→Galdakao

Azken Gudaria oztopo lasterketak 400 partaide bildu nahi ditu Galdakaon, irailaren 29an

Azken Gudaria Herri Kirolen lehen oztopo lasterketa izango da Galdakaon irailaren 29an. Lasterketak 10 kilometro eta guztira 30 oztopo izango ditu.

Ibilbidearen berri eman dute gaur Azken Gudaria lasterketako antolatzaileek // Argazkia: Geuria

Herri Kirolen lehen oztopo lasterketa ospatuko dute Galdakaon irailean. Azken Gudaria da probaren izena eta irailaren 29an, igandez, izango da Galdakaotik zehar. Lasterketak 10 kilometro eta guztira 30 oztopo izango ditu. “Herri Kirolek presentzia handia izango duten oztopo lasterketa honetan. Euskal Herrian egiten den lehenengo aldia da, eta hortaz, oso gogotsu gaude”, diote antolatzaileek. Horrelako lasterketetan ohikoak diren oztopoak izango ditu probak, baina garrantzia handiena Herri Kirolek izango dutela adierazi dute.

Oztopo lasterketa Urreta kiroldegian hasi eta bukatuko da, eta Aranzelai, Urreta, Tximelarre, Torrezabal, Kurtzea, Ardanza parkea, Elexalde, igerilekuak, Errekalde, Kurtzea eta Urreta zeharkatuko ditu. Proba 10:00etan hasiko da eta 150 parte-hartzaileren txandatan abiatuko da (20 minuturo irtengo da txanda bakoitza). Elite maila eta maila herrikoia izango dira.

Azken Gudaria oztopo lasterketako ibilbidea // Azken Gudaria

Azken Gudaria lasterketak izango dituen oztopoen artean daude: gurpilak, alanbre-hesia, amarauna, murruak, psnumatiko-sarea, lupetzesko lubakiak, piramidea, Troiako zaldia, zintzilikatutako oztopoak, lasto altxatzea, zaku eramatea, ingude altxatzea, paddle surf, pedboard bertikala, hodia, txingak edota lokots biltzeak.

Partaidetzari dagokionez, 400 lagun inguru biltzea espero dute antolatzaileek. “Hala ere, ez diogu garrantzia handia emango partaideen zenbatekoari. Garrantzitsuena proba ondo irtetea da. Dena ongi joatea eta kalitatezkoa izan dadila bilatuko dugu”, diote. Parte hartzeko interesa dutenek izena eman behar dute www.azken-gudaria.com webgunean. Elite kategorian prezioa 49 eurokoa da, eta kategoria herrikoian 35 eurokoa. “Momentuz, izena eman dutenen % 20a baino ez dira Galdakaokoak. Egoera aprobetxatuta, galdakoztarrak animatu nahi ditugu izena eman dezaten. Lasterketa dibertigarria izango da. Helburua ondo pasatzea da. Jendeak ez du beldurrik izan behar, edonork egin dezakeelako”, diote.

Antolatzaileek jakinarazi dutenaren arabera, Elite mailan pertsona ezagunak lehiatuko dira. Besteak beste, El Conquistador telebista saioko zenbait partaide (tartean, Nekane Arroyo galdakoztarra eta Irati Beorlegi hendaiarra).

Azken Gudaria oztopo lasterketa berria da. Joan den otsailean eman zuten lasterketa honen berri. Galdakaoko aurreko udal gobernu taldeak bultzatu zuen proba, eta oraingo udal gobernu taldeak erreleboa hartu du.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak