→Galdakao

Autonomoek eta mikroenpresek 1.000 eurora arteko laguntzak eska ditzakete Galdakaon

Covid-19ak eragindako kalte ekonomikoa arintzeko diru-laguntzak eskatzeko epea zabalik egongo da uztailaren 10etik abuztuaren 7ra bitartean.

Diru-laguntza hauek eskatzeko epea zabalik egongo da uztailaren 10etik abuztuaren 7ra arte // Argazkia: Galdakaoko Udala

Covid-19ak eragindako kalte ekonomikoa arintzeko asmoz, Galdakaoko Udalak autonomoei eta mikroenpresei zuzendutako diru-laguntzen behin-betiko oinarriak onartu ditu. Zehazki, herriko dendariak, ostalariak eta enpresa txikiak zein ertainak (ETE) laguntzeko milioi bat euro bideratuko du Udalak. “Kopuru hau handitzeko aukera dago, baldin eta eskatzaile guztientzat diru nahikorik ez balego”, diote Udaletik.

Eskatzaile bakoitzak, baldin eta lokala Galdakaon badu, gehienez, 1.000 euroko laguntza eska dezake, eta lokalik ez duenak 350 euro jasoko ditu. Besteak beste, lokalaren alokairua ordaintzen laguntzeko, aseguruak ordaintzeko, edota Internet, telefono eta energia elektrikoaren hornidura ordaintzeko erabiliko dute onuradunek diru-laguntza.

Laguntza ekonomikoa eskatu dezakete norbere konturako langileek edo autonomoek, ondasun erkidegoek, sozietate zibilek eta mikroenpresek. Pandemiaren eraginez itxita edota fakturazioa % 75 baino gutxiagokoa izatea; egoitza fiskala Galdakaon izatea eta jarduera udalerrian gauzatzea, edo Galdakaoko Udalak emandako taxi lizentzia izatea; eta jarduera ekonomikoan altan izatea 2020ko martxoaren 14a baino lehen dira diru-laguntza jasotzeko betekizun batzuk.

Diru-laguntza hauek eskatzeko epea zabalik egongo da uztailaren 10etik abuztuaren 7ra arte. Eskaerak udal webgunearen bitartez egitea gomendatu dute Udaletik. Hala ere, salbuespen gisa, udaletxeko bulegoetan ere eskaera egiteko aukera egongo da, aldez aurretik hitzordua eskatuta (uztailaren 6tik aurrera). Laguntza hauek bateraezinak dira Lanbidek langile autonomoentzat deitutako diru-laguntzekin, hau da, Lanbidek finantzatutako alokairu gastuak ezingo dira diru-laguntza hauekin finantzatu.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak