaotik Bilboko Metrorako lanzadera zerbitzua eten egingo da bi gauetan. Galdakaotik 22:35ean abiatuko da 3932 linearen azken autobusa, eta Bilbotik 22:00etan.

“Datozen egunetan herrian guztion ongizatea lehenetsi eta egun hauek elkar errespetuzko giroan eman daitezen, berriz ere, arduraz jokatzera eta elkar zaintzera deitu nahi ditu Galdakaoko herritar guztiak, nagusi, gazte zein heldu. Arduratsu jokatuta, aurten santakurtz jairik ez egitea erabaki genuen. Herritarrei, erantzukizun indibidual eta kolektiborako deia errepikatzen dizuegu”, adierazi dute Jai Batzordeak eta Udalak.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak